Herritar hauen gizarte premiak eta arriskuak antzeman eta etxeko suteak prebenitzeko zerbitzua kontratatzeko baldintza pleguak onartu dira

Ekimenak hasiera-hasieratik lortu nahi izan du erabiltzaileen bizi-kalitatea hobetzea, beren ohiko bizitokian ahalik eta denbora gehien bizitzen jarrai dezaten

Beasaingo Udalak, adinekoen etxeetan dauden arriskuak gutxitzeko asmoz, suteak prebenitzeko sistema berriak jartzeko zerbitzua ematen jarraitzen du, eta erabiltzaileen beharren balorazioak egiten ditu. Era berean, urteko berrikuspenak egiten jarraitzen da aurreko urteetan instalazioa egin zen etxebizitzetan.

Zerbitzu honen bidez, Beasainen bakarrik edo adin bereko edo gehiagoko beste pertsona batekin batera bizi diren 80 urtetik gorako pertsonen kalteberatasun-egoera ezagutu nahi da. Kolektibo horri kalitatezko babesa eskaini ahal izateko, Udalarentzat lehentasunezkoa da bere gizarte-beharrak eta arrisku-egoerak antzematea, beharrezkoak diren gizarte-prestazioak eta -zerbitzuak eskaintzeko. Ekimenaren helburua, gainera, pertsona hauek beren ohiko etxebizitzan ahalik eta denbora gehien eta baldintza onenetan bizi ahal izatea da.

Biztanleriaren zahartzeak premia berriak dakartza berekin, eta horiei aurre egin behar zaie. Adinean aurrera egin ahala eta, batez ere, bakarrik bizi diren pertsonen kasuan, haien bizi-kalitatean zuzenean eragiten duten hauskortasun edota arrisku adierazle gehiago ikus daitezke. 

Suteen prebentziorako detektagailuak 

Suteen jatorria hainbat faktorek eragiten dituzte, eta horietako batzuk aurreikusi ezinak izan daitezkeen arren, normalean etxebizitzaren egoera eta giza faktorea erabakigarriak izaten dira. Horri dagokionez, Beasaingo Udalaren eskumena izanik gizarte-zerbitzuak antolatzea, planifikatzea eta kudeatzea, pertsona kalteberen etxeetan suteak prebenitzeko sistemak jartzea eta berrikustea funtsezkoa da horrelako arriskuak minimizatzeko.

Azpimarratu behar da, azken lau urteetan, Beasaingo Udalak 303 pertsona dauzkala “Premia sozialak eta arriskuak detektatzeko eta suteak prebenitzeko” zerbitzuan. Udalaren helburua arlo honetan aurrera egiten jarraitzea da, urtero 50 pertsona gehiagorengana iritsi ahal izateko. 

Beasaingo gizarte ongizate saila Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. 943 028075