Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Idazlehiaketa

MADDI AZURMENDI MENDIZABAL

D Maila Prosa 2. saria
Ni Maddi Azurmendi Mendizabal ordiziarra naiz. Jakintza ikastolan DBH2 maila egiten ari naiz. Nire zaletasunetako batzuk hauek dira: bidaiatzea, kozinatzea, lagunekin egotea, janari berriak probatzea, ahizparekin egotea eta euskal dantzak. Sekulako ilusioa egin dit sari honek. Eskerrik asko!
MADDI AZURMENDI MENDIZABAL

OPORRAK AMETS

2024/03/16

Maleta prest dut bidaia hasteko. Denbora luzea eman dut horretarako aurrezten. Halako batean, gurasoek baimena eman didate, eta  hiru lagunekin batera ezagutuko dut mundua. Bihar goizean dugu lehenengo hegazkina. Irrikatan nago gailu horretara igotzeko eta bidaia hasteko; izan ere, nire bizitzako oporrak izango dira! Datozen egun hauetan hainbat eta hainbat herrialde ezagutuko ditugu, eta, haietan, alajaina, kultura zeharo ezberdinak. A! Ahaztu egin zait neure burua aurkeztea: Yara naiz, 19 urteko neska ausarta. Bidaia honetan, Malek, Ibrahim eta Layla izango ditut bidelagun. Malekek 19 urte ditu; gainera, txikitatik ezagutzen dugu elkar,  eskolan batera ibili eta bion gurasoak lagunak baitziren. Bera arduratuko da hegazkin eta hoteletako kontuez. Laylak 18 urte bete berri ditu, oso neska alaia eta irekia da; horregatik, berak hitz egingo du bertako jendearekin. Ibrahim da denetan zaharrena, 23 urte ditu eta; hori dela eta, berak eramango ditu diru kontuak. Niri dagokidanez, gidaria izatea da nire ardura.

 

2024/03/17

Goizean goiz hartu dugu Europara joateko hegazkina; lehenengo geralekua Dublineko aireportua izanik. Dublin Irlandako hiriburua da, eta hango kulturan oso garrantzitsuak dira dantzak. Normalean, musika zeltarekin dantzatzen dituzte. Horregatik eta gaur “Saint Patrick” eguna delako, iritsi bezain pronto, dantza irlandarrak ikustera joan gara. Zur eta lur geratu naiz! Ez dakit nola egiten dituzten takoiekin mugimendu horiek eta, gainera, aldi berean musikarekin sinkronizatuta! Benetan ikusgarria izan da! Ondoren, gaur “Saint Patrick” eguna izanik, bertako “pub” batera joan gara bazkaltzera. Halaxe deitzen diete hemengo tabernei. Musikaz gozatzeaz gain, bertako jendearekin elkartu gara. Zoragarria izan da! Bazkal ostean, Guinness garagardoaren museora joan gara, eta bertan gauza mordoa ikasi dugu; adibidez, garagardoa ere Irlandako kulturaren zati garrantzitsua dela. Nahiko berandu arte geratu gara kalean, kontu-kontari. Hotz egiten du, baina tabernetako giroa izugarria da.

 

2024/03/18

Gaur goizean, Espainiara abiatu gara. Oso hegaldi motza izan dela iruditu zait. Lehenengo eta behin, Madrilen izan gara, eta bertako monumentu ospetsuenak ezagutu ditugu; baita bertako janaria probatu ere! Ba al zenekien Madril dela Europa osoko hiririk altuena? Nik ere ez nekien, baina gaur hiriburu horri buruz irakurtzen aritu eta bitxikeria hau topatu dut. Gero, iluntzean, Valentziara iritsi gara Espainia osoko jairik ezagunetariko bat ezagutzera: Fallak. Badakizu 2022an Valentzia izendatu zutela mundu osoko hiririk osasuntsuena? Oso datu interesgarria dela iruditu zaidanez, hemen txertatu dut. Fallak Valentziako festa tradizionalak dira, eta ezagunak dira hemen egiten dituzten eskultura moduko batzuei esker: ninotak izena dute. Kartoi moduko zerbaitekin egiten omen dituzte, eta biharko egunaren amaieran, su emango diete. Halako lana minutu gutxi batzuetan suaren eraginez suntsituta! Gauza arraroak egiten dituzte hemen! Gainera, liburu askotan irakurri genuen Valentzian oso ondo jaten dela: paella, fideua, hortxata eta fartons… Baneukan horiek denak probatzeko gogoa! Nik uste daukan fama merezia duela.

Hori bai! A zer nolako zarata entzun dugun! Petardoak, su artifizialak… une batzuetan, gor geratuko ginela uste nuen! Eta, esan digutenez, gaur gauekoa eta biharkoa are zaratatsuagoak izango omen dira!

Laster arte!

 

2024/03/19

Atzokoa harrigarria izan zen! Bolboraren usaina arropatan itsatsita geratu zaigula iruditzen zait… Hori bai, oraindik ere belarri barruan txistu hotsaren moduko zerbait sumatzen dut. Egia ote da gor geratu naizela?

Halere, oso-oso polita izan zen. Niretzat bizitzan behin bizi beharreko zerbait dira su artifizialak; orain arte, halako ezer ikusi gabeak ginen! Gure herrialdean, behintzat, ez dugu sekula horren gauza eder eta argitsurik ikusi zeruan…

Gaur eguerdian, gure bidaiarekin jarraitzeko, Frantziako hiriburura joan gara. Irakurri dudan artikuluan esaten zuenaren arabera, Frantzia da mundu osoko herrialderik bisitatuena, urtean 80 milioi turistarekin! Harrigarria benetan. Iritsi bezain laster, maletak utzi eta Louvre museora abiatu gara, Gioconda edo Mona Lisa artelana ikusi dugu. Nik uste nuena baina askoz ere txikiagoa da! Gero, Eiffel dorrera joan eta denbora luzea egon gara puntaraino igotzeko igogailuaren zain. Baina goitik ikusten diren bistak izugarriak dira.

Afaltzera bidean, harrituta geratu gara zenbat kale musikari zeuden. Gainera, talentu handikoak ziren! Ia txoko guztietan topatu ditugu musikariak beren musika tresnak eskuetan: kontrabaxua, tronpeta, saxofoia, ahotsa… doinu eta era guztietako musika entzun daiteke hemen… Dantzan hasteko gogoa ere jarri zaio gure Maleki eta Pariseko emakume eder batekin swing egiten aritu da.

 

2024/03/21

Gaur goizean Erromara, Italiako hiriburura, etorri gara. Eta hemengo gastronomiak eta bertako monumentuek zur eta lur utzi gaituzte. Fontana Di Trevi, Koliseoa… eta beste hainbat lekutan egon gara. Bazkaltzeko pizza bana hartu dugu, benetan goxoak. Indarrak berreskuratu ditugu Pariseko egonaldiaren ondoren! Izan ere, neka-neka eginda iritsi gara.

Orain arte bisitatu ditugun hiri guztien artean, zalantzarik gabe, zaratatsuena da hau. Hemengo autoen zirkulazioa, festa giroa, barre hotsak eta turisten eta haien gidarien oihuak edozein txokotan entzun daitezke. Toki lasaiak gustuko badituzu, ez nizuke toki hau gomendatuko. Italiarrek, gainera, oso ozen hitz egiten dute! Beti haserre daudela dirudi!

Susto txiki bat ere izan dugu hemen: argazkiak ateratzen ari ginela, Laylari gerrian lotuta zeraman poltsa lapurtu diote, baina gu ez gara konturatu handik ordu batzuk arte. Hala ere, ez da hasieran uste genuen bezain txarra izan; izan ere, lauron dirua banatuta genuen eta 100 euro baino ez dira izan lapurtu dizkigutenak azkenean. Okerragoa izan zitekeen!

 

2024/03/22

Gaur goizean Europa iparraldera hartu dugu hegazkina. Ingalaterrako hiriburuan, Londresen, hotz handia egiten du, baina ezerk ez digu eragotziko leku berriak arakatzea. Hala ere, hemen ere topatu dugu beste arazotxo bat: ez dugu ingelesa menderatzen! Eta, beraz, inork ez du ulertzen galdetu nahi duguna. Azkenean, ordea, Ibrahimek lortu du taxi gidari bati Big Benera joan nahi genuela adieraztea eta minutu gutxian eraman gaitu bertara. Eskerrak!

Big Benera iritsitakoan, puntako ordua zen, eta kanpaikadak gertu-gertutik entzun ditugu. Oso bereziak dira… kanpai hotsez gain, musika ere jotzen dute! Hori bai… a zer bolumena! Edozein txokotatik entzuteko modukoa. Big Benetik London Eyera joan gara… goraino! Zorabiatzekotan egon naiz, oso altu baitzegoen.

Handik ere ondo asko entzuten ziren Big Ben erlojuaren kanpai hotsak!

 

2024/03/23

Eguerdiko 12:00ak dira eta Londreseko aireportuan gaude, Berlinera eramango gaituen hegazkinaren zain. Poliziarekin liskar txiki bat izan dugu; izan ere, gure azalaren kolorea dela eta, susmagarri bihurtu gara eta gure agiriak eta maletak miatu dizkigute. Ez da minutu askoko kontua izan, baina oso desatsegina izan da. Azkenean, barkamena eskatu eta berriro ere gure hegazkinaren zain egon behar genuen itxarongelara eraman gaituzte. Zoritxarrez, ordea, ordurako gure hegazkina Berlinera bidean zen, eta hegaldia galdu dugu.

Hurrengo hegaldirako txartelak eman dizkigute, eta zain egon behar orain!

 

2024/03/24

Goizeko ordu txikitan iritsi gara Berlinera, sekulako logurarekin, hegazkinean turbulentziak zirela eta ezin izan baitugu lorik egin. Hotelean lo pixka bat egin eta hiria ezagutzera atera gara. Hemen ere ez du bero handirik egiten! Berlingo harresiaren zatia ikustera joan gara, eta gau bakar batean eraiki zutela jakin dugu! Halaxe jartzen zuen behintzat irakurri dudan liburuan. Ez dakit nola egin zuten ere! Bandeburgoko atea, Unter den Lindem, Bebelplatz… hainbat eta hainbat leku gehiago ere bisitatu ditugu. 

Hiri interesgarria iruditu zait, baina zarata handiegia sumatu dut. Espaloiak, errepideak, eraikinak… guztiak aldi berean berritzen ari direla dirudi, eta kalea zulatzeko makinen, kamioien eta gainerako makinen hotsak dira edonon nagusi.

Bidaia amaitzen ari delako edo… nekea sentitzen hasi gara eta burua dardarka dugula sentitzen dugu: zarata, iskanbila eta presa dira hemen nagusi.

 

2024/03/25

Lo nengoela, argi erraldoi batek zeharkatu du zerua. Iruditu zait su artifizialak zirela, eta berehala altxatu naiz, baina… baita zera ere! Hemen ez da su artifizialik edo zerua eder dezakeen bestelakorik. Bat-batean konturatu naiz egindako bidaia bakarrik egin dudala, eta lekutik mugitu ere egin gabe gainera! Hala da, bai, ametsetan ibili naiz; izan ere, begiak ireki eta, nire ondoan, suntsitutako etxeak, zuloz betetako errepideak, su emandako liburuak… bakarrik daude. Hau Gaza da, eta hemen ez da sekula izan su artifizialik, croissant sofistikaturik edo pizzarik… Nire lagun Layla, Malek eta Ibrahim ere ez daude alboan. Batetik, Malek eta Layla gure eskola txikiko teilatu gainera bota zuten lehergailu batek hil zituen orain hamar hilabete; eta, bestetik, Ibrahimen senideak hemendik urrun ihes egitea erabaki zuen egun hartan bertan.

Entzuten nituen horiek guztiak ez ziren Europako herrialde bakoitzean entzun daitezkeen hotsak, gure egunerokoan entzuten ditugun gerrako bonbak baizik. Dublineko takoi hotsak ondoko etxean bortizki sartu diren israeldarrak egindako kolpeak ziren. Valentzian entzundakoa ez zen petardo hotsa, tiro hotsa baizik. Ez dugu Parisen eta Erroman musika goxoaz gozatzeko aukerarik izan; entzundako hori guztia soldaduen oihu eta kolpeak baino ez ziren. Ustez Londreseko erloju hotsa zena… lehertzear den bonba baten atzerako kontaketa baino ez omen zen. Informazioa biltzeko erabilitako liburuak kea dariola daude, kalean, beste hainbat libururekin batera, soldaduek su eman baitiete. Eta, azkenik, ametsetan Berlinen entzuten nituen makinak… halaxe dira: makinak, baina beste era batekoak horiek ere. Gure etxea bota ondoren, suntsiketa eta krudeltasun handiagoa utziko duten tankeentzako bidea ireki ahal izateko behin batean gure auzokideen bizileku eta babesleku izan ziren eraikinen hondakinak baztertzera etorri den makinen burrunba hotsa da.

Eta hemen nago orain, soldadu israeldarrengandik ezkutatu nahian, bakarrik. Lagunek aspaldi alde egin zuten; ama eta anaia bonba batek hil zituen; aita ospitalera joan zen, baina ez da gehiago itzuli…

Parean etsipena eta tristura baino ez ditut. Herria, etxea, eskola… dena birrindu dute. Neuzkan gauza gutxiak kendu dizkidate. Baina, oraingoan, beste zerbait ere bai: amets egiteko gogoa ere suntsitu didate.