MUSIKARIAK
XABIER CREHUET Kantautore, konposatzaile eta musikaria.
Pop-folk estilo intimistan sailkatzen dute eta bakarka jo ohi du, beti ere, formatu akustikoan. 2018an kaleratu zuen Izaki Primitiboak bildumaren ostean, 2020an Gautar izeneko diska argitaratu zuen. Inspirazioa, sormena, ideiak eta argitasuna gaueko momentu isiletan azaleratzen zaizkio. Beharragatik eta plazeragatik kantatzen du. Bere kantak gauez entzuteko eta egunez abesteko dira, edo alderantziz.
AINGERU MAYOR Sexologoa eta samurtasun tailerretako sortzaile eta bidelaguna.
Neskak eta mutilak eta Tránsitos liburuen egilea. Naizen elkarteko kidea. Hainbat proiektu eta sormen prozesutako endredatzailea.
Sevillako Gustavo Olmedo musikari eta ekoizlearekin musika proiektu batean murgilduta dabil: dagoeneko Tu esencia kanta argitaratu
dute eta orain samurtasunari buruzko diska bikoitz bat prestatzen ari dira. Maitatzeari buruzko galderen bilatzailea. Serioa bezain jostalaria.
EKAITZ GOIKOETXEA Sortzailea, bertsolaria eta hitzen magoa.
Hainbat bertsopaper sariketa irabazia. Huntza eta beste hainbat musika talderen abestietarako letrak idatzi ditu.
Trans-Formatzen dokumentalaren zuzendaria. Egun, Josu Maroto marrazkilariarekin Balio erantzia erakusketa aurkezten dihardu herriz herri, eta baita Kimua Dantza Kolektiboarekin GenEroa emanaldia oholtzaratzen ere. Balio erantzia liburuaren egilea. Edertasuna sortzeko duen gaitasuna bere bihotza bezain handia da.
KONTZERTUAREN SINOPSIA, musikarien hitzetan
“Ikuskizun honetan hitzak eta musika jartzen dizkiogu maitatzeari. Poesia eta kantak. Akordeak eta konpasak, xuxurlak eta oihuak, errimak eta arritmiak, ipuinak eta bertsoak. Hitz goxoak eta hitz lizunak... Baita isiluneak ere.
Maitasunari baino, maitatzeari kantatzen diogu. Egiten den maitasunari, maitatzearen arteari. Maitatzeko gaitasunari eta baita zailtasunei ere. Maitatua izatearen eta maitatzearen beharrari. Maitemintzeari eta, batez ere, maitepozari. Maitaleen arteko erotikari. Bihotz itxurako emotikono gorriek erakusten ez dituzten ertz eta zirrikituei...
Maitatzea ez ezik, beste hainbat gai ere la(zta)ntzen ditugu: gizontasun ereduak, sexu-identitatea eta transexualitatea, bikote harremanak eta askatasuna, kalean bizi direnen errealitatea, gerra eta bortizkeria, musikaren magia eta artearen beharra…
Amodioa nola, hala egiten dugu poesia eta musika: lasai eta goxo, emeki, akorde bakoitza zainduz, begietara begira, gozo eta gozatuz. Maitaleen jolas intimo honetan, biluztu egiten gara, gure ahots eta gitarra soil baten laguntzaz. Musikaren eta hitzen bidez ikusleak besarkatzea da gure asmoa eta, ahal izanez gero, larruazala zeharkatuz, haien bihotzak eta erraiak laztantzea ere bai”