Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Idazlehiaketa

LEXURI BASTIDA AIESTARAN

E Maila Prosa aipamen saria
Kaixo, ni Lexuri Bastida naiz 2014 ko otsailaren 14an jaio nintzen eta Altzagan bizi naizen arren Beasaingo Andramendi ikastolan ikasten dut. 5. mailan nago eta 11 urte ditut. Marraztea, musika, pilota, dantzatzea, bertsolaritza… dira nire zaletasunak. Eskolaz kanpo euskal dantzatan, bertsolaritzan eta eskola kirolean apuntatuta nago. Etorkizunean ez dakit ziur zer izan nahi dudan, aukera asko dauzkat eta. Adibidez irakaslea, musikaria, ilustratzailea, bertsolaria, dantzaria… izan nahiko nuke.
LEXURI BASTIDA AIESTARAN

EZINTASUNETIK SINESMENERA

Hegoa 12 urteko neska bat zen. Udako oporren ostean ikastolako lehen eguna zen eta andereñoak egun bat aukeratu eta egun horren marrazkia egiteko agindu zien. Hegoa muturtuta joan zen etxera, bere ustez ez baitzen oso trebea marrazten. Etxera iritsi zenean ikusi zuen ama kanpoan zegoela eta marrazkia egitea erabaki zuen. Denbora luzea eraman zuen marrazkia egin nahian, baina ez zuen lortzen. Hurrengo egunean ikastolara joan eta halaxe esan zion andereñoari:

-Andereño, ez zait marrazkia ondo ateratzen!

-Ongi da, hartu arkatz hauek eta ikusiko duzu nola ondo aterako zaizun -esan zion  andereñoak.

-Eskerrik asko -erantzun zion Hegoak zalantzati.

Hegoa etxera bueltatu zenean, andereñoak emandako arkatzekin bera bezalako ile horidun eta begi urdineko neska bat egiten hasi zen. Baina konturatu zen lehen bezala marrazten ari zela.

-Arkatz hauek ez dute ezertarako balio! -esan zuen Hegoak etsita.

Baina bat-batean… Hegoak bere hankak dardarka ari zirela nabaritu zuen.

-Lurrikara!! -oihukatu zuen Hegoak. 

Lurrikara hasi zen Hegoaren gela barruan! 

Hegoa lurrera erori, eta begiak ireki zituenean, beste mundu batean zegoela ohartu zen. Ingurura begiratu zuenean marrazki desberdinak zeudela konturatu zen. Eta mugitzen ari ziren! 

Hegoak ez zuen ezer ulertzen, harrituta eta txundituta zegoen aldi berean.

-Non nago? Nola iritsi naiz hona?- galdetu zion Hegoak bere buruari. Kezkak alde batera utzita, Hegoak eskuan zuen arkatza hartu, eta bidali zioten marrazkia egitea erabaki zuen. Poltxikoan zeukan papel zatia hartu eta marrazten hasi zen. Nahiz eta beti bezala, Hegoaren ustean ez zen behar bezain ona. Baina halako batean… egin zuen marrazkia papeletik atera,  eta egia bihurtu zen!

-Zer pasatzen ari da hemen! -esan zuen Hegoak ezer ulertu gabe. Minutu batzuen ostean Hegoak arkatza hartu, eta marrrazkiak egiten hasi zen. milaka marrazki zeuden Hegoaren inguruan. Ordu batzuk pasatu ondoren, Hegoa etxera itzultzeko ordua zela ohartu zen. Baina ez zekien nola.

- Eta orain nola itzuliko naiz etxera? -galdetu zuen Hegoak larri.

- Nik esango dizut-erantzun zion ahots misteriotsu batek.

-Nor zara zu? -galdetu zuen Hegoak, erdi beldurtuta.

-Ni  aspalditik hemen bizi den azti zahar bat baino ez -erantzun zuen gizonak.

-A ba kaixo, ni Hegoa naiz, aizu itzuli nazakezu etxera? Zu azti bat zara ezta? -galdetu zuen Hegoak.

-Nik ezin dizut zure etxera itzuli, zuk bakarrik egin dezakezu halako zerbait.

- Baina nola?? - galdetu zuen Hegoak jakinminez.

-Itxaron pixka bat. - esan zuen aztiak liburu bat marraztu bitartean.

-Hementxe dago, hemen dago etxera bueltatzeko behar duzuna - jarraitu zuen aztiak.

-Baina esan behar al didazu nola demontre itzuli etxera ? - esan zuen Hegoak pazientzia galduta.

-Lasai, lasai, liburu honen arabera egin behar duzun gauza bakarra, munduko marrazkirik hoberena sortzea da -esan zuen aztiak.

-Zer? Munduko marrazkirik hoberena? -oihukatu zuen Hegoak.

–Ezinezkoa da, ni oso txarra naiz marrazten -esan zuen Hegoak etsita.

-Hemen dauzkazu arkatzak, ezabagomak, margoak… Behar duzuna alegia. -erantzun zuen aztiak Hegoari kasu zipitzik egin gabe.

Hegoak ez zuen marrazten hastea beste irtenbiderik, arkatza ezabagoma eta dena delakoak hartu eta marrazten hasi zen. Ez dakit zenbat marrazki egin ote zituen, kontaezinak ziren. Eta beti galdetzen zion aztiari “ondo dago? Eta hau? Zer moduz hau?”  Baina aztiak halaxe erantzuten zion beti bere bizar zuria laztanduz: “ez, saiatu berriro. Berriro. Beste bat”. 

Baina halako batean, Hegoa nazka-nazka eginda zegoenean halaxe esan zuen:

-Nahikoa da! Marrazki hau baino hobeagorik ezin dut egin, eta ez zait axola besteek zer pentsatzen duten, niretzat ondo dagoelako!! 

-Kar, kar, kar, -aztia parrez lehertzen hasi zen.

-Oso ondo! Lortu duzu! Orain badakizu ez duela axola besteek zer pentsatzen duten, zuri ondo iruditzen bazaizu. Itzul zaitezke etxera -esan zuen gizonak belarritik belarrirainoko irribarre batekin.

-Baina nola itzuliko naiz? -galdetu zuen Hegoak.

-Ikusiko duzu… -erantzun zuen aztiak tonu misteriotsu batekin.

Bat-batean, berriro ere lurrikara hasi eta Hegoa etxera itzuli zen.

-Mila esker guztiagatiiiiiiiiik! - entzun zen Hegoaren oihua.

Egun hartatik aurrera Hegoa bere buruarengan konfidantza edukitzen hasi zen, marraztea ere gustatu zitzaion azkenean.

Egia edo gezurra amets egitera joan gaitezen marrazkien mundura.