Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Idazlehiaketa

MADDI GARATE GOIKOETXEA

A Maila Bertsoa 2. saria
Maddi Garate dut izena, eta 5 urte nituenetik Ordizian hazia eta hezia izan den neskatoa naiz. Zaletasunei dagokionez, gogoko dut kirola egitea, lagunekin orduak igarotzea, irakurtzea,... Baina, bereziki, nire baitan igarotzen dudan denbora da gehien estimatzen dudana. Ni eta nire pentsamenduak bakarrik. Egia esan, horrelakoetan idazteari ekiteak barrenak husteko balio izaten dit, edo askotan itolarria eragiten didan korapiloa askatzeko. Ohitura gehiegi ez badut ere, gustuko dut trabatuta geratzen zaizkidan hitzei forma ematea, irudimena baliatuz, boligrafoak sortutako hitzen dantza behatuz,... Horrela, bertso-sorta honi dagokionez, merezi baino arreta gutxiago eskaintzen diogun gai baten inguruan bildu ditut: gure lurraren suntsipenaren inguruan. Gustuko izatea espero dut, eta beharbada, hausnarketaren bat edo beste eragitea.
MADDI GARATE GOIKOETXEA

HONDAMENDIARI ENTZUNGOR

 

Doinua: Abenduaren lehendabiziko

Zabaldu da lau haizeetara

naturaren deiadarra,

amaiera hementxe dugula

esaten digun indarra.

Ama lurrak ezin du gehiago

hauxe bai da ezbeharra:

errudun geu, gizakiok, gara

izan eme edo arra.

 

Zientziak abisatu gintuen

duela bost hamarkada,

“mundua asko berotuko da

gauza aldatzen ez bada”.

Momentuan entzun bagenitu 

martxan jarriz badaezpada,

hamaika bizitza errugabe

salbu lirateke iada.

 

Agintariak lasaitu arren

heroi plantak egiteak,

haien promesak birrintzen ditu

duten aginte goseak,

ondasunak pilatu heinean

galtzen dira baloreak,

diruak itxu bihurtzen gaitu,

lerdo berriz botereak.

Albisteetan ageri zaigu

desagertzen antartida,

hartz zuri makalduei begira

sentitzen dugu gupida.

Egoera aldarrikatzeko

kementsuak behar dira:

ez al dugu ba denok sentitzen

hau gelditzeko desira?

 

Alferren justifikazio da

urruti gertatzen dela,

“Dana”k bilatu du Valentzia

defentsa gabe horrela.

Bertako kaleak orain dira

amets galduen kartzela,

naturak ikusarazi digu

berak agintzen duela.





Gaia gehiago itxusitzen da

erosiz online dendetan,

Bangladeshen sortzen da erropa

haur gajoen eskuetan.

Kutsadura da jaun eta jabe

hango auzo, kaleetan;

zeure top merke eta berriak

merezi al du benetan?

 

Laister izango dira urpean

kostako herri txikiak,

miloika etxe izango dira

itsasoak ebatsiak.

Emigrazioa haziko du

biziki larrialdiak,

aberria horrela uzteko

ez gara izan heziak.

 

Geure artean izango dugu

zeru grixa, ez urdina;

baso ixilak eta ilunak;

itsaso likats, zikina;

lore ta animalien ordez

plastiko jasanezina; 

Koloreak itzaliko dira

horrexek bai eman mina!

 

Oraindik denbora bada baina

ezin galdu esperantza,

borroka sutsura elkartzeko

ez egin inoiz zalantza.

Ondorengoen bizimodua

gure eskutan da antza,

denon osasuna bermatzeko

bila dezagun balantza.