GARAZI IGLESIAS ANUNTZIBAI
KEZKAK
Klik bat besterik ez dut behar izan, Meetme sare sozialean erregistratzeko. Egia esan uste baino errazagoa izan da, datu gutxi batzuk besterik ez dizkidatelako eskatu… Nire izen abizenak, neska, mutila edo ez binarioa naizen, helbide elektroniko bat, adina…
Hamasei urte izan arte ezin omen garela sare sozial batean erregistratu esaten dute gurasoek, baita sare sozialetan bertan datozen arau-irizpideek ere. Baina nik 13 urte besterik ez ditut eta erregistratzea lortu dut, arazorik gabe.
Gai honen harira, nire lagunek behin eta berriz esan izan didate, erdi barrezka:
-Baina Saioa, nola jakingo dute zenbat urte dituzun?
Arrazoia zeukaten!
Guzti hori pentsatzen ari nintzela, ezustean harrapatu nau nire amaren ahotsak:
-Saioa, afaltzeko ordua da!- oihu egin du sukaldetik, eta korrika joan naiz mugikorra gelan utzita.
-Zer dago afaltzeko? -galdetu diot amari. Baina segituan ikusi dut mahai gaineko platera eta… -, berriro kalabazin tortila?
-Gaur tipula ere jarri diot -erantzun dit aitak, irribarre eginez.
Barkatu, ez naiz aurkeztu! Ni Saioa naiz, eta 13 urte ditut. Neska saltsera xamarra naiz eta bizitzaz gozatzea gustatzen zait nire lagunekin eta familiarekin batera. Baina azken aldian arraro xamar nabil… nerabezaroa ote?
Beno, esan bezala, afalordua da eta gurasoak laneko kontuez hitz egiten aritu dira otordu guztian. Ni bitartean, nire anaia txikiarekin asmakizunetara jolasten egon naiz: “Kolore horia dauka, borobil borobila…”. Egia esan, azken aldian pixka bat aspertu egiten naiz haurren jolasetan hauekin, duela hilabete batzuk ez bezala. Baina horren astuna jartzen da Urtzi… azkenerako amore ematen dudala! Oraindik sei urte dauzka, eta ez da gauza askotaz jabetzen. Asko maite nau eta baita nik bera ere… Dena den, oso umea da oraindik! Espabilatuko da bera ere, egunen batean…
Gaueko 20:15ak dira, eta berriz ere nire gelan nago. Hamabost minutu barru mobila itzali beharko dut, hori baita gurasoekin adostutako arauetako bat. Beraz, denbora hori daukat Meetme sare sozialeko nire kontura sartu eta lagunak bilatzen hasteko. Bueno edo agian horretan hasi aurretik argazki bat jarri beharko dut perfileko argazkian, erabiltzaile guztiek egin ohi duten bezala.
Hamar minutu pasa dira eta zalantza askorekin jarraitzen dut, edo ni agertzen naizen argazki bat jarri edo udako oporretan Suitzako mendi baten argazkia. Ez dakit zer egin…
Eta halako batean, sorpresaz harrapatu nau nire aitaren ahotsak:
-Saioa, ordua da! Itzali mugikorra eta etorri gurekin egongelara, ohera sartu aurretik. Urtzi zure zain dago.
Benetan? Zer amorrua! Baina gogoratu dut, adostu genituen arau horietako baten artean dagoela “20:30etarako mobila itzaliko dut”, eta itzaltzen ez badut, badakit zer den gertatuko den. Eta egia esan, ez dut lehen astean arauak urratzen hasi nahi, beraz, egongelara joan naiz, txintxo-txintxo. Egongelara jaitsi naiz eta gurasoak beraien gauzez hitz egiten jarraitzen duten bitartean, ni Urtzirekin kartetan jolasten hasi naiz.
Hamar minutu ondoren eta bosgarren aldiz Urtzik irabazi ostean,partidak amaitu dira.
-Irabazi dut!-esan du Urtzik saltoka, emozionatuta.
-Oso ondo Urtzi!-esan diot aspertuta, irribarre behartu bat eginez.
Ohera joateko ordua heldu da. Amak Urtzi ohera eraman du eta ni bakar-bakarrik joan naiz ohera hortzak garbitu eta iratzargailua jarri ondoren. Dagoeneko “handia” naizenez eta bihar goizean 6:30etan esnatuko naiz, azterketa astean gaude eta.
Ama etorri da eta muxu bat eman dit kopetan:
-Ondo lo egin, maitia! -esan dit amak bere ahots leunarekin.
-Berdin, ama! -erantzun diot loguraz. Jada ez dut aitortzen, baina oraindik gustuko ditut amaren eta aitaren gaueroko muxuak.
Gaua aurrera doa… Goizeko 1:20ak dira, eta ezin dut lorik hartu. Uste dut pixka bat urduri nagoela Meetme-n erregistratu naizenetik. Arratsalde guztia mugikorrari begira egon naiz, zain, ea jakinarazpenen bat jasotzen nuen…
Ai, ene! Izugarrizko pixagurea daukat, eta orduan ohetik ziztu bizian altxatu naiz komunera joateko.
Gelara itzultzen ari naizela, hantxe ikusi ditut gurasoen eta nire mugikorrak mahai gainean. Badakit ezin dudala… baina gerturatu, eta desblokeatu egin dut. Ez da mezurik sartu ezta inongo jakinarazpenik ere… eta ohera itzuli naiz pentsatuz zein izan daiteken horren arrazoia. Eta uste dut arrazoia izan daitekeela oraindik ez dudalako argazkirik igo. Baina, zein argazki jarriko dut?
Ohartu gabe lo gelditu naiz argazki perfektua irudikatzen nuen bitartean…
***
Iratzargailuak jo duenean begiak ireki ditut. Logure handiarekin esnatu naiz, ez dudalako nahikoa orduz lo egin. Kafe goxo bat, fruta eta ogi pusketa bat gosaldu ditut. Aurpegia eta hortzak garbitu ondoren, mugikorra piztu dut eta bat-batean soinu bat entzun dudala iruditu zait. Mugikorra desblokeatu dut eta Meetme-ren mezu bat dela ikusi dut: Perfileko argazkia falta zaizu erregistroa amaitzeko.
Eta egia esan berriz ere argazkia etorri zait burura… baina zein jarriko dut? Zer gertatuko da ni agertzen naizen argazki bat jartzen badut perfileko argazkian? Agian Iruneri gertatutakoa: “gustoko dut” pila jasoko ditut eta arratsalde osoa pozaren pozez egongo naiz, edo agian Itxasori gertatutako antzeko zerbait: “gustoko dut” batzuk jasoko ditut baina horrelako mezuren bat ere: “Hurrengoan hankako ileak disimulatu”. Gogoratzen dut arratsalde osoa pasa zuela negarrez Itxasok mezu hori jaso ondoren, eta nire jertse gustokoena mukiz josita utzi zuela.
Goiza oso azkar pasatu da ikastolan. Azterketa uste baino okerrago egin dut, eta arratsalde osoa daramat gelan ikasten saiatzen, bihar Gizarteko azterketa baitaukat. Baina konturatzen ari naiz arratsalde guztia daramadala denbora galtzen argazkiaren kontura.
Eta pixkanaka honetaz jabetzen hasi naiz: agian arrazoia zeukaten nire gurasoek, eta mugikorra eman izan ez balidate, orain kezka bat gutxiago izango nukeen. Izan ere, bihar azterketa daukat eta ez dut oraindik orrialde bat bera ere ikasi. Ez da posible! Eta seguru nago, mugikorra izan ez banu, dagoeneko azterketarako ikasita eta lagunekin kalean egongo nintzela jolasean. Beraz Meetme aplikazioa hautatu, eta desinstalatzea erabaki dut.
Hauxe izan da nire lehen esperientzia sare sozial batekin eta esan dezaket, momentuz behintzat, konturatu naizela nahiago dudala orain arte bezela jarraitu; hau da, benetako bizitzaz gozatzen jarraitu nahi dut, maite nautenekin batera.