Diru laguntzak 18-35 urte bitarteko gazteei eta mugikortasun urria dutenei zuzenduta daude eta Igunean edo erregistro elektronikoan egin daitezke eskaerak

Beasaingo Udalak 2022. urtean etxebizitzaren alorrean 18-35 urte bitarteko gazteei eta mugikortasun urria dutenei etxebizitza alokatzeko erraztasunak ematea du helburu. Herritar sektore ezberdinen egoera eta beharrak kontutan hartuta, horie erantzun eraginkorra emateko erabakia hartu eta laguntza hauek banatzeko prozedura abian jarri du. 

Kolektibo hauetan arreta jarriz, euren testuingurua eta baliabide ekonomikoak kontuan hartuta, laguntza hauen xedea etxebizitza eskuratzen laguntzea da eta ondorioz, emantzipazioa sustatzea.

Izan ere, gaur egungo gazteen arazo handienetako bat emantzipatzeko ezintasuna da. Lan baldintzak, diru-sarrerak, eta etxebizitzen prezio altuek asko oztopatzen dute bizitza autonomo bat eraikitzen hastea. Mugikortasun urria dutenek ere etxebizitzaz aldatzeko edo euren egoerari egokitutakoa lortzeko bidea erraztea ere bada asmoa.

Diru laguntza hauek banatzeko ekimenarekin helburu hirukoitza lortu nahi da; gazteen emantzipazio bidean laguntzea, mugikortasun urriko pertsonek oztopo arkitektonikorik gabeko etxebizitzak izatea eta etxebizitza hutsen merkaturako sarbidea sustazea.

Eskabideak aurkezteko epea 2022ko azaroaren 31ra arte egongo da irekita. Diru laguntza eskatzen dutenek eskaera orria eta aurkeztu beharreko agiriak iGunean aurrez aurre aurkeztuta, aurretiko txanda eskatuta egin ahal izango dute edo eskaera orria Beasaingo Udalaren web orritik jaitsi eta inprima daiteke. Beste bidea, Udalaren erregistro elektronikoaren bidez aurkeztuta egin daiteke. Gehieneko diru laguntza hilean 250 eurokoa eta 12 hilabetekoa izango da.