MAIALEN TELLERIA DIAZ
GABONETAKO ZUHAITZA
Bazen behin mendian zegoen herri txiki batean Ander bizi zen, herriko aizkolaria. Egun batean, gabonetako zuhaitza herrira ekartzeko helburuarekin, mendira joan zen. Goiz osoa igaro zuen zuhaitz onena bilatzen, eta arratsaldean herrira jaitsi zenean, herriko pertsona guztiak zain zeuden, batez ere zuhaitza ikusteko irrikitan. Ander iritsi zenean, denak txaloka hasi ziren, oso pozik. Alkatea plaza erdian zegoen, gabonak inauguratzeko prest. Ume guztiak apaingarriak jartzen hasi ziren, eta arratsalde ederra pasa zuten denek elkarrekin.
Lau egun pasa ziren, eta gau hartan, Ander, gauero bezala, ibiltzera joan zen. Plazara iritsi zenean, ohartu zen gabonetako zuhaitza falta zela. Izugarrizko ezustekoa hartu zuen, eta berehala alkatearen etxera joan zen. Timbrera jo ondoren, Ander eta alkatea plazara joan ziren, eta han zuhaitza iheska aurkitu zuten!
Txundituta gelditu ziren, zuhaitzak hankak, besoak eta ahoa zituela ikusi zutenean. Nola da posible? Zuhaitza lotsatuta zegoen, eta Ander galderak egiten hasi zitzaion: — Nola hartu duzu bizitza?
Baina zuhaitza ixilik geratu zen. Itxura gaiztoa zuen, baina ez zuen ezer esaten. Alkateak, berandu zela eta lo egiteko garaia zela esanez, etxera joateko proposatu zuen. Hurrengo egunean hitz egiten jarraituko zutela erabaki zuten.
Hurrengo egunean, alkatea Anderrengana joan zen plazara joateko, zuhaitzaren kontua konpontzeko. Plazara iristean, ikusi zuten zuhaitza bere lekuan zegoela, inoiz mugitu ez balitz bezala. Ander zuhaitzari hitz egiten hasi zitzaion, baina handik pasatzen ziren pertsona guztiek begirada arraroak botatzen zizkioten. Zuhaitzak ez zuen erantzuten, eta alkatea pentsakor geratu zen:
— Zergatik mugitzen da gauez eta bizia du, baina egunez ez?
Oso arraroa iruditzen zitzaion…Beraz, Ander egun osoa egon zen zuhaitz horren inguruko informazioa bilatzen. Azkenean, ondorio batera iritsi zen eta konturatu zen zuhaitzak bakarrik gauean hartzen zuela bizitza. Hori dela eta, gau hartan berriro plazara joatea erabaki zuen.
Herrira iritsi zenean, ikusi zuen zuhaitza alde egiten ari zela. Anderrek gelditu egin zuen, eta zuhaitzak honela esan zion:
— Utzi bakean! Bizitza on bat nahi dut, nire familia eta lagunekin. Hemen geratzen banaiz, herriko pertsona guztien opariak lapurtuko ditut! Zuhaitzak argi zuen: biharamunean gabon gaua zen, eta egindako lanagatik onura bat atera nahi zuen.
Anderrek herria salbatu behar zuen, eta zuhaitzarekin orduak eman zituen negoziatzen. Azkenean, akordio batera iritsi ziren: zuhaitzak gauetan bere familiarengana joan ahal izango zuen, baina egunez apaingarri bezala plazan egon beharko zuen.
Abenduaren 25a zen. Ander lo zegoen, baina bat-batean bere etxeko txirrina jo zuten. Atearen aurrean, herri guztia zegoen, eta denek haserre aurpegia zuten.
— Zer gertatzen da? —galdetu zuen Anderrek.
Alkateak herritarrei azaldu zien Ander zuhaitzaren arduraduna zela. Horregatik, denak berarekin haserre zeuden, ez baitzuten oparirik jaso. Urtero, herriko opari guztiak zuhaitzaren azpian egoten ziren, baina aurten ez zeuden han. Anderrek susmo bat izan zuen. Bazekien non zegoen zuhaitza. Berehala jantzi eta haren bila joan zen. Arrazoia zuen, zuhaitza moztu zuen leku berean zegoen.
— Zergatik hautsi duzu gure akordioa? —galdetu zion Anderrek.
Zuhaitzak oso triste zegoela erantzun zion. Anderrek alde batetik ulertzen zuen, baina ez zitzaion ondo iruditu umeak oparirik gabe uztea. Anderrek zuhaitza konbentzitu zuen opariak bueltatzeko. Gainera, zin egin zion ez zuela inoiz gehiago moztuko edo eramango. Zuhaitzak familiarekin eta lagunekin pozik bizitzeko aukera izango zuen, baina batzuetan herria bisitatuko zuen. Anderrek ere sarritan joateko hitza eman zion. Horrela, herria pozik bizi izan zen… eta zuhaitza ere bai.