KATTALIN ZURUTUZA ESKISABEL
LAU EMAKUME EZBERDIN-BERDIN
Doinua: Irun badaukazu zerbait
Hogeita bost urterekin
bukatua dut karrera,
neska gazte bat soilik naiz
lan-merkatuan barrena,
Baina postu bat lortzeko
izan behar dut guapena,
bestela ez dut lortuko
eta hori da zailena,
Tabernetako gizonen
begirada da txarrena
Objektu huts bat bezala,
ikusten naute “haiena”
itxuraren menpe dago
nire etorkizun dena,
gorputza azkenerako
bilakatu zait kondena.
Hamar urte pasa dira
hil zela nire senarra,
Okerra daukat bizkarra
ta eroria bularra,
kaletik jasoaz pena
begiradak barra-barra,
haiek ez dakiten arren,
barruan dut nik sugarra
nire bizitzan lehen aldiz,
ez dut inoren beharra,
gainean erori baitzait
askatasun kazkabarra,
euria ere behar da
ager dadin ostadarra,
gorputza ahul izan arren
indartsu dut irribarra.
Emakume txinatarra
naiz berrogei urterekin,
bi milagarren urtean
iritsi nintzen etorkin,
etxean hainbat arazo
neuzkan diru kontuekin,
honaino etorri nintzen
atzean utzita Pekin,
ordudanik ibili naiz
lanean ekin ta ekin,
gutxi ordaintzen didate
ta bizi naiz haretxekin,
eta horrez gain jendeak
behatzen nau penarekin,
guzti hau hobetzea
espero dut denborakin
Emakumea izatez,
urteak berrogeitama,
bakar-bakarrik bizi naiz
bizkarrean badut zama,
jada irabazia dut
herriko neska zahar fama,
Jendea sarri galdezka
“Ez duzu izan nahi ama?”
haurrik izan nahi ez badut
ez da hainbesteko drama,
badaukat familia bat
ta badaukat nire lana,
hauxe da nire bizitza
hauxe da nire izana,
ta gustuko ez baduzu
ez zaitez hurbil nigana