Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Idazlehiaketa

HAIZEA IZAGUIRRE GOÑI

B Maila Prosa aipamen saria
Haizea Izaguirre naiz, Iruñan jaio nintzen 2009ko apirilaren 2an. Beasainen bizi naiz eta La Salle San Jose ikastetxean ari naiz ikasketak burutzen. Kirolzalea naiz eta bereziki eskubaloia da gehien gustoko dudan kirola. Irakurketa eta ingurunearekiko jakin-mina txikitatik izan ditut gogoan, eta horiek nire interes pertsonalen parte dira oraindik ere.
HAIZEA IZAGUIRRE GOÑI

HERRIAK BAKARRIK SALBATZEN DU HERRIA

Beti pentsatu izan dut nire bizitza sinplea zela. Nire arazorik handienak institutuko azterketak, anaia txikiarekin izandako borrokak eta  denbora gehiegi pasatzen nuelako mugikorrarekin, gurasoekin nituen eztabaidak ziren. Valentziako auzo xume batean bizi ginen, bizilagunok elkar agurtzen genuen igogailuan, baina bakoitzak bere bizitza bizitzen zuen. Ez genuen uste gu guztion bizitza gau bakar batean aldatuko zenik. 

 Egun arraroa zen. Arratsaldean zerua ilundu egin zen, gaua aurreratuko balitz bezala ilundu zen. Amak leihoak ondo ixteko esan zigun, ekaitz gogorrak iragarri zituztela eta. Baina etxean inor ez zegoen kezkatuta. Horrelako iragarkiak askotan izaten ziren eta ez zen ezer gertatzen. Denok bizi izan genituen euriteak lehenago, eta albisteek DANA bati buruz hitz egiten bazuten ere, ez genuen inoiz pentsatuko hain suntsitzailea izango zenik. Euria hasi zenean, beste edozein ekaitzetan bezalakoa zen. Nire aitak, Paiportako merkataritza-guneko supermerkatu batean egiten zuen lan, amari berandu aterako zela esateko deitu zion. "Dena lasai dago hemen", esan zuen. Baina handik gutxira gauzak aldatu egin ziren. Gaueko hamarrak inguruan, euri jasaren ondorioz, uraren maila bizkor igotzen hasi zen. Nire leihotik kaleak ibai erraldoia bihurtzen ari zela ikusi nuen, autoak, edukiontziak eta altzariak uraren indarraren ondorioz nola eramaten zituen. Orduan konturatu ginen zerbait ez zihoala ondo: ez zen larrialdietako alarma entzun. Ama, mugikorra eskuan, zergatik inork ez zion jendeari arriskuaz abisatzen ulertzen saiatzen zen. "Hau kontrolpean zegoela esaten zuten", xuxurlatu zuen amorruz. Bitartean, ura ataritik sartzen hasi zen. Bizilagunak oihuka ari ziren, batzuk ahal zutena salbatzen saiatzen ziren, baina gehienak bere burua salbu jartzen ahalegintzen ziren. 

 Nire amak dei bat jaso zuen nire aitarengandik. Merkataritza-gunean harrapatuta zegoen; uraren ondorioz, sarbide guztiak itxita zeuden eta ezin zen irten. "Ez kezkatu nitaz", esan zuen, lasaitasuna adierazi nahian. Baina haren ahotsak dardara egiten zuen, eta horrek inoiz sentitu ez nuen beldurra sentiarazi zidan. Nire anaia txikia negarrez ari zen, eta gure txakurra, Lur, zaunkaka ari zen etengabe. Amak hirugarren solairura igotzeko eskatu zidan anaiarekin, bera Lur salbatu nahian zegoen bitartean. Lur atzeko patioan harrapatuta zegoen, eta ura leporaino iristen ari zitzaion. Hirugarren solairura iritsi nintzenean, leihotik begiratu eta zerbait ikusi nuen, erabat izututa utzi ninduena: bi haur txiki zituen familia bat auto batean harrapatuta zegoen. Ura azkar igotzen ari zen, eta irteten saiatzen ziren arren, korrontea gogorregia zen. Haurren garrasiak uraren hotsarekin nahasten ziren, pasaeran dena joz. Autoa poliki-poliki hondoratzen ikusi nuen, eta inork ezin izan zuen ezer egin. Begiak itxi nituen, baina garrasiak buruan nituen oraindik, ez ziren isiltzen. Nire amak Lurrekin igotzea lortu zuen, blai eta dardarka zeuden biak, baina beste batzuek ez zuten zorte bera izan.

 Gau hura amesgaizto amaigabea bezelakoa izan zen. Hirugarren solairutik, ikusi nuen bere txakurra salbatu nahian zebilen emakumea, korronteak arrastaka zeramala. Ikusi nuen kalea gurutzaten saiatzen ari zen gizona, bere alaba besoetan zuela, urak eramaten. 

Ura mailaz jaisten hasi zenean, gorputzak ikusi nituen kaleetan flotatzen. Albisteek zioten "agintariak horretan lanean ari zirela", baina inor ez zen agertu. Suhiltzaileak ez ziren iritsi, polizia ez zen han egon, eta gobernuak ez zuen ezer egin. Hurrengo egunean, urak atzera egin zuenean, auzoa suntsituta zegoen. Etxeak urpean, autoak elkarren gainean pilatuta, eta kaleak lokatzez eta hondakinez estalita. Baina suntsitzaileena bere maiteak galdu zituztenen aurpegiak ikustea izan zen. Auzokide bat dut gogoan, Irati. Lehen solairuan bizi zen, alaba txikiarekin eta txakurrarekin. Hirugarren solairura igo ginenean, inork ez zuen ikusi. Hurrengo egunean, haren gorputza aurkitu zuten kale nagusian, alabari besarkaturik. Bere txakurra metro batzuk harantzago zegoen, hura ere hilda.

 Laguntza ez zen erakundeetatik etorri. Sare sozialetatik etorri zen. Espainiako alde guztietako gazte-taldeak antolatzen hasi ziren. Instagram, TikTok eta WhatsApp erabiliz, gehien kaltetutako herriekin harremanetan jarri ziren. Andaluziatik, Kataluniatik, Euskal Herritik, Madrildik, Galizitik eta horrela Espainiako probintzia guztitik etorri ziren laguntzera. Boluntarioek janaria, arropa eta garbitzeko tresnak ekarri zituzten eta honaino etortzerik ez zuten pertsonek, probintzia bakoitzean janaria, arropa, garbiketa-produktuak eta pixoihalak jasotzeko guneak antolatu eta jarri zituzten. Batzuek urez betetako etxeetan harrapatuta jarraitzen zuten, erreskatatzeko ekipoak eta animaliak ere ekarri zituzten. Donostiako mutil talde batek txalupa puzgarriak ekarri zituen eta urez betetako kaleak zeharkatzen hasi ziren, oraindik bizirik egon zitezkeen pertsonen edo animalien bila. Haietako mutil bat ikusi nuen, 20 urte ingurukoa, familia bat harrapatuta zegoen, itotzeko zorian eta gazte horri esker familia erreskatatu zuten. 

 Mina eta tragedia izan arren, itxaropen uneak egon ziren. Aurretik elkarri agurtzen zuten bizilagunak elkarrekin lanean hasi ziren. Janaria, arropa lehorra eta erosotasuna partekatzen hasi ziren. Haiek ziren kaleetako lokatza garbitzen zutenak, dena galdu zuten familiei laguntzen zietenak. Orain, gau horretan pentsatzen dudan bakoitzean, amorrua eta harrotasuna nahasten zaizkit. Amorrua, gobernuak gehien behar genuenean utzi gintuelako. Alarmek ez zuten jo, agintariek ez zuten ezer egin, eta politikariak handik egun batzuetara baino ez ziren agertu lokatzetan argazkiak ateratzeko. Baina harrotasuna ere sentitzen nuen, inoiz ahaztuko ez nuen zerbait ulertu nuelako: herriak bakarrik salbatzen du herria.

 Gau hark betiko aldatu ninduen. Gizateriaren txarrena eta onena ikusi nuen. Eta euria egiten duen bakoitzean beldurrak hor jarraitzen badu ere, badakit ez gaudela bakarrik. Zeren, azkenean, gu geu gara elkar altxatzen dugunak, ekaitzik txarrenetan ere.