Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Idazlehiaketa

MARTIN RUA URDANGARIN

B Maila Prosa aipamen saria
Ni Martin Rua Urdangarin naiz eta 2010eko azaroaren 6an jaio nintzen. Gaur egun La Salle Ikastetxean Bigarren Hezkuntzako hirugarren maila egiten ari naiz. Txikitatik bi zaletasun ditut: istorioak asmatzea eta musikaz gozatzea. Buru bizia, jakin-min handikoa eta irudimentsua naiz.
MARTIN  RUA URDANGARIN

ETORKIZUNAREN ISPILUA

Fermin 14 urteko nerabe bat zen, mendiz inguratutako herri lasai batean bizi zena. Herriko bizimodua xumea zirudien arren, Ferminek amets handiak zituen. Etorkizunean pentsatzen zuen beti, zer lor zezakeen, baina bere ametsetarako bidea ez zuen argi ikusten, galdera asko egiten zizkion bere buruari, baina saiatzen zen arren ez zuen erantzunik aurkitzen. Askotan, bere buruari galdetzen zion ea nahi zuen guztia lortuko zuen, baina horretarako ere ez zuen erantzunik.

Egun batean, aitona-amonaren etxeko ganbara arakatzen ari zela (aspertuta zegoenean ganbara joaten zen denbora pasatzera), Ferminek hautsez estalitako objektu bat aurkitu zuen: zurezko markoz inguratutako ispilu biribil txiki bat. Hasieran, ispilu sinple bat bazirudien ere, berehala konturatu zen berezia zela. Aurpegia gerturatu zuen ispilura eta ikusi zuen beiran ez zela bere aurpegia islatzen, baizik eta haren beraren bertsio bat, handiagoa eta bere buruarengan konfiantza zuen mutiko batena. Ispiluaren behealdean, urrezko letretan grabatua, inskripzio bat zegoen: "Etorkizuna gaur aukeratzen duzunaren isla da."

Intrigatuta, Ferminek ispilua ukitu zuen eta une batez lasaitasun sentsazio bitxi bat sentitu zuen. Beraz, ispilua bere gelara eramatea erabaki zuen. Gau hartan, lotarako prestatzen ari zela, ispiluan begiratu zen berriro, eta berriro bere buruaren irudi bera ikusi zuen, baina oraingoan, bertsioak hatzaz seinalatzen zuela zirudien, erabaki bat hartu behar zuela esango bazion bezala.

Hasieran, Ferminek ez zuen ulertzen zer esan nahi zuen horrek guztiak. Biharamunean, ordea, eskolarako bidean, ispiluko hitzetan pentsatzen hasi zen. "Etorkizuna gaur aukeratzen duzunaren isla da". Erabaki zuen ausartagoa izango zela bere erabakietan, ez zuela itxarongo aukerak bere kabuz iritsi arte. Norbait arrakastatsua izan nahi bazuen, une horretatik bertatik hasi behar zuen horren alde lanean.

Hurrengo egunetan, Fermin bere jarrera aldatzen hasi zen. Beti egin nahi izan zuen abeltzantza ikastaro batean izena eman zuen, ukuiluko animalien zaintzari buruz gehiago irakurtzen hasi zen, eta boluntario gisa ere eskaini zen ondoko herrian zeuden baserri pare batean laguntzeko. Hasieran, egokitzea kostatu bazitzaion ere, pixkanaka bere buruarengan konfiantza hartzen joan zen. Ez zen etorkizunaren beldur, ispilu magiko hari esker, bazekien etorkizuna ez zela etorriko baldin eta erabakiak hartzen ez bazituen.

Hilabeteak joan ziren, eta Fermin bere erabakien emaitzak ikusten hasi zen. Bere gaitasunak hobetu zituen, lagun berriak egin zituen eta inoiz baino lasaiago sentitzen zen. Egun batean, ispiluan berriro begiratzean, bere buruaren bertsioa ikusi zuen, orain harrotasunez eta irribarrez. Bere ahaleginaren bidez lortutakoaren irudikapena zen hura.

Denborarekin, ispiluaren eragina are nabarmenagoa bihurtu zen. Ferminek jada ez zuen ispiluaren beharrik bere buruarengan konfiantza izateko, baina hala ere, altxor txiki hori bere gela barruan gordetzen zuen. Batzuetan, gau berezietan, berriz begiratzen zuen, gogoratzeko bere bidean nola aurrera egin zuen. Egun batean, lagun batek aholku eske joan zitzaion, nahasia eta galduta sentitzen zelako. Ferminek, ispiluaren mezua gogoratuz, laguna animatu zuen bere etorkizuna eraikitzeko pausoz pauso. 

Urte batzuk geroago, Fermin herriko baserrietan lan egiten ari zen, bere ametsa egi bihurtuta. Ez zen erraza izan, baina egunero hartutako erabakiek bere bidea moldatu zuten. Aitona-amonaren etxeko ganbaran aurkitutako ispiluari esker ikasi zuen etorkizuna ez dagoela izarretan idatzita, baizik eta egunero hartzen ditugun erabakiekin eraikitzen dugula. Gaur erabaki zuzenak hartzen baditugu, bihar gure ametsak errealitate bihurtuta ikusiko ditugu. Eta erabaki okerrak hartzen baditugu, hausnartu, irtenbide zein izan daitekeen pentsatu eta aurrera egin behar dugu horrek erakutsi digunarekin beste erabaki bat hartuz.

Urtebete igaro zenean, Ferminek aspaldiko partez aitona-amonaren ganbarara bueltatzea erabaki zuen. Han, bere lehen aldiz aurkitu zuen leku berean, ispilu magikoa jarraitzen zuen. Aintzat hartu gabe, hauts pixka bat kendu zion eta begiratu zuen. Oraingoan, ispiluak ez zion erantzun, baina berak bazekien ez zuela gehiago behar. Ferminek jada bere etorkizuna moldatzeko ahalmena zuela zekien, ispiluak erakutsitakoa bere bihotzean zeraman.

Azkenik, ispilua han utzi zuen, etorkizuneko beste norbaitek aurki zezan eta bere bidea aurkitzeko laguntza izan zezan. Ferminek irribarre egin zuen eta irten egin zen, bihotza bakez beteta. 

Urte batzuk geroago, Fermin gazteagoek inspiratzeko hitzaldi bat ematera gonbidatu zuten. Han, bere istorioa kontatu zuen, ispiluaren misterioa barne. Entzuleen artean zegoen gazte batek, zalantzez beteta, Fermini galdera bat egin zion: "Eta ispiluak ez bazintuen aurkitu izan?" Ferminek irribarre egin eta erantzun zion: "Ispilua ez zen nire patua aldatu zuena, baizik eta nire erabakiak. Guk geuk eraikitzen dugu gure etorkizuna." Orduz geroztik, Ferminek beti berekin zeraman mezua hau zen: ametsak ez dira bakarrik betetzen, haien alde lan egin behar da.

Hitzaldia amaitzean, gazteak isilik geratu ziren une batez, Ferminen hitzak hausnartzen. Azkenean, txalo zaparrada batek bete zuen aretoa. Ferminek irribarre egin zuen, konturatuz ispiluaren mezua belaunaldiz belaunaldi transmititzen ari zela. Ferminek transmititu nahi ziena gazteei zen guk geuk eraikitzen dugula gure etorkizuna. Inork ez digu ezer oparitzen eta erabaki bakoitzak gure bidea moldatzen du. 

Etorkizuna ez da aurrez idatzita dagoen zerbait, baizik eta guk eguneroko ekintzekin eraikitzen dugun zerbait. Beraz, Ferminek hori guztia esan eta gero, ispiluaren magia gazteen baitan piztu zela konturatu zen. Bizitzako erronkei aurre egiteko ilusioa eta motibazioa piztu ziren eta gazteek bazekiten beraien txanda zela erabakiak hartzeko eta etorkizuna beraien eskuetan hartzeko.