Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Idazlehiaketa

MALEN ARTZA OIARBIDE

A Maila Prosa aipamen saria

BETI BERDIN

BETI BERDIN

 

Mirenentzat egun arrunt bat zen hura, 1957ko urriaren 16a. Egunero bezala, esnatu, bere ile beltza apaindu eta etxeko zereginak egiten hasi zen, baina bere anaia gazteagoak eskolara joateko prestatzen hasi aurretik bazen norbait ate joka.

  • Ireki atea mesedez Miren, azkar, AZKAR! - garrasika emakume batek atearen beste aldetik.
  • Bai barkatu, sartu, sartu, zer behar duzu? - esan zuen harriduraz, ahalik eta azkarren atea ireki eta bere laguna larrituta ikustean.
  • Nire Xabi eraman dutela! Lehengoan alkateari zerbait lapurtu omen ziola esanez etorri dira Guardia Zibilak eta Ordiziako kuartelera eraman dutelakoan nago! - erantzun zuen urduri.
  • Lasaitu zaitez Ana, ez zaio ezer pasako. Anaiari galdetuko diot ea zerbait ba ote dakien.

 

Neska gazteak, ahalik eta azkarren haren neba zaharrena esnatu eta begirada urduria botaz, Ana sukaldean zai zegoela esan zion. Joxe, zazpi anai-arrebetatik zaharrena, oraindik erabat esnatu gabe zegoen, aurreko egunetik nekatuta.

  • Baina zer gertatzen da? Konturatzen al zara ze ordu den?- esan zuen arrebarekin haserre.
  • Bai, Joxe, egunero esnatzen naiz ni ordu hauetan! Begira, ez dut haserretu nahi. Xabi eraman dute eta bere ama laguntza eske etorri zaigu. - esan zuen anaia sukaldera eramanez.

 

Joxek begiak zabal-zabal ireki zituen bapatean, ez zegoen denborarik bere loguran pentsatzen hasteko. Tripak nahasten hasi zitzaizkion, eta izugarrizko hotzikarak sentitzen hasi zen. “bai zera, bai zera, nola eramango zuten Xabi, ez zegoen inor gu ikusteko, etxea hutsik zegoen, bai zera, ez dago modurik, ezin diote Xabiri ezer egin, alkate nazkagarri hori, ezin diot inori gertatu zena esan…” bere buruak gira eta buelta jarraitzen zuen, nork ikusiko ote zituen behin eta berriz pentsatuz eta errua bere gain hartuz. Bapatean, Miren hitz egiten ari zitzaiola konturatu eta pentsamenduei tarte baterako isiltzeko eskatu zien.

 

  • Joxe, esan egia, mesedez, garrantzitsua da, zer egin zuen Xabik eta nork ikusi zuen? - esan zuen Mirenek urduri, bere anaia eramaten hurrengoa izango zelakoan.
  • Ez dakit ezer, benetan. Ziur nago ez duela ezer egin, benetan. - Joxek bazekien ez zela egokiena egindakoa ezkutatzea, dena den, gertatutakoa kontatzearekin batera bere familiakoak arriskuan jarriko zituen.

 

Anak, haren semea askatzeko ahalegin guztiak egin zituen, egun guztia alde batera eta bestera, gelditzeko asmo eta denborarik gabe. Miren lanera joan zen, tabernara, hala eta guztiz ere, ezin zuen bere anaiaren bila etortzearen aukerak sortzen zion beldur sentimendua gainetik kendu. 

 

Miren herrian ezaguna zen, mutil guztiak atzetik ibiltzen zitzaizkion, bere begi argi eta distiratsuak ez ziren burutik kentzen errazak, ezta bere irribarrea ere, baina berak mutilei esaten zien bezala, ez zuen horrelako kontuetarako astirik. Egunean zehar etxean anaiei laguntzen ez bazegoen, tabernan lanean aritzen zen. Ez zuen ikastetxean denbora gehiegirik pasa, baina anaiei eskolako lanetan lagunduz, zertxobait ikastea lortu zuen. Betidanik, haren amak hogeita lau orduak lanean pasatzen zituen. Ez zuten diru gehiegirik etxean, askotan ezta nahikoa ere, baina diruaz gain familia honek bazituen beste arazo batzuk. Francoren diktadura. Beraiek euskaldunak ziren, eta etxean euskara besterik ez zuten hitz egiten, baina kaleak Guardia Zibilez josita zeuden, hortaz, nahi eta nahi ez, gazteleraz hitz egitera behartuta zeuden. Mirenen anaia zaharrena, Joxe, beti izan da euskaltzalea (familia guztia bezala), baina berak, bai euskararen eta bai Euskal Herriaren egoera aldatzeko nahia zuen. Nahiko ohikoa zen Mirenentzat hilabetean pare bat aldiz Guardia Zibilak beregana urbiltzea, ez bere edertasunagaitik, bere anaiak egindakoez jakin nahi zutelako baizik.

 

Miren ere, betidanik sentitu da euskararen defendatzaile eta modu askotan saiatu da haren egoera hobetzen, baina bere ingurukoak bezala, beldurra burutik kendu ezinik zegoen.

 

Egun hartan, tabernako edalontziak garbitzen ari zen bitartean, bere pentsamenduek beste txoko batzuetara eramaten zuten, “Nola egongo da Xabi? A zer beldurra, ez dut nahi hau nire anaiei gertatzea. Ondo zaindu behar ditut. Benetan, nork pentsatuko luke inork hizkuntza eta kultura bat debekatuko zuenik? A ze lelokeria. Eta inork ez du ezer esateko ausardiarik, denak pertsona berdinari kasu eginez. Eta zergatik? Beldurragatik. Joxek behintzat ez du beldurrik. Baina zerbait gertatzen bazaio?” Orduan, bapatean, Ana korrika sartu zen tabernan berriro ere laguntza beharrean. Mirenekin hitzegiten hasi zen, euskaraz, ia egunero moduan, korrika gerturatu zitzaien sukaldaria. Guardia zibilak zetoztela esan zien, beti bezala, zerbait hartu eta beldurra zabaltzeko asmotan, hau da, erdaraz hitz egiten hasi beharko zirela ez bazuten ondoriorik izan nahi. Mirenek Anari baso bat ur atera, jateko zerbait eman eta pixka bat lasaitzeko aholkatu zion.

 

Guardia Zibilak tabernara sartu ziren, beti bezain gogaikarri:

  • Buenas Maria, saca lo de siempre.
  • Vale, ahora os lo llevo - esan zuen Mirenek bere gaztelera arrotzean. Anis kopa bana prestatu eta haien mahaira eraman zuen. “Gracias Maria” esanez eskerrak eman zizkioten, hark “de nada” batekin erantzun zien baina bere barnean ez zuen haiekiko esker sentimendu handirik, “ oraingoan ere Maria, euskaraz ezin hitzegin, baina euskal izenak ere ezin omen ditugu erabili, a ze nahasmena. Miren, Maria… Normala al da gurea?”

 

Guardiak tabernatik atera bezain pronto, Anak denbora guzti horretan pentsatu zuena kontatu zion Mireni.

  • Miren, pentsatzen aritu naiz eta Ordiziako kuartelera joatea erabaki dut, hemendik gertuen dagoena da, eta hortaz Xabi hara eramango zutelakoan nago. 
  • Ongi da, zurekin joango naiz, lasai egon, dena ondo aterako da eta.

 

Bi lagunak hurrengo egunean geratu ziren, goizean goiz abiatzeko asmotan. Anak gau guztian ez zuen begirik itxi, bere semea ondo egongo ote zen? “egin ezazu lo, Ana, bihar etxean egongo da zurekin batera, ezin diote ezer txarrik egin, pertsona da, ez du ezer egin. Espero.” Xabi zein egoeratan zegoen ikusi nahi zuen, baina ezin zuen ezer egin. “Ondo zaude ezta? Xabi mesedez, egin edozer, bidali seinale bat ondo zaudela adierazteko, mesedez…”. Orduak pasa eta pasa eta Anak ez zuen begirik isten. Azkenean Mirenekin elkartzeko garaia heldu zen. Beharko zutelakoan, haien etxean zegoen diru apurrarekin atera zen etxetik. Berez, motza zen bidea luze egin zitzaien, baina azkenean iritsi ziren bi emakumeak kuartelera.

  • Ana, lasaitu, ez du ezer egin, guk dugu arrazoia. Nik hitzegingo dut, ados? - esan zion Mirenek lagunari kuartelera sartu aurretik.
  • Ongi da, dena ondo aterako da, baina has gaitezen gazteleraz hitzegiten, bestela… - esan zuen Anak urduri.
  • Vale, vamos a entrar.

 

Han zeuden bi emakumeak gela erdian. Gela hartan argi gutxi zegoen, ate nahiko sendo eta iluna zuen. Paretak grisez margotuta noizbait, baina haietan ehunka arrasto zeuden. Zorua harrizkoa zen, baina ez zen guztiz laua, bazituen koska batzuk. Sarreran mahai batean eserita gizon bat zegoen, bere ile beltza alde baterantz orraztuta.

 

Han zeuden bi lagunak uniformedun gizonari zerbait esateko ausardia aurkitu nahian. Azkenean hasi zen Ana:

  • Hola, buenos días, ¿nos podrías decir si Javier Echeverria está en este cuartel?
  • Hola, sí está aquí, pero si no tenéis ninguna prueba que nos diga que es inocente, no lo podéis sacar de aquí. - esan zuen gizonak zakar.
  • Vale, gracias.

Hitzegiten jarraitu aurretik eskina batera joan ziren eta pentsatu eta pentsatu aritu ziren Xabi ateratzeko balioko zuen arrazoi bat bilatzeko esperantzan. Azkenean, Mireni bururatu zitzaion, bi emakumeek ez zutenez arrazoirik Xabi ateratzeko, Guardia Zibilek ere, ez zutela edukiko arrazoirik Xabi han barruan edukitzeko, zekitenez, ez zuelako berak ezer lapurtu eta lapurtzekotan inork ez zuelako ikusi. Horrez gain, ekarri zuten dirua ematea erabaki zuten. Hortaz, berriro ere gizonarengana itzuli ziren. Xabi leku beldurgarri hartatik ateratzeko esperantzaz.

  • Hola otra vez, queremos sacarle de este cuartel, estamos dispuestas a pagar para que le dejéis salir. Además, no creo que sea legal retener a una persona sin tener pruebas que demuestren que ha hecho algo.
  • No lo es - esan zuen gizonak,  gorrotozko begirada botaz.
  • Pues entonces, si no tenéis pruebas de lo que Javier ha hecho, tendríais que dejarlo salir.

Une horretan, Guardia Zibilak ezezkoa esateko denbora izan aurretik, haren arduraduna iritsi zen.  Emakumeek ezaguna zuten eta nahiko mozkortuta zetorrela iruditu zitzaien.

  • ¿Qué está pasando aquí? - bota zuen arduradunak.
  • Estas mujeres me están pidiendo que suelte a un tal Javier Echeverria, a quien han detenido por robar en la casa de su alcalde.
  • Pero no tienen pruebas de ello y estamos dispuestas a pagar - esan zuen Anak ahalik eta azkarren, arduradunak erantzun bat eman aurretik.
  • ¿Si no hay pruebas porque lo habéis detenido?
  • Mmm… Porque creemos que trajo unos libros en vascuence desde Francia. Lo cual es ilegal y  nos hace pensar que él ha sido quién ha robado en casa del alcalde. - erantzun zion gizonak besteek ez entzuteko moduan.
  • Pero si no tenéis pruebas no lo podéis detener, pero bueno, espera, si podemos conseguir un poco de dinero de paso ¿cuánto nos ofrecéis?
  • Cien pesetas, es lo que tenemos - esan zuen Anak.
  • Vale, sácalo de aquí que ya se habrá enterado de lo que pasa. - esan zuen arduradunak esaldia bukatu eta diruarekin zer egin pentsatzen hasita.

Arduraduna bere bulegoan sartu zen baina minutu bat baino gutxiagora ate sendo hartatik atera zen. Sarrerako gizona oraindik ez zegoen erabat ados arduradunaren erabakiarekin.

  • ¿Pero, está usted seguro? - galdetu zion gizonak bere erantzunarekin harrituta.
  • ¿Estar seguro de qué? - erantzun zion arduradunak burua beste toki batean zuela. Duela minutu gutxi gertatutakoaz erabat aztuta.
  • Sobre dejar marchar a Javier Echeverria
  • Aaaa… Sí. ¿Quién era Javier?
  • Es el hombre que robó en la casa del alcalde pero no tenemos pruebas - esan zuen gizonak bere arduradunaren jarrerarekin kokoteraino eginda.
  • Sí, pues si te he dicho que lo sueltes, suéltalo.

Gizon honi ulertezina egiten zitzaion bere nagusiaren erantzuna, baina, izenak zioen bezala, bera zen haren nagusia. Horregatik, sarrerako gizona Xabiren bila joan zen. Bost minutu pasa ondoren gela hartako atea ireki zen. Ate horrek luzea, iluna eta beste hainbat burnizko ate gogorrez beteta zegoen pasillo batera eramaten zuen. Pasillo ilun hartatik itzuli zen gizona, Xabi haren ondoan, modu zakar batean zekarren bitartean. Anari bere barnean zuen korapiloa askatzen hasi zitzaion bere semea bizik zegoela ikustean, baina, semearen egoera ikutean, korapilo ezberdin bat sortu zitzaion.

 

Xabik oraingoan ez zuen normalean izaten zuen itxura txukun hori, erabat ahulduta zegoen, kamiseta guztia odolez josita zuen, baita aurpegia ere. Hankak mugitzeko ere ez zuen indarrik, hortaz, nola edo hala heldu zen (gizonarekin batera) Ana eta Miren zeuden lekura. Haien aurpegiak erabat aldatu ziren bera ikustean. Toki hartatik alde egin nahi zuten. Orduan, sinatu beharreko paperak sinatu eta dirua entregatu zuen Anak. Azkenik, kuarteletik ateratzea lortu zuten, Xabi beraiekin zeramatela.

 

Kuarteletik pixka bat urrundu zirenean hasi zitzaion Ana galderak egiten “Zer gertatu zen?” “Zer egin dizute?” “Ondo zaude?” Galdera horiek erantzun aurretik Xabik erabaki zuen bere amak ahalik eta gutxien jakitea lortu behar zuela. Geroz eta informazio gehiago izan, orduan eta arrisku handiagoan zeudelako. Hortaz, amari esan zion alkatearen etxera ez zela gerturatu ere egin. Baina, amak Frantziatik ekarritako liburuen inguruan galdetu zionean egia esatea erabaki zuen.

 

Azkenean iritsi ziren etxera, bertan zeuden guztiek sentitu zuten errealitate inoiz baino gertuago, baina bazekiten, bizi ziren garai eta tokian, horrelakoak maiz izaten zirela.

 

Mirenek ezin zuen burutik kendu etengabe errepikatzen zitzaion galdera hau : “Gure egoeratik irteteko modu bakarra biolentzia izango ote da? Espero ezetz” erantzuten zion bere buruari. Modu baketsuan bakoitzak bere kultura errespetatzea lortu nahi zuen, eta batak bestearekiko zuen etengabeko gorrotoa behingoz gelditzea. Ez zuen besteekiko gorroto eta beldurrez bizi nahi, merezi zuen errespetatua jasotzeaz besterik ez zuen amesten.