LEIRE IRAETA ESNAOLA
BIZITZA ETA HERIOTZA
Ohe inguruan kontu handiz eseri naiz, lehen aldiz aitita Martin zehaztasunez aztertzera ausartuz. Gorputz argala du aititak eta ospitalean zegoeneko garaiez oroitu naiz. Han ere antzera geunden, eta familiakoak inguruan ez zeudenean, ni aititarekin geratzen nintzen bakar-hizketan. Bere begiak lasai itxiak egon ohi ziren, amets gozo batean balego bezala eta zer imajinatzen ariko ote zen galdetzen nuen nire baitan. Guretzat ordea, ez zen inondik inora amets gozo bat. Sei hilabete. Sei hilabete zeramatzan gure Martinek gaixo buelta eman ezinik, amildegi altu batetik jauzi eta erortze hori inoiz baino luzeagoa egingo balitzaio bezala. 90 urte bete ditu gaur gure zaharrak, orain bi urte Dolores joan zitzaion albotik eta badirudi ordundik maizago betetzen dituela urteak. Gezurra dirudi, duela hilabete ekarri zutela ospitale ilun hartatik. Orduan amak berria kontatzen zidan bitartean, irribarre lauso bat erakusten zidan arren, bera bezainbeste nekien, ordutik aurrera egoera ezela aldatuko.
- Lasaigarriak eman besterik ez dugu, ez dago zereginik -esaten ziguten herizainek-
Mendea betetzera gerturatzen zaren einean, gizarteak nolabait ezkutatu nahi izaten ditu zimurdun zein gaixoak; heriotza atzeratu eta honen zain ezinegonean baleude legez. Une hartatik aurrera, gela txiki honetako lau pareten artean dagoen ohe zaharrean soilik ezagutuko nuen nire aitita Martin.
Une batez, sabeleko ostikada txikiak mundu sentikorrera itzularazi nau. Badira egun batzuk ia lorik ere egiten ez dudala, badirudi semeak presa duela bere birraitona ezagutzeko. Halako batean, begiak poliki-poliki irekitzen hasi da aitita, bere gainean begirada baten pisua sentituko balu bezala. Orduan egin dute gure begiradek topo eta bere begi busti horietan pausatu naiz, baina ez negar egitearenak, zahartzaroarenak baizik. Udaberriko zeru urdina etorri zait burura, hego-haizea sentitu dut nire azal zuria laztantzen; eguzkiaren argia, nire zelulak berpizten. Bere begien zeruak zeharkatutako lurralde guztiak imajinatu ditut, ikusi eta ezagutu dituen neska-mutil guztiak eta aititak oraindik periodikoko “zazpi akatsak” egiten zituen garaira itzuli naiz. Kristal-lodiko betaurrekoak jantzi eta bere alboan esertzera deitzen nindueneko garaitara. Udaberri hartan esan zidan esaldi hartara:
- Mirari, hator nire ondora, gauza garrantzitsu bat esan behar dinat eta.
Begiak zabal-zabalik erne eta belarriak so nituela egin nion kasu gure aititari:
- Hik badakin bizitza ozta-ozta zer den, hamaika urte ez ditun besterik gabe betetzen. Ez zekinat bihar edo etzi hemen egongo nauken eta horregatik esaten dinat orain. Jakin behar dun, zahartzen ohala, momentua bizitzen; izan ere, urteak konturatu gabe pasatzen ditun. Eta gogoan izan: bizitza bi egun ditun Mirari.
Bere eskuetan pausatu dut orain nire begirada, ohe gainean gurutzaturik dituen esku ahuletara. Behin horrela, etxe-atzeko zelaian bere aitaren laguntzaz landatu zuen Intxaurrondoaren argazki zuri-beltza etorri zait burura. Amak intxaurrondo zaharra deitzen zion hari eta nik orduan ez nuen jakiten zehatz, Intxaurrondoaz ala aititaz ari zen. Hala eta guztiz ere; bada hilabete, Intxaur arbola gaitzak jota dagoela.
Zaharrak zutik nekez jarraituko duelakoan, intxaurrondo gazteago bat aldatzekotan gabiltza azken aldian.
Ohartu gabe, nire sabela laztantzen ari nintzen, erditzerako egunak urduritasunez kontatzen nituen bitartean. Ondorioz ez naiz horman sostengaturik zegoen emakumearen presentziaz jabetu. Takoi hotsa lagun duela gerturatu zait ama, segidan eskua nire sorbaldan jarriz. Begi negartiak ditu gure amak, baina ez dute aitonarenekin zer ikusirik. Badirudi amak, gaua iratzarrik igaro duela, amets gaizto baten barruan egon eta hartatik esnatu nahian ibiliko balitz bezala. Mahukatik atera duen zapi zuri baten laguntzaz lehortu du erortzera zihoakion malkoa eta alkoholarekin, odolez zikindutako zauria lehortzera zihoala iruditu zait.
-Egunak daramatza ia hitzik ere esan gabe, badirudi iktusak Martin gaixoa eraman digula…
-Ama, hau guztiaren aurretik ere jada ez zen geuk ezagutzen genuena.-Jarraitu nuen nik, baina jada Elbirak ez zuen entzun ere egiten edo ez-entzunarena egiten zuen-
-Aititak ezingo luke jasan bere burua horrela ikustea. Ezingo luke.-Esaten zuen behin eta berriz-
Amari kontua eskuetatik joaten ari zaiola dirudi, badakit joan diren bi urteteetan ez duela atsedenik hartu. Hasieran, amona Doloresen dolua zela eta, ondoren Martinek pilulak hartzeari utzi ziola, eta orain hau. Amak, pizagarri bat edo esku bat behar duela aspaldi igarri diot, baina pausua ematera ausartzen ez ginen horretan, azkenerako erabaki bat hartu behar izan dut. Bada garaia, Iratzeta baserriari oinordetza emateko; bada garaia, behin horrela Armendariztarren arbasoek erositako baserria tristuratik berpizteko.
Etxekoei agur esanda hartu dut nire Fiat txikia, burbuila hartatik aldentzeko asmoz, apur bat bada ere. Iratzeta baserritik, herrirantz abiatzean, intxaurrondoa argi eta garbi ikusi ahal izan dut. Goiza da oraindik eta eguzkiaren argiak arbola zaharra laztantzen duen arren, ihartzen ari den zantzua hartzen diot.
Etxera heltzean, kafe egin berriaren usainak bete ditu nire zentzumen guztiak eta bi adiz pentsatu gabe zuzendu naiz sukalderantz. Egongelatik igarotzean, mutila topatu dut kutxetan mota guztietako ondasunak jasotzen eta albo batean denak pilatzen. Atzetik jarraitu eta besarkada batek lagundutako muxu epel bat jaso dut lepo-aldean.
- Mirari, datorren astean egingo dugu etxe-aldaketa baina ez zaitez kezkatu, nire anaiek lagunduko digute aurrez etxea erabat ustutzen. Zeuri ez baitzaizu komeni astoaren pare ibiltzea.
Andoniri buruarekin etengabe baiezkoa egiten nion bitartean, soinean daramadan zamaz jabetu naiz eta katilukada kafe bete ondoren, eserlekua bilatu behar izan dut. Ez dakit esaten, azkenaldian baserriko joan-etorri sarriek ala soinean daramadanak eragiten didan neke nabarmen hau sentiaraztea.
Astebeteren buruan, ezin nuen jada aititaren begien urdina ikusi. Astebetean, Martinek begirik ere ez zuen irekitzen. Honek, Iktusa familiakoen artean elkarrizketarik ohikoena zen garaietara itzularazi nau. Egun goibeltzat jotzen dut egun hura, lehenaldiz aitita galtzearen beldurra sentitu bainuen. Larrialdietara zeramaten gorpuaren antz handia hartu baitiot orain aurrean dudan Martini.
Hilabete zeraman ezkutuan pilularik hartu barik eta goiz hartan buruko min puntuarekin zebilen. Nekearen ondorio izango zela esaten zuen arren, hitz egitea ere zail egiten zitzaiola iruditu zitzaidan. Inork ez zion jaramon handirik egin, lurrera ziplo erori zen arte. Orduan etorri ziren negar eta ai-eneak baina ordurako beranduegi zen. Aitita galtzeko beldurrak egin zigun gau eta egun bere alboan egotea. Sei hilabeteko birgaitze-prozesu baten ostean ekarri genuen aitita etxera, ospitale horrek onik egiten ez ziola pentsatuz. Baina badirudi, oraindik ere barruan duen hutsune batek ez diola bizitzen uzten. Dolores. Eta ez dago mundu hontatik joateko nahia baino gauza zihurragorik, bizitza berarekin amaitzeko. Eta hala izan zen; egun gutxiren buruan, aitita joan egin baitzen.
Martxoaren 20ko arratsalde batean ordea, Andoni eta biok Iratzeta baserrian egun urri batzuk bizitzen generamatzala, bazkalorduan, Elbiraren proposamenarekin batera hartu behar izan genuen jadanik ihartua zegoen Intxaurrondo zaharra mozteko erabakia. Ordurarte ez genekien, baina gau hartan kontrakzio jarraituak hasi zitzaizkidanean konturatu nintzen haurra bazetorrela. Lehenengo erditzea izanik, luze joan zen semea besoetara iritsi zitzaidan arte. Eta honi begietara begiratu nionean, jabetu nintzen min oro joan zitzaidala:
- Andoni, uste dut Intxaurrondo berria aldatzeko unea iritsi dela aipatu nion senarrari ospitale hartako ohean jazarria nengoela-
Eta horrela izan zen, arbola zaharra zegoen lekuan aldatu genuen gure altxor txiki berria eta harekin baretu ahal izan genuen aitonaren faltak sortzen zigun dolumina.
- Martintxo, ikusten al duk hire Intxaurrondoa, hazten oan einean zaintzen ikasi beharko duk, gaixotu ez dadin.-esaten nion semeari besoetan kulunkatzen nuen bitartean-.