Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Idazlehiaketa

JARE GARAI AIZPURU

D Maila Prosa 3. saria
Jare Garai Aizpuru naiz. 2012an jaio nintzen, beraz, 12 urte ditut. Ordizian bizi naiz eta bertako ikastolan ikasten dut, Jakintza Ikastolan. Nire zaletasunak hurrengoak dira: saskibaloian jolastea, eskulanak egitea, margotzea zein marraztea, kozinatzea, bidaiatzea, familiarekin edota lagunekin denbora pasatzea...

FATIMA

Zergatik dago pobrezia munduan, eta beste batzuk bitartean poltsikoa diruz beteta? Zergatik daukate munduko herrialde batzuek bizi kalitate txarra? Zer da migrazioa? Eta zer helbururekin egiten da?

Galdera asko sortzen zaizkit. Jadanik bada ordua erantzuteko, ezta?

Ni Fatima Abioye Diop naiz, eta hau da nire bizitza.

Bassariko herrixka batean jaio nintzen, Senegal iparraldean. Afrikan bizi bazara, haurtzaro gogorra izango duzula ondorioztatzen du jendeak. Badakit ez nituela hainbeste tresna, jostailu, janari… baina pozik eta alai ere bizi izan nintzela badakit. Lurrean aurkitzen nituen gauzekin jostailuak sortzen ibiltzen nintzen, tiragomak egiten espezialista nintzela oroitzen naiz. Bertan dena partekatzeko ohitura dago, eta lagunei ematen nizkien nik sortutako tramankulu horiek. Makil bat, elastikotasuna zuen zerbait eta harriak bakarrik behar nituen bat egiteko. Horrekin zoriontsu nintzen; halere, hori bai, pobrezian bizi izan naiz betidanik. Batetik,  nire aita egunero ikusten nuen landutako lurrak ereiten janaria lortzeko eta, bestetik, nire amak anai-arreba guztiak zaintzen zituen bitartean. Ez genuen janari askorik, arropa gutxi, ikasketetarako aukerarik ezta ere…

Gaur egun 23 urteko neska bat naiz, eta bizi hobe baten bila nabil. Espainiara joan nahi dut, Kanariar uharteetara, hain zuzen ere. Hori da niretzat paradisua! “Zergatik?”, galdetuko duzue. Egia esan, ez dakit oso ondo erantzuna, baina esango nuke zerbait ezberdina probatu nahi dudala, aukera berriak izan nahi ditut. Awari aurreikusi nion plana. Bera nire lagun mina da, eta, horregatik, berarekin joango naiz mundu berri baten bila. 

Ohean, anai txikiarekin batera lo egiten saiatzen ari naizen bitartean, paradisura joateko dirua lortzeko zer lan mota egin ahal izango  dudan pentsatzen egon naiz. Ordena alfabetikoan joan nintzen pentsatzen:

- A… Arrantzalea! itsasontzia beharko nuke; beraz, ezer ere ez. B… Ez zait bururatzen. D…dendaria… Z... Zaintzailea! Ideia ezin hobea! Aberatsen umeak zainduko ditut! -  pentsatu nuen, eta lokartu egin nintzen.

Gaur goizean, Awaren etxera joan naiz. Dan-dan-dan jo dut egurrez eginiko ate polita.

- Kaixo, Awa!

- Egun on, Fatima!

- Gaiari buruz bueltaka egon naiz,  eta pentsatu dut Espainiara joateko poltsikoan diru pixka bat izan beharko genukeela.

- Zertan egingo dugu lan? Nora joango gara?

- Itxaron. Dirudunen zaintzailea izatea pentsatu dut Marrakechen.

- Zer? Badakizu hemendik 2.800 kilometroetara edo gehiagotara dagoela, ezta? Nola joan behar gara?

- Zure aitak ez du gidaria den lagun bat?

- Bai, baina ez dakit utziko digun. Ez da ezer gertatzen galdetzeagatik! Agian, joan gaitezke Ngaparoutik

- Ados, agur!

Adostu genuen bezala, aitaren lagun Abdullahri galdetu eta baietz esan digu. Hori bai, ez pentsa hemen doan edozer lor dezakezula! Haren furgoneta garbitzearen truke eramango dugu.

 

1go eguna

Prestatu eta gure abentura hastera doa! Lehenengo geltokia, Ngaparou izango da. Oinez 40 minututan iritsi gara. Bertan, Abdullahren etxera joan eta furgonetarantz gerturatu gara garbitzeko asmoz. Lokatzez beteta dago, ene! Hori bai izerdiak bota ditugunak!

Ondo moldatu garenez, dirua lortzeko, bidean aukera balego, beste auto zein furgoneta batzuk garbitzea pentsatu dugu.

 

2. eguna

Marraketserantz abiatu baino lehen,  Abdullah, esku zabala denez, jaten eman digu indarrak hartzeko. 16:00etan furgonetako atzeko aldean  sartu eta, bagoaz! Isilik egin dugu bidaia. Senegaleko paisaiak ikusi ahal izan ditugu leihoaren beste aldetik eta, nire barnean, familiaz eta txikitako oroitzapenetan pentsatuz joan naiz haize beroak nire aurka jotzen zuen bitartean.

22:00etan bideko herri batean geratu gara bertan lo egiteko. Awak eta biok furgonetan eserita etorri garen leku berean egin dugu lo.

 

3. eguna

Esan genuen bezala, gaur autoak eta furgonetak garbitzen egon gara herrixka honetan, Marrakecherako diru pixka bat izan dezagun. Abdullahk bere bidea jarraitu du, eta guk bidegurutzean “Pick up” batera igo gara, gure helmugara iristeko. “Pick up-ean” beste 9 pertsonekin batera egin dugu 9 orduko bidaia. Gainera, 100 dirham ordaindu behar izan dugu bakoitzak.

Gau horretan lurrean egin dugu lo.

 

4. eguna

Goizean goiz gertatu denak harritu egin nau.

Agure bat gugana hurbildu da ea laguntza behar dugun galdezka. Guk Marrakechera joateko dirua biltzen ari garela esan diogu, baina ez dugula garraiorik. Berarekin joateko aukera eman digu.

Lehenengo orduan, garraiotik ateratzeko eskatu digu. Esan dezaket, traizionatu egin gaituela.  Orduan, auto-stop egiten saiatu gara. Hantxe, eguzkipean eta inolako edaririk gabe, bi ordu egon gara itxaroten gure aurrean furgoneta bat gelditu den arte. Furgonetara sartu eta falta zitzaizkigun 10 orduak berarekin eman ditugu. Oso atsegina izan da gazte hura. Gurekin hitz egiten egon da bidaia osoan. Bere etxean gaua pasatzeko aukera eman digu, eta, hurrengo egunean, Marrakecheraino eramango gaitu. Nola ez, bere furgoneta garbitu dugu eskertza moduan.

 

5.eguna

Egunsentian, gure helmugarako bidaia hasi dugu. Esango nuke, 7 ordu falta zaizkigula iristeko. Bidean geundela, polizia batek gelditu eta 200 dirham ordaintzea behartu gaitu. Asko gogoratu naiz nire familiaz eta bidean, tarteka, malko batzuk bota ditut. Awari ere malkoren bat edo beste ikusi diot masailetik behera, baino ez dugu horri buruz hitzik egin. Eskutik gogor eutsi diogu batak besteari.

Orduak aurrera egin ahala, Marrakechera iritsi gara, eta, ondorioz, ostatu batean pare bat egun egongo gara lo egiten.

 

6. eguna

- Fatima esnatu! - esan dit Awak.

Jaiki, daukadan arropa gutxi hori jantzi eta, umeak zaintzera!

Gaurkoan ez neukan gogo askorik lanbide horretarako, baina dirua lortzeko edozer egiteko prest nengoen momentu horretan. Etxe askotatik pasa eta askok ez digute kasurik egin; beste batzuek, ordea, atea muturren aurrean itxi gaituzte, eta, azkenean, lortu dugu pertsona egokiena. Ez daude xehetasun asko esateko, baina esan dezakedana da goizetik gauera arte lanean egon garela gelditu gabe.

 

7. eguna

Gaur ere, umeak zaintzen eta arroza jaten egon gara. Bihar, inguruko herri batera joango gara oinez eta gure itsasontzia hartuko dugu. Beno, patera bati itsasontzia deitu badiezaioket…

 

8. eguna

Iritsi da gure bizitzako egunik arriskutsuenetariko bat. Ez dakit patera hartu dugun herria zein den, baina ez du axola.

Bidaia oso gogorra izan da. Umeen negarrak, gurasoen begirada galduak, ezjakintasuna… ikusten nuen paterako iskin batean eserita nengoela.  Ezinegona, esperantza eta beldurra sentitzen nituen une berean.

Lau emakume besterik ez gaude.

Helmugara iritsi baino lehen, itsas sorospeneko barku bat gerturatu da gugana. Barruan gaudela, gu zaintzen egon dira, hariz eginiko mantak soinean ipini dizkigute, baita behar zutenei medikazioak eman ere. Gogorra izan da, baina gutxienez iritsi naiz paradisura.

Badakit, ez da hemen bukatu nire istorioa. Oraindik asko dagoela aurretik. Baina ez dut etsiko eta “dieredieufeti” gure ametsa lortzen lagundu diguten pertsona guztiei.

Hemen hasten da nire bizi berria.