Herritar, elkarte eta enpresen  ordezkariek osatuta,  jasangarritasun energetikoaren alorrean organo aholku-emailea izatea du xede

Beasaingo Jasangarritasun Energetikoaren Batzordeak hasi du bere ibilbidea. Udaletxean burutu den lehen bileran, batzordea osatzen duten partaideen aurkezpena egin du batzordeko presidente kargudunak, Leire Artola alkateak. 

Berarekin batera ordezkari hauek osatzen dute batzordea udalbatzaren agintealdiak iraun bitartean; lehendakariorde, Lurralde batzordeburua Adur Ugartemendia. Udal batzordekideak, Edorta Díaz (EAJ), Ainara Ayestaran (EAJ), Nerea Manzisidor (EHBildu), Mikel Olano (EHBildu) eta Angel Redondo (Euskal Sozialistak). Langileen ordezkariak, Lander Martin. Beasaingo enpresen ordezkaria, Jokin Barandiaran (Barandiaran Zeramikak). Eskola Agenda 2030etik Lide Aristegi. Energia ikasketak edo formazioa duten herritarretatik; Eider Iribar eta Gorka Apaolaza. Eta idazkari lanetan Rosa Aurkia (Laia Koop) udal ingurugiro teknikaria. 

Parte hartzea ziurtatzea

Ondorioz, Jasangarritasun Energetikorako Partaidetza Batzordeak, jasangarritasun energetikoaren alorrean organo aholku-emailea izatea izango du eginkizun. Batzorde honen helburua, Beasaingo Udalaren jasangarritasun energetikoko politiken diseinuan eta erabakietan gizarte eragileek, elkarteek, erakunde publiko adituek, gizartearen ordezkariek eta langileen ordezkariek benetan parte hartzen dutela ziurtatzea da.

Aldi berean, Batzordearen osaketan parte hartu gabe ere ekarpenak helaraztea posible izango dute herritarrek. Horretarako talde politikoetako ordezkariez baliatzeaz gain, IGuneako arreta zerbitzura zuzendu daitezke, aurrez-aurre edo modu telematikoan.

Lehen bileran aztertu dituzten gaiak, batzordearen osaketa, Jasangarritasun Energetikoaren inguruko legearen aurkezpena, Batzordearen helburuen aurkezpena eta legegintzaldi honetako ekintza energetikoen aurkezpena izan dira.  

Udalaren helburuak 

Beasaingo kasuan, Udalak bere egiten dituen helburu xehetuak aurkeztu ditu:  

  • Udal eraikinen, instalazioen eta parke mugikorraren inbentarioaren onarpena proposatzea.
  • Udalean energiaren inguruan landuko diren gaien egoeraren azterketa sustatzea.
  • Energiarekin zerikusia duten udal politikaren jardun-ildoak proposatzea.
  • Gaiarekin lotutako udalaren plan eta politiken jarraipena egin eta eragina aztertzea.
  • Legea betetzeko hartutako neurrien garapena gainbegiratzea eta bermatzea, bai eta bertan ezarritako helburuak betetzen direla ere.
  • Udalaren jarduketa-plan energetikoaren egoerari eta garapenari buzuko informazioa ematea.

Ingurugiroaren babesa eta jasangarritasunarekiko udal konpromisoa

Udal gobernuak ingurugiroaren babesa eta jasangarritasunarekiko duen konpromisoaren bidetik, beste urrats bat eman du Batzorde hau abiatuz. Udalbatza osoaren onespena eta Beasaingo Jasangarritasun Energetikoaren Batzordearen araudiari onespena emanda orain, batzordea abian jartzeko garaia iritsi da.