Diputatu nagusiak eta Beasaingo alkateak bilera egin dute herriko egitasmo nagusiak partekatzea helburu; Etorkizuna Eraikiz kapsularen bitartez herrian jasotako ekarpenak aztertu dituzte

Markel Olano Diputatu nagusiarekin batera, Maite Peña gizarte politiketako diputatua, Miren Elgarresta Diputazioko berdintasun zuzendaria eta Leire Artola alkatea, Beasainen zehar hainbat merkatariekin elkarrizketatu dira Herrilab3B ekimenaren baitan, merkataritzaren ordutegiaren aldaketan egiten ari diren esperimentu pilotuaren inguruan iritzi trukea egiteko

Etorkizuna Eraikiz programari lotuta, lurralde osoko etorkizuneko egitasmoak ezagutu eta herritarrek egindako ekarpenak aztertzeko herriz herriko bilerak egiten dihardu Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok. Gaurkoan Leire Artola alkatearekin elkartu da Beasainen, herriko proiektu nagusien inguruko ikuspegiak partekatu asmoz. Gainera, bi erakundeen arteko elkarlan lerroei buruzko analisia egin eta Etorkizuna Eraikiz kapsularen bidez jasotako proposamen eta iritzi nagusiak aztertu dituzte.

“Pertsona orori lana, babesa eta etorkizuna eskainiko dien lurraldea izan nahi du Gipuzkoak, etorkizunean ere. Horretarako lanean dihardugu buru-belarri, pandemiaren krisialditik atera eta gerora begirako politikak martxan jarriz. Horretarako, ezinbestekoa da elkarlana. Batetik, erakundeen arteko lankidetza eta harreman lerroak estutzea eta, bestetik, herritarren proposamenak eta iritziak jasotzeko bideak indartzea”, adierazi du diputatu nagusiak, Beasaingo alkatearekin bilera egin ostean. Lan bileran hartu dute parte, baita ere, Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatuak eta Berdintasuneko foru zuzendariak, Miren Elgarrestak.

Hain zuzen ere, joan den urteko ekainaren 24an Beasainen kokatu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak Etorkizuna Eraikiz kapsula, non galdetzen zitzaien herritarrei Gipuzkoak 2040an zein balio mantendu beharko lituzkeen. Diputatu nagusiak azaldu duenez, pandemia egoera dagoeneko bi urtez luzatzen ari den honetan, “ezinbestekoa” da gipuzkoarrei entzun eta “gizartean pil-pilean dauden beharrizan, balio eta proposamenak” jasotzea. Horretarako “tresna eraginkorra” izaten ari da aipatutako egitasmoa eta dagoeneko 18 herri eta lau unibertsitate campusetan egon da, gipuzkoarrengandik 2.500 ekarpen baino gehiago jasoz. Ibilbide honetan guztian jaso diren eta jasoko diren ekarpen guztiak foru erakundearen aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan kontuan izango dira, gaur diputatu nagusiak jakinarazi duenez.

Ingurumena, garraioa eta tokiko azpiegiturak

Olanoren iritziz, lurralde osoan “gobernatzeko modua” eraldatzen ari da Etorkizuna Eraikiz. “Gipuzkoaren etorkizuneko desafioei erantzun asmoz, egitasmo hau 2016an martxan jarri zenetik, dagoeneko 125 herritarren proiektu sustatu ditugu, 32 proiektu esperimental abian dira eta bederatzi erreferentzia zentro garatu ditugu erronka sozial eta ekonomiko guztietan eragiteko”, aipatu du diputatu nagusiak. Ahalegin horretan guztian, nolanahi ere, “funtsezkoa” da udalerrien eta herritarren beraien partaidetza bultzatzea. “Gainontzeko erakundeen, enpresen, gizarte eragileen eta, oro har, herritarren parte-hartzeak indar handia ematen dio gobernantza eredu berri honi. Denon ekarpena eta konpromisoa ezinbestekoa da, geroa guztion artean eraikitzeko”, gehitu du.

Beasaindarrengandik, hain zuzen ere, 140 ekarpen inguru jaso zituen kapsulak eta horietatik, besteak beste, ingurumenari –naturaren zaintza, birziklapena eta berriztagarriak, kasu–, garraioari –garraio publikoa eta aparkalekuak– eta tokiko azpiegiturei lotutako balioak izan ziren nagusi. Horien ondotik, berdintasuna, euskararen erabilera eta politika egiteko moduen berritzea izan dira herritarrek beren ekarpenetan nabarmendutako balioak.

Leire Artola Beasaingo alkateak nabarmendu duenez, Udalak eta Aldundiak elkarlanerako duten borondatearen beste adibide bat da Etorkizuna Eraikiz kapsula. Herritarren ekarpenak entzun eta erantzun egin behar direla berretsi du alkateak. “Herritarrengandik gertuen gauden erakundea gara, gertutasunetik, konponbidea aurkitu behar diegu herritarren beharrei, Aldundira eta behar den tokira joz zubilanak eginez”. Jasotako ekarpenei erreparatuz, “ez dira guretzako arrotzak herritarrek adierazitakoak. Hori horrela, Udala ari da lanean ingurumena, garraioa, euskara, ekonomia edo berdintasunaren gainean proiektu eta ekimen ezberdinak abian jarriz” erantsi du Leire Artolak.   

Bileran aztergai izan dute, Beasain Berdintasunean Bizi lemapean, herrian abiarazitako Herrilab3B kontziliazio erantzunkideko laborategia, modu berezian denden ordutegia egokitzeko martxan jarritako esperientzia pilotoa. Azken ekimen horretan parte hartzen ari diren hainbat merkatarirekin egon ostean Markel Olanok aditzera eman duenez, “gerora begira” eraikitzen ari garen gizarte honetan, gipuzkoarrok esku artean dugun “desafio nagusietako bat” da gizon-emakumeen berdintasuna.

Herrilab3B: beasaindarrak, aitzindari

“Emakumeek berdintasun osoz eta askatasunez beren bizitza profesionala eta pertsonala garatzea ezinbestekoa da eta, horretarako, kontziliazio erantzunkidea errealitate bilakatu behar dugu”, adierazi du diputatu nagusiak. Erronka horretan Beasaingo herriak, beasaindarrek eta, batez ere, herriko merkatariek hartu duten “aitzindaritza” nabarmendu du. “Gipuzkoa osorako eredu da Beasainen egiten ari zaretena. Herritar orok bere lana, aisialdia, etxekoak eta gure burua zaindu dezan nahi dugu, berdintasunez”, aipatu du.

Etorkizuna Eraikiz erantzuna 20220216 9 Etorkizuna Eraikiz erantzuna 20220216 37