AIORA JAUREGI PAGALDAY
AINGURATUAK
Ainguratuak
Bota dut.
Bota dut aingura
oroitzapenen ozeanora.
Ez dut mugitu nahi,
ez dut joan nahi.
Bota dut aingura ozeanora.
Erregutu diot,
oszilazio eternalean dabilen
erlojuari,
ez jarraitzeko.
Geratzeko, pausatzeko,
behingoz.
Geratzeko, pautsatzeko,
betirako.
Tik - tak
“Ez!”
Oihuaren uhinak galdu dira
oihartzunik ez den ozeanoan.
Lotu dut aingura,
ez dut joan nahi,
ez dut askatu nahi.
Lotu dut aingura itsasontzira.
Eztarriko korapiloak bezain estu lotu dut
olatuek
aurrera eraman ez nazaten.
Tak - tik
Han ikusi ditut igerian,
paperezko ontziak, kometa h a u t s i a k
amonaren kontuak, amaren kantuak
hartza panpinak eta koloretako pultserak
Han.
Igerian.
Uretara salto egin nahi dut,
igerian ibili nahi dut,
nire gorputza
minez
estali nahi dut
-urak sendatuko duen esperantzaz-.
Tik - tak
Aingurak bertan dirau
baina olatuek aurrera bultzatzen naute, iparraldera
hitzek zentzurik ez duten
denborak baliorik ez duen
arrosak landatzen diren
eta ahaztua izango naizen
iparraldera.
Gero eta bortitzago, zakarrago
Orain tik
gero tak
tik tak
Tak - tik
Denbora aurrera doa
-iraganean ainguratuak bagaude ere-.
Tik-tak
Tak-tik
…
Eta ahaztutakoekin batera
ahaztuak bihurtuko gara
berriro.