AMETS ETXANIZ IMAZ
NIRE ARBASOEN SUSTRAIETARA BIDAIA
11 urteko mutil bat naiz, Lezotarra. Jaiotzean Jokin izena jarri zidaten baina Jon ere izan nintekeen, San Juan egunean jaio bainintzen. Udako solztizioa igaro berritan izen askoren artean aukeratu ezinda ibili ziren. Naturaz inguratuta bizi gara eta elementu desberdinek gugan duten eraginean asko sinisten dugu. Ondoren kontatu behar dudana eskolan hasi zen, euskarako irakasleak euskal mitologiari buruz taldeko aurkezpen bat egiteko eskatu zigunean. Niri, Peru eta Gorkarekin egitea egokitu zitzaidan. Gelako desatseginenak ziren beti inguruko guztiekin sartzen ibiltzen zirelako, baina ez nuen beste erremediorik izan!
Atariko garaian lan guztia nik egin beharko nuela esan zidaten hasiera batean; baina azkenerako konbentzitu nituen! Lan hura arrakastaz burutzeko abentura zirraragarriak agindu nizkien. Etxera iristean amonarengana joan nintzen zuzenean. Oso misteriotsua zen begirada zuen amonak; dir-dir egiten zioten begi marroi sarkorrek. Hori gutxi ez eta egunero soinean zeraman kapela zabalaren azpian ile hori kizkur-luzea eta sudur kakoa zituen, ipuinetako sorginak gogorarazten zizkidan maiz. Euskal mitologiaren inguruko ipuin eta kontakizun asko zekizkien. Igandero lehengusu guztiak amona Mirenen inguruan biltzen ginen istorio berri bat entzuteko.
Istorioetako batek zera zihoen: nire birramona erdi-usteldutako zuhaitz zahar baten barruan aurkitu zuela Anbotoko Marik negarrez eta gosez. Ordundik berarekin bizi izan zen Maria Izaskun izena jarri zion neskato hura. Zortzi urte bete zituenean bere ama Sugarrekin ezkondu omen zen eta bi seme izan omen zituzten: Atarrabi eta Mikelatz. Urte oparo eta lasaiak bizi izan zituzten guztiek elkarrekin baina Mikelatz gizondu zenean, 22 urteko Maria Izaskun hartaz maitemindu zen. Ezkutuan elkar-ikusten omen zuten beraien harremana ez baitzen ongietorria familian. Baina gertatu zitekeen okerrena suertatu zen: nire amona izango zenaz haurdun gelditu zela Maria Izaskun. Egoera berezi hura ezin izan zuten luzaroan ezkutuan gorde eta Marik haurdunaldiaren berri jakin zuenean asko hasarretu omen zen, bereak eta bi bota zizkien: Haurra jaio eta berehala hil egingo zuela mehatxatu zituen. Bikotea zer egin etzekiela gelditu zen, ikaratuta. Garai hartan bikote andana omen zegoen haurrik eduki ezin eta sorginengana edabe magiko bila gerturatzen zirenak…haurra bikote haietako batekin uztea beste erremediorik ez zuten izan. Hori nahikoa ez eta Marik Maria Izaskun Frantziako lurraldeetara bidali omen zuen Mikelatzengandik urruti.
Sutondoko istorio guzti hauek buruan amona Mireni laguntza eskatu nion eskolan jarri ziguten lan hura egiteko. Begiek dir-dir egin zioten izar-iheskor batek zeharkatu izan balitu bezala nire eskaera entzutean. Hunkituta eta emozionatuta zegoen…Mundu mitologikora bidaiatzea proposatu zidan.
Biharamunean, Peru eta Gorkarengana gerturatu nintzen amonarekin hitz egindako guztia kontatzera. Arratsaldean, eskola bukatutakoan, abenturari hasiera emango genion, irrikitan geunden. Denbora mantso pasatu zitzaigun baina irteerako txirrina jo eta amona eskolako atarian genuen zain, bere furgoneta zaharrean. Aralarrerako bidea hartu genuen eta Lizarrustiko parketxe ondoko parkinean utzi genuen autoa. Basoan barrena bide luzea egin genuen oinez. Lehendabizi Basajaunekin egin genuen topo. Ipuinetan zirudien bezain handi eta mardula zen. Basoa zaintzeaz gain mundu mitologikorako sarrera ere babesten zuen bisitari gaiztoengandik. Bihotz barnera begiratzeko gaitasuna zuen eta gu bihotz-garbiak izaki aurrera egiten utzi zigun. Amona emakume berezia zela antzeman zuela uste dut bien artean harreman berezia sortu baitzen berehala. Mikelatz bere anaia Atarrabirekin bizi zela kontatu zigun; Maria Izaskun Iratiko ibaian bizi zela lamien konpainian. Begiak ondo ireki eta ixilil-ixilik ibiltzeko gomendatu zigun, ezin genuen ezer ukitu.
Halako batean argi disdiratsu bat ikusi genuen kobazuloa zirudienaren sarreran: deika ari zitzaigun. Gerturatu eta ustekabean errekasto garbi baten ondoan azaldu ginen. Gure amona Mirenen antz handia zuen sorgin itxurako emakume bat ikusi genuen urrezko orraziarekin bere adatsa orrazten, lamiak zituen ondoan kantu-kantari.
Gu ikustean lamiek ziztu-bizian alde egin zuten; sorgin itxurako emakumea aldiz, aho zabalik guri so zegoen. Ezin genuen ulertu zergatik ez zen ikaratu. Amona Miren harri eta zur zegoen kopetan bihotz formako orbana zuen emakume hari begira: berak berdina zuen. Kontatua zioten bere familian orbana senide guztiek jaiotzetik zutela.
- Zu ez zara Anbotoko Mariren tartekoa izango ezta?- galdetu zion amonak txunditurik.
- Bai! Zuk nola dakizu hori?
- Kopetan duzun bihotz itxurako orban horren antzekoa dut nik ere. Kontatu didatenez gure familiako ikur bat omen da.- erantzun zion pozez gainezka amonak.
Momentu hartan, Maria Izaskun bere alabarekin hitz egiten ari zela konturatu zen. Emozioari ezin eutsirik elkar-besarkatu zuten. Maria Izaskunen erbestealdiaz ihardun zuten, baita amona Miren abandonatu beharraren inguruan ere. Mikelatzez asko gogoratzen omen zen oraindik, bere falta sumatzen zuen. Elkar-topatzea zoriaren seinale bat zela pentsatu zuten eta Mikelatz topatu beharra zutela: Atarrabiren txabolan bizi omen zen. Mundu magiko hartan bide luzeak laburtu egiten ziren eta berehalakoan Maria Izaskunek Mikelatz besarkatu ahal izan zuen. Trumoi hots izugarri bat entzun zen bapatean: Anbotoko Mari agertu zitzaien, oso haserre, tximista forma hartuta.
- Esan nizun hona ez itzultzeko! Eta ez bururatu berriz nire semea ukitzea!
Ondoren, nire birramona Maria Izaskunek hau erantzun zion:
- Ama, zergatik egiten didazu hau?
- Gauzak dauden bezala ondo daudelako. Zentzugabea izaten ari zara.
- Baina zer egin dizut zuk ni horrela tratatzeko?- erantzun zion Maria Izaskunek.
- Orain horrek ez du axola.- bota zuen tinko Anbotoko Marik.
- Niri inporta dit..-erantzun zion Amona Mirenek- Txikitatik bihotza uzkurtzen zidan sentimendu definigaitz bat izan dut barru-barruan. Orain badakit nondik datorkidan hainbeste min eman didan sentipen hau. Bioi barkatzen dizuet egindako guztiagatik; trukean, elkar-barkatu behar duzue, beharrezkoa da.
Gertatu zen guzti honek gauza on eta txarrak ekarri zizkidan: alde batetik, amona Miren galdu nuen mundu mitologikora joan baitzen bizi izatera; baina bestetik nire familiaren berri asko ikasi nuen eta mundu mitologikora nahi nuen bezain bestetan joateko aukera irabazi nuen. Eskolako lanaren inguruan hitz gutxi: nahiko jarri ziguten ez baikinen ausartu esperientzia honekin ikasitako guztia ikaskideen aurrean aireratzen. Guzti-guztia guretako gorde genuen.