Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Idazlehiaketa

DUNA URTEAGA JAUREGI

B Maila Prosa aipamen saria
Duna Urteaga Jauregi naiz, txikitatik Beasaingo ikastolan ikasi izan dut eta idaztea ere betidanik gustatu zait. Bertsolaritzan murgilduta nago eta olerki zein prosa estiloko lanak idaztea gogoko dut. Idatzitako lana gustatzea espero dut.

GEHI BAT

Batzuetan, egun batean, momentu batean, dena aldatzen da. Jada ez zara inongo parte, ez zara inoren pertsona. Horrek mina egiten du, eta igarotzen den segundu bakoitzeko bihotzean ezpata bat sartuko balizute bezala da. Airea astuna bilakatzen da, segunduak ordu. Beti ezagutu zenuen bizi hori, jada ez da berbera, baina denak berdin jarraitzen duela dirudi. Inor ohartu ez balitz bezala da, badirudi besteen segunduak ez direla ordu bilakatu, badirudi besteen aireak lehen bezain arin jarraitzen duela. Momentu horretan ohartzen zara, bakarrik zaude, ez dago inor zure inguruan. Mundua jendez betea egon arren, bakarrik zaude, eta zure barruan harrapatuta gelditzen zara.

Begirada atzera bota eta orduan ohartzen zara, zu sartu zarela zure barnean, ez zaitu inork harrapatu. Zuk erabaki duzu, beste inork ezin zaituela lagundu. Zure erabakia izan zen. Orduan egin berri duzun akatsaz ohartzen zara, baina berandu da, jada ez dago atzera bueltarik. Beno… denbora kontrolatzeko ahalmenik ez duzun bitartean behintzat ez.

Dena aldatuko zenuke, zure buruarekin hitz egin, baina ezin da. Orain egin duzun guzti hori desegin beharrean zaude, eta horretarako lehen pausoa, zure barrutik ateratzea da. Ez da pauso erraza, baina eman beharrekoa da. Orduan noraeze batean gelditzen zara, zaila da laguntza eskatzea, mundu guztiari ezetza eman ondoren, baina laguntzarik gabe, ez dakizu zer egin. 

Mila ideia datorzkizu zure burura, mila ideila, baina ez dago zure barnetik aterako zaituen ideiarik. Denbora igarotzen da, eta denak berdin jarraitzen du, bakarrik jarraitzen duzu, eta jendea oraindik ere ez da ohartu ere egin. Beraz, pausu mingarri bat ematea erabakitzen duzu, ez da erraza, baina ez dago beste irtenbiderik. Egiteko gogorik ere ez duzu, baina bestela zer? Nondik aterako duzu erantzuna? Non bilatuko duzu irtenbidea? Orduan, gelditzen zaizkizun indar guztiak hartu, eta segundu batez, zure inguruaren errutina eten eta lau hitz irteten dira zure ahotik: “Psikologoarengana joan nahi dut”. Inguruak harriduraz begietara begiratzen dizu orduan, arraroa da, normalean inork ez baitzaitu begiratzen. Bi hitz entzuten dituzu: “Ondo zaude?”, eta jada hitzak zure ahotik irteteko behar duen energia ere ez duzu, eta buruarekin “baietz” eginez amaitzen da dena. Berriro ere, errutinen trabaren gainetik, denak lehen bezala jarraitzen du. Berriro ere bakarrik zaude, zure barruan, baina orain jada lehen pausua emana dago. Bigarrenarekin hasteko ordua da.

Hasieran lehen pausuaren ondoren dena erraza izango zela uste zenuen, edo agian esperantza huts bat zen, nork daki. Baina bigarren pausuarekin hasi behar zaren horretan ikusten duzu, lehena bezain zaila eta nekagarria dela. Jada dena da nekagarri, gorputzak mila kilo pisatzen dizkizu. Lehen egin nahi zenuen guzti hori egiteko indarrik gabe geratu zara. Izan ere, harrapatuta gelditze horretan zure buruarekiko zenuen kontrola galtzen duzu. 

Psikologoarengana joaten zara orduan, lehen aldia da. Zalantza bat datorkizu: “Nola esango diozu munduari?”. Orduan ohartzen zara, berdin duela: mundura iritsi behar zara munduari zerbait esan nahi badiozu, eta oraindik zure barnean jarraitzen duzu. Hori etorkizuneko arazoa izango da, etorkizun horretara iristea lortzen baduzu behintzat. Urrun ikusten baita etorkizun hori, zure barnetik askatuko zaren etorkizun hori. Ez dakizu heltzea lortuko duzun, agian etsi egingo baituzu.

Momentu horretan gelara sartzen zara. Pertsona arrotz bat dago zure parean, zuri begira, eta isiltasuna da nagusi momentu horretan. Isiltasunak gela osoa hartzen du, eta bat-batean, airea hoztu egiten da. Zure buruan berriz, burrunba da nagusi, zure buruan ez dago isiltasunik… Tira, agian momenturen batean isiltasuna egon zen, baina jada ez zara oroitzen, aspaldi baita zure barruan harrapatuta gelditu zinela. Aspaldi da, zure gainean gerra hotz konstante batek agintzen duela, eta aspaldi horretan, ez da bakerik egon, ezta segundu batez ere.

Asteak igarotzen dira, asteak gela hotz horren barruan, zure lehen hitza askatzeko. Orduan ezusteko batez, zure aurrean dagoen pertsona arrotzak erantzuten dizu, eta oraingo honetan ez dira bi hitz izan, badirudi bera zure barnean sartzeko gai dela. Edo istante batzuetan zehar, zure barnetik ateratzen zaituela. Ezin jakin zein den erantzun zuzena, baina ez du axola. Izan ere, horrela energia lortzen duzu, eta zure barnetik hitz gehiago ateratzen dira. Zure ahotsak indarra hartzen du, gero berriro ere indar guztia galtzen duen arren.

Lehen zure aurrean zegoen pertsona arrotzak, jada arrotz izateari uzten dio, eta zure lagun bilakatzen da, zure lagun bakarra. Bere hitzek besarkatu egiten zaituzte, haize ufada bat balira bezala. Horrelaxe hasten da hirugarren pausua, eta berriro ere noraezean gelditzen zara. Psikologoak zure burua askatzeko pausu batzuetan lagundu dizu, baina orain zuk eman behar duzu urratsa, azken pausoa da. Baina hau da pausorik gogorrena, mila aldiz harrapatuta gelditzen zara urratsaren erdian, eta mila aldiz berriro hasten zara. Geroz eta energia gutxiago geratzen zaizu, geroz eta nekatuago zaude, saiakera guzti horiek ez dira dohainik izan. Psikologoak energia gehiago ematen dizu, baina jada ez da nahikoa. 

Lehen zenuen normaltasun horretara itzuli behar zarela dio behin eta berriz, baina jada, normaltasun hori urrunegia da, berriro ere normaltasun bilakatzeko. Zure bizitzaren amaieraren inguruan bueltak ematen hasten zara, agian hori da momentua, agian jada ez zara zoriontsu izango, amaitu da. Baina beldurra handiegia da… Nola egingo ote duzu horrelako zerbait? Eta zure lorpen txiki horiei helduz jarraitzen duzu. Ez dakizu nola… Zu ere ez zara ulertzeko gai, baina hemen zaude, hemen zaude bizi izan duzun guzti horren ondoren.

Orduan, milioika saiakeraren ondoren, lehen zure ingurua zen horrekin hitz egiten hasten zara. Lehen zure lagunak ziren horiek ikusten dituzu, baina jada ez dira zure lagunak, dena alde batera utzi zenuenean, inork ez zintuen ulertu. “Ez da beraien errua”, diozu zuk… Agian zurea da, hori ezin jakin. Ikasgelan hitz batzuk egiten dizkiozu zure ondoan dagoenari; lehen aldiz begiratu diozu aurpegira, ezagutzen zenuen, beti joan izan zara berarekin ikastetxe berdinera… Baina lehen aldiz begiratu bazenio bezala da. Denbora luzez egon baitzara inori hitzik egin gabe, eta dena aldatu da, burua askatzea lortu duzun horretan, jada dena da arrotza. Helburua bete duzu, jada ez zaude zure barnean… Askatu zara, inoiz sinetsiko ez zenuen arren, jada zure barnetik askatzea lortu duzu.

Baina beste arazo bat dago; orain munduaren parte zara, baina bakarrik zaude, eta min egiten jarraitzen du. Mina handiagoa da gainera, bizkarretik sartu baitzaizu. Ez zenuen hori espero, baina horrela gertatu da. Leku guztietara begiratzen duzu, baina leku guztietan egoera berbera da, joaten zaren lekura joaten zarela ere, “taldea gehi bat” izaten da, eta zu zara “gehi bat” hori. 

Indarrak badoaz berriro ere, nekatuta zaude, baina indartsua izan behar zara, hori esaten diozu zure buruari. Baina jada ez duzu indarrik, ez duzu indartsu izan nahi, ez zenuen hori eskatu, inoiz ez zenuen indartsu izateko beharrik nahi izan. Dena uzteko momentu egokia dirudi, zure bizitzaren amaierarako unea, izan ere “gehi bat” izateari uzteko ezinean zaude. Inoiz ez zara zoriontsu izango, ez lehen bezala. Zoriontasun faltsu bat sortu duzu nolabait, denbora luze horretan egoerari aurre egin ahal izateko, baina ez da egiazkoa, ez da existitzen. Bizitzari amaiera emanez gero ordea, zure sufrimendu guztia alferrik izan da… Zure gaineko gerra horretan gau eta egun ibili izana alferrik izan, eta gelditzea erabakitzen duzu. Baina ez aurrera ez atzera geratu zara… Zer egin dezakezu?

Hori da nire galdera… Izan ere, ni ere ez aurrera eta ez atzera gelditu naiz, eta ez dut betiko “gehi bat” izan nahi.