Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Idazlehiaketa

KIMETZ FURUNDARENA AGIRRE

A Maila Bertsoa 1. saria
Kimetz Furundarena Agirre naiz, 16 urte ditut eta Batxilergoko lehenengo maila egiten ari naiz Ordiziako Jakintza Ikastolan. Kirol-ezberdinen eta politikaren jarraipena egitea gustatzen zait, eta horren inguruan irakurtzen dut. Horrez gain, Angeluko Powerchair Football-eko taldean jokatzen dut aurtengo ikasturtetik.
KIMETZ FURUNDARENA AGIRRE

BELAUNALDIEN ARTEKO TALKAK

1. Nire aitonak kontatu zidan

eskolan bizitakoa,

lezioa ez ikastearren

jasotako eskukoa,

denen aurrean lotsaraztea

izaten zen ohikoa

eta etxera joan ondoren

gurasoen zartakoa.

 

2. Beraiek guraso bihurtzean

saiatu ziren hobetzen,

diziplina ta mugak bai baina

gauzak hobeto azaltzen.

Irakasleen ta gurasoen

esanak ongi betetzen,

gogorkeria askorik gabe

esanak errespetatzen.

 

3. Errespetuz eta ez beldurrez

erakusten jakiteko,

guraso eta irakasleak

ibiltzen ziren pareko.

Mugak jartze hori ez zen izan

haurrei kalte egiteko,

baizik beraien bizitzarako

prest egoten laguntzeko.

 

4. Gaur etxe askotan ikusten da

guzti hura desegiten,

guraso askok seme-alabak

diziplina gabe hezten.

Ordutegi, jarrera ta arau

beraien eskutan uzten,

eskubideen zakua bete,

betebeharrena husten.

 

5. Gaur eskolan, atseden orduan

izan dugu zalaparta,

futbolean gelakide batek

eman dit kristoren zarta.

Maisuak kanporatu egin du

ta alde egin du marmarka,

Gurasoek jakitean, berriz,

jaso du babes aparta.

 

6. Gurasoek galdu ote dute

hezkuntzan zuten papera?

Hezitzailea eta laguna

ez da figura berbera.

Garrantzitsua da aurkitzea

arazo honen irteera,

hobeto bizi ahal izateko

gizarte hontan batera.


DOINUA: Txiki-txikitik aitak eta amak