KATTALIN ZURUTUZA ESKISABEL
HEGALDAKA
Hegaldaka,
hegazti-samaldetan,
dabiltza txoriak nire inguruan.
Elkartzen eta urruntzen,
denek osatzen dute bakarra,
forma aldatzen duen izaki airetsua.
Eta han nago ni,
begirada galdua,
hegaldaka dabiltzan guztiei so.
Sentitu nahi dut lotura,
airean marrazten dituzten hari ikusezinak,
eta hegoak zabaldu ditut,
euren artean sartzeko.
Saiatu naiz,
baina alferrik:
erritmo bizia ez dut harrapatzen,
eta ni gabe joan dira.
Behean pausatu naiz berriz,
txorien mugimendu dantzari begira,
eta beste multzo bat ikusi dut.
Beste txori erraldoi bat,
beste aireko forma bat.
Haiengana hurbildu naiz,
agian…
ni onartuko nautelakoan.
Sartu naiz.
Baina, hurbil sentitu arren,
urrun daude oraindik.
Hegazti-andanan nabil hegan,
baina taldean ez.
Hala berriro lurrean pausatu,
eta hegaldaka dabiltzan txori guztiei begira geratu naiz.
Bilatuko ote dut noizbait nire hegazti-saldoa?
Non dira nire kideak?
Agian,
haiek ere gustuko ez duten multzo batean daude,
eurenak ez diren hegalak osatuz.
Agian,
noraezean dabiltza, galduta,
eta, ni bezala,
hegaldaka dabiltzan guztiei so gelditzen dira.
Ahalko banu,
mezu bat bidaliko nieke:
lasai egon.
Egunen batean,
denok elkartuko gara,
airean dantzan diren hego bakarti horiek
formazio bateratu bihurtuz.
Eta orduan,
bakardadearen zauri zaharrak
ondo-ondoan zainduko ditugu,
elkarrekin jositako orbainak sendatuz.
Ez dugu gehiago galdetuko non dagoen gure andana,
ezta zein koloretakoak diren gure kideak
Agian hegan goaz oraindik,
noraezean dabilen haizeak eramanda
edo agian pausatu egin gara,
hurbiltasunaren gezurra sentitzeko hegazti-samaldan.
Egunen batean,
agian,
hego guztiak lerrokatuko ditugu.
Eta orduan,
zerua,
gure bidea izango da,
etxe bihurtuko dugu.