LEIRE IRAETA ESNAOLA
HERIOTZAREN OSTEKO ASKATASUNA
Urteen orbanak azalean,
jakinduriaren izpiak zimurretan.
Gudariaren nekea itxitako betazaletan.
Oxigenoa eskatzen duen aho zabaldua,
nabari da nolabaiteko herioan.
Birika zaharren motor hotsa,
pilatutako karkaxaren burrunban.
Besterik ez da nabari barrenean.
Aitonak badu zurbiltasunik,
ez ordea epeltasunik.
Ohial beroz jantzia egonagatik,
badijoakio berotasun apurrik.
Hartu du jada patuak erabakirik.
Hilotzaren orban eta zimurrak,
ahazduraren kutxan baitaude giltzapeturik.
Itxiak daude orain betazal eta ezpainak,
kolaz gogoz kontra jarri baitituzte itxirik.
Behin haren ahoak kantatutakoak,
orain gure zimurretan islatuak.
Orbanetan agertuko emandako musuak.
Itzali baitira burrunba hotsak,
ez baitaude martxan motorrak.
Gorputz zuria ohean etzanda,
hoztu egiten du arimaren faltak.
Har dezala atseden jada aitonak.
Bere barnean giltzapetua zegoen esentzia,
orain hegan egiteko aske da.
Gaitzak eraiki duen kaiola
berberak suntsitua da jada.
Orain aske dabil hegan txoria.
Enarak udaberrian bezala,
etxera itzuliko da aitona.
Zoriontsuen izan zen garai hartara.
Bere izatearekin berriz ere bat egitera.
Azken agurra dantzatzen,
hodei grisen negar malkoak
nireekin bat egiten.
Soinujoleen hauspoa berriz,
nire birikekin konpasean mugitzen.
Hilkutxa ikurrinak du babesten.
neronek oroitzapen politak,
neure baitan gordetzen.