Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Idazlehiaketa

ANE GALPARSORO GARMENDIA

B Maila Prosa 2. saria
ANE  GALPARSORO GARMENDIA

SATOR BEGI, SUDUR OKER

 

   Ostras! Eta zer egiten dut nik orain…paso txoferrari ezer esatea. Ez daukat toailitarik. Eta edukita ere ez naiz hemen denen aurrean eserlekua garbitzen hasi behar. Ba horrelaxe geldituko da eserlekua. Motxila jarriko diot gainean eta denak irten arte itxarongodut ni irtetzeko. Galtzak odolez zikindu ditudala ez ikusteko, jertsea kendu beharko dut eta gerrian jarri; hotzak akabatuko naiz baina... Joe! Ez zitzaidan oraindik tokatzen, hiru aste bakarrik pasatu dira azkenekotik! Ez dut ez konpresa eta ez tanpoirik ekarri. Nezeser txikia gelan geratu da. Izan ere, derrigorrez ekarri beharreko gauza guztiez gain, badaezpadakoak ere ekartzen hasten bagara, orain datorren aldapatzarra igotzeko gurpildun karro bat beharko genuke.

  • Agur!
  • Agur!

   Txofer gizarajoa, eserlekua ikusten duenean nire amarekin gogoratuko da. Ostras! Zer… mina! Ba amari ezin diot esan berriro minez nagoela eta denbora baino lehen jaitsi zaidala hilerokoa, ginekologoarengana eramango nau bai ala bai eta nik paso!! Iratik izango ditu, seguru. Irati neska perfektua da. Sekulako gorputza dauka, ilea beti liso liso eramaten du eta oso ondo jazten da. Ikusi, gaur ere Golden Goose zapatila berri berriak daramatza, bere super gabardina eta Longchamp poltsa. Galdetu egingo diot.

  • Irati  konpresa edo tanpoirik ba al duzu?
  • Bai, poltsan ditut. Gora iristean emango dizkizut.
  • Bale, eskerrik asko!

   Banekien ekarriko zituela. Irati fisikoki perfektua izateaz gain eta ondo jazteaz gain ona da gauza guztietan. Ona da kiroletan, ona da musikan, super ondo dantza egiten du, ona da harremanetan, mutil guztiak bere atzetik ibiltzen dira; eta ona ez, oso ona da ikasketetan… ez ni bezala, 1,50 neurtzen duen granoz betetako kupel itxusi bat, sator begi eta sudur okerra dituena. Ez dut sekula bikoterik izango. Zeinek begiratuko dit ba neri? Sarak behintzat ez. Atzo asteburuan zinera edo txirrinduan buelta bat ematera joateko proposatu nionean mila aitzakia tonto jarri zizkidan nirekin ez gelditzearren. Anaiari ez dakit zer lan egiten lagundu behar diola, lehengusu batentzat opari bat erostera joan behar duela…esan besterik ez zidan ez duela nirekin gelditzeko asmorik, ez nauela gustoko. Liernik esan zidanez neskak gustatzen zaizkio, Norarekin denbora batez egon omen zen, baina argi dago ni ez naizela bere tipoa. Ez berea eta ez beste inorena. Agian berriro ere dieta egiten hasi beharko dut. Baina egunero, otorduero, gurasoen sermoiak ez entzuteagatik bakarrik ere… gauza ez dela jateari uztea, osasuntsu jan eta kirola egin behar dela, ez nagoela gizena…Pufff!!! Goizero aldapa hau igo beharra tortura bat da. Ez dakit zergatik instituto gehienak herri kanpokaldean eta aldapan gora egoten diren. Ikasleak esnatuta iristeko, pirarik ez egiteko… baino jode! Jode! Jode! Uuuuhh! Klasea hasi aurretik ibuprofeno bat hartu beharko dut mina okerragora joan ez dadin.

  • Mara, irten behar duzu larunbatean?

   Ez dakit zer erantzun. Nola esan zigortuta nagoela egunetan gela guztiz desordenatuta edukitzeagatik, ohea ez egiteagatik eta gurasoei gaizki erantzuteagatik?

  • Bai, noski, irtengo naiz bai.

   Joan den eguneko erreakzioagatik barkamena eskatu eta gela txukundu beste erremediorik ez zait geratzen larunbatean irten nahi badut. Gurasoak bazkaltzera iristerako ogia ekarri, mahaia jarri, mahaia jaso, kafea atera eta ustekabeko musutxoren bat ematen badiet bi egun hauetan, ziur zigorra altsatuko didatela. Hala ere oraingoan ez didate mugikorrik kendu eta tira! Hil egingo nintzateke mugikorrik gabe egun bat baino gehiagoan. Ez dakit nola bizi daitekeen TikTok eta Instagram gabe. 

  • Tori Mara!
  • Eskerrik asko Irati, itzuliko dizkizut.
  • Lasai, ez da beharrezkoa.

   Zeinen perfektua den neska hau eta zer lurrin usain goxoa duen! Oh, Oh! Mugitu beharra daukat, bost minutu ditut komuneko buelta egiteko. Ate honek kisketarik ez dauka, ea hurrengoak…Honek bai. SARA X NORA. Ez dut ulertzen jendeak komuneko ateetan beraien maitasunaren lekukoa uzteko duen ohitura hortera hori. Agian orain elkarrekin ez daudenez Nora ezabatu egin beharko litzateke. Baina nor naiz ni inoren izena komuneko atetik ezabatzeko? Ez daude elkarrekin. Ezabatuta.

Ah! Ibuprofenoa. Txorrotatik zuzenean hartu beharko dut ura. 

 

TIRRRIIIIIIINNN!!

 

   Hara! Txirrina da. Gaur osteguna, KZP dugu lehenengo orduan. Sexu identitateari buruzko pelikula hori ikusten jarraituko dugula pentsatzen dut, “20.000 especies de abejas” edo…Ez litzateke ideia txarra amarekin ere pelikula hori ikustea eta horren arira hizketaldi bat izatea. Nik uste amak badakiela ni lesbiana naizela, baina ez duela ezer esaten. Seguro nago nahiagoko lukeela ni heterosexuala izango banintz, baina nire zoriontasuna aurretik jarrita, amak onartuko lukeela esango nuke. Aitarena beste gauza bat izango da…Lehenengo amari esango diot eta bera izan dadila aitari pixkanaka ulertarazten diona. Dena dela zalantza egiten dut inoiz onartzera iritsiko denik nire aita. Eta Lukeni, ba, esango diot. Bere jende aurreko irudiari eragingo dio, ez du ondo hartuko, baina nere bizitzaren jabe ni naiz eta errespetatu beste irtenbiderik ez zaio geratzen.

 

   Azkena naiz gelara sartzen. Irakaslea proiektorearekin borrokan ari da. Paperezko hegazkin bat dut ahulkian. Zerbait idatzita dauka hegaletan. Ea zer dioen:

 

“ATSEGIN DITUT ZURE BEGIRADA MISTERIOTSUA, IRRIBARRE GOXOA ETA NORTASUN SENDOA”

 

   Wow! ez dago inork sinatua. Nor izan ote da ohar hau bidali didana? Txantxa bat izango da ziur. Eta Sara izan bada?... Nik bai nahi! Txantxa bat ez bada, nire gorputzetik haratago ikusten duen norbait badagoela esan nahiko luke. Ispiluaren aurrean jartzen naizenean begi txikitxoak eta sudur oker bat besterik ez ditut ikusten. Nire begirada misteriotsua al da? Litekeena. Eta irrifarrea goxoa? Baita ere. Ez nukeen esango inork begirada edo irrifarre batean erreparatuko zukeenik. Nortasunari dagokionez ordea, oharra idatzi duenak oraindik ez nauela oso ondo ezagutzen esango nuke. Zalantza, ziurtasun gabeziaz eta beldurrez gainezka bizi naiz, beti besteek nitaz zer pentsatuko dutenaren menpe. Besteekin alderatu eta gutxiago, txikiago, eskasago sentituz…

  • Mara! Non zaude? Pelikula hasita dago!
  • Barkatu Idoia! Pentsamendu txarren preso nengoen hor nonbait.

   Pelikula proiektorean ez ezik gelan bertan ere badut nik. Zein izan ote da mezu hau idatzi didana? Sara adi dago pantailari begira, eskubitara ditudan beste guztiak bezala. Ezin izan du bera izan, nere erreakzioaren zai egongo litzateke. Ai ama! Oinatz eta Manex…biak ditut begirik kendu gabe begira. Manexi aurpegia gorri gorri jartzen ari zaio eta irribarre egin dit. Uufff!! Hau desilusioa, nik Sara izatea nahi nuen.