Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Idazlehiaketa

MADDI MENDIZABAL LEKUONA

A Maila Prosa 1. saria
Maddi Mendizabal Lekuona naiz eta 2008ko otsailaren 15ean jaio nintzen Zegaman. Gaur egun, Beasaingo Txindoki institutuan lehenengo batxilergoa egiten ari naiz. Nire zaletasunei dagokionez, denbora librean atletismoa egitea ikaragarri gustatzen zait, hain zuzen ere pertika egiten dut. Besterik gabe, ea nire idazlana gogoko duzuen.
MADDI MENDIZABAL LEKUONA

URTE BERRI ON!

URTE BERRI ON!

 

Eskumuturrera begiratu eta ohartu naiz 26 minutu besterik ez direla falta urte berria hasteko. Segundu gutxi batzuetan egin dudan hausnarketan ondorioztatu dut nahiko bitxi eta arraroa dela gizakion jarrera: lurrak eguzkiaren inguruan bira osoa ematea da ospatzeko daukagun gertaerarik handiena eta garrantzitsuena. Hori baino, okerragoa da urte aldaketek denoi sortzen diguten itxaropen faltsua. Azken finean, hurrengo egunean, beti bezalaxe, berriro esnatuko gara, gure gorputzarekin, izaerarekin eta gogoarekin, eta dena berdin-berdina izango da. Hala ere, urte berria hasi dugulako denok artega egongo gara eta gogo handiagoa izango dugu gure bizitzan gure ustetan aldaketa esanguratsuak diren horiek egiteko; batzuk kirola egiten hasiko omen dira, beste batzuek erretzeari utziko diote aurten, bestek alkohola ahaztu nahiko dute, badira osasuntsu jaten hasi nahi dutenak edo, besterik gabe, bizi osasuntsuago eta garbiago baten alde apustu egingo dutenak. Urte berriko jomuga hauei begiratu azkar bat emanez gero, ez da oso zaila denek komunean duten hori aurkitzea: osasuna. Tristea baldin bada ere, gizakiok urte berrira itxaron behar izaten dugu gure burua zaintzen hasi behar garela nabaritzeko. Xelebre samarrak gara, bai. 

 

24 minutu 12 kanpaiak entzun aurretik. Nire gogoetak alde batera utzi eta oharkabean indartsu ebaki dudan turroi pilari erreparatu diot. Orduan oroitu naiz afariko postrea prestatzen ari nintzela. Erretilu baten gainean zapi zuri dotorea jarri dut, parpaila eta guzti, eta gainean era guztietarako txokolatea jarri dut: nahi bezain beste bonboi, hamaika zapore desberdinetako turroi zati, trufaz eginiko gozo aunitz…  Azpila hartu eta bira eman dut kontuz. Begirada txokolate multzotik jaso eta metro gutxitara dagoen mahai luzerantz abiatu naiz pauso motelez. Mahaiaren inguruan 6 aulki daude bata bestearen ondoan, horietatik bi hutsik daude: bata nire tokia, eta bestea, nire ezkerretakoa, komunera joan den lagunarena. Bertan daudenek burua biratu dute eta erretilura bideratu dituzte begiak poz-pozik, txaloka ere hasi dira. Erretiluarentzat tokia egiteko eskatu diet afaldu aurretik zuri-zuria zen amantalaren gainean, orain afariko hondarrez betea dago eta. Mahaiaren erdi-erdian utzi dut postrea eta nire jarlekuan eseri naiz, nire laguna komunetik iritsi den une berean. 

Ingurura begiratu dut, nahiko zoriontsu sentituz, eta nire aurrean eskuinetara dagoen lagunaren begietara so geratu naiz. Kristal horien atzean zer gertatzen den jakitea ezinezkoa dela uste dut, babes gisa jokatzen dute bere betaurrekoek eta ez da inor hori zeharkatzeko gai. Zorte handiko neska naizela pentsatu dut orduan, lehenengo aldiz antiojodun ile kizkurreko laguna urte zaharreko afarira etortzea lortu baitut. Ez du askorik esan azken bi ordu luzeetan, baina behintzat tarteka irribarre bat oparitu digu, eta arrakasta gisa jo dezakegula deritzot, kontuan hartuta azken urte honetan ez dela behin ere gurekin atera. Eskua luzatu eta paper beltzez bildutako bonboi bat jaso du, txokolate beltzezkoa ustez. Bere arreta guztia papera kentzean jarri du orduan, bonboiari begirik kendu gabe. 

 

Erretilua mahaian utzi eta nire aurrean ezkerretara eseri da Maren. Gero niri so geratu dela nabaritu dut, baina bere begiei ihes egiteko eskua luzatu eta papera beltzez bildutako bonboi bat aukeratu dut. Nire esku traketsekin poltsa ireki eta txokolate beltzezko bonboia ikusi dut. Kaka, nik ez nuen hori nahi. Gorroto dut kakao asko duen txokolatea, mingotsegia iruditzen zait. Hala ere, ahora eraman dut bi aldiz pentsatu gabe, lotsa ematen baitit nire akatsa onartzea eta beste norbaiti eskaintzea. Nazkagarria dago benetan. Azken bi orduak etxean nire familiarekin igarotzea nahiago banuen ere, ez dira hain kaskarrak izan, uste nuena baino entretenigarriagoak egin zaizkit gutxienez. Tarteka barregura ere eragin didate nire kuadrilakoek egindako txiste txarrek, baina lotsaren lotsaz irribarre txiki bat bakarrik atera zait. Egia esan, Marenek gonbita luzatu zidanean, ezezkoa eman nahi izan nion hasieratik. Izan ere, oso deserosoa da urte guztian kasurik egin ez dizuten lagun horiekin elkartzea orain urte berriari hasiera emateko. Mingarria da. Urte osoan zutaz ahaztuta, orain horrelako afari batera gonbidatu ondoren beraien burua zuritzeko: guk gonbidatu dugu, berak ez du etorri nahi izan. Tira, azkenean onartu dut gonbita, gurasoen presiopean. Gainera, ikaragarrizko ezustekoa eman diet eta agian ohartuko dira orain arte nik ere nahi nuela beraiekin egon, baina ez didatela inoiz txintik ere esan. Orain denak jan eta jan ari dira, ez dut uste horrelako hausnarketak egiteko unea denik. Egia esan, maltzurra naizela ematen badu ere, ez dakit gogoeta egiteko gaitasunik ere baduten batzuek. Hala ere, ez naiz deseroso dagoen bakarra dirudienez. Nire eskuinetara dagoenak, mahaiaren buru denak, komunetik itzuli berria den horrek ere ez dirudi oso ongi pasatzen ari denik. Marenek erretilua luzatu dio ea zerbait hartu nahi duen galdezka eta ezetz egin dio buruz, “ez daukat goserik” hitzak ahoskatzearekin batera.

 

Komunetik itzuli naiz eta nire eserlekuan eseri orduko tripek gurgur egin didate. Ingurura begiratu dut orduan, espero dut inork ez entzun izana. Orduan Saioa ikusi dut txokolate beltzezko bonboi bat mastekatzen, mahaiari begira-begira dagoen bitartean. Auskalo zer ari den orain pentsatzen, ezinezkoa da neska horrekin bi hitz elkartrukatzea dirudienez. Denak gustura ari dira txokolate gozoa dastatzen, a zer inbidia. Gainera, batzuek asko janagatik ere argal eta lerden jarraitzen dute. Ez da hori nire kasua, noski, barazkia ez den beste zerbait ahoan sartu orduko balantzako zenbakiek gora egiten dute eta gerriaren inguruan txitxiak metatzen zaizkit. Ez da batere justua. Afari guztia daramat nire gosea ezkutatu nahian, eta orain arte nahiko ongi joan zait. Oraingoz, bi zainzuri, legatz zati txiki bat eta ura dastatu ditut azken bi orduotan. Nahikoa eta soberan ni bezalako neska batentzat. Espero dut ondoren, parrandan, dantza eginez eta zutik egonaz jandako kaloria horiek guztiak erretzea. Baina orain gozoaren tentazioan erortzea ekiditen nahiko lan badut, ahoa listuz beterik daukat eta. Horrez gain, ezin naiz ahaztu ondoren 12 mahats ere jan beharko ditudala. Horiek ekiditea ezinezkoa da, bai edo bai jan beharko ditut. Izan ere, dagoeneko komunera joan naiz bi alditan, besteek kroketak jaten zituzten bitartean lehenengoz eta txuleta mahaian jarri dutenean bigarrenez. Horrela ahoa itxita mantentzea lortu dut behintzat. Bueno, nire mahatsak nik aukeratuko ditudanez, ahalik eta txikienak jaten saiatuko naiz. Azken finean, fruta izanik, ez didate horrenbesteko kalterik egingo. Ene, falta zena. Badirudi Maren konturatu egin dela ez dudala postretik ezertxo ere probatu. Erretilua luzatu eta zerbait nahi dudan galdetu dit. Segituan buruaz ezezkoa egin diot eta goserik ez dudala esan diot. Erretilua lehengo lekuan utzi du eta beste aldera begiratu du, ez dit beste ezer esan. Hala ere, nire aurrean eserita dagoenak, mahaiaren beste buruan dagoen horrek, ezpainak gorri-gorri tindatu dituenak, bekainak altxatu ditu mesfidati eta begira geratu zait. Orduan, leihotik kanpora begiratu dut eta eguraldiaz hitz egiten hasi naiz Marenekin, azkena aipatutako hitzei garrantzia kendu nahian. 

 

Zer uste du Iraiak? Tuntunak garela? Goserik ez daukala esatera ausartzen da. Gezurra. Galanta gainera. Azken bi orduotan arreta jarri dut bere platerean. Bi zainzuri eta legatza bakarrik ikusi ditut bertan. Edalontziak ere ez du ardo tanta bat ere ukitu, beti urez beteta egon da. Gainera, afaritik ihes egiten ere saiatu da bi aldiz, komunera joan behar duela esanez. Nik badakit Iraia ez dela horrelakoa, txiki-txikitatik ezagutu dut eta ikaragarri gustatu zaizkio beti amonaren kroketak eta txokolatea. Hain zuzen ere, azken hori izan da bere janari gustukoena urte luzeetan. Azken urtean, ordea, badirudi lehengo Iraia joan egin dela eta beste norbaitek hartu duela bere gorputza. Ez dakit zehaztasun handiz, baina hamarren bat kilo galduko zituen eta hilerokoa ere galdu du. Tristura handia ematen dit nire lagun minena izan zena horrela ikusteak, baina berarekin hitz egiten saiatu naizen aldi guztietan oso egoskor jartzen zait. “Zuk ez duzu ulertzen” eta “Ez da zure kontua” bezalako esaldiak botatzen dizkit normalean. Egun batean, nire gorputza perfektua zela eta inoiz horrelakorik pentsatu ez dudala ere bota zidan. Elkarrizketa horren ondoren, gure adiskidetasuna hoztu egin zen eta pixkanaka aldenduz joan ginen, azkenean elkarri hitzik ez egiteraino. Onartzeak pena ematen badit ere, gaur egun elkarrekin oroitzapen politak dituzten ezezagunak baino ez gara. Izan ere, Iraiak oso ongi zekien nik ere majo sufritu nuela nire gorputzaren kontura. Oso gaztetan “emakumendu” nintzen. Hilerokoa 11 urterekin etorri zitzaidan, eta ordurako bularrak eta aldakak hazita nituen. Horren kontura, ni baino askoz zaharragoak ziren mutilak atzetik izaten nituen. 12 urterekin mugikorra eman zidatenean, egunero-egunero jasotzen nituen gizonen mezuak argazkiak eskatuz. Haur bat besterik ez nintzen ni. Hala ere, ezin dut ahaztu nire futboleko entrenatzaileak egiten zidana. Egia esan, ez diot oraindik inorri ezer esan, lotsa ematen dit. Jokalari bikaina nintzen, bai; baina entrenatzaileak ez zidan jokatzen uzten argazkirik bidaltzen ez banion. Hori dela eta, nire bihotzeko kirola utzi behar izan nuen. Noizbait ausartuko ote naiz aurpegia eman eta gizon hura salatzea? Eskuinetara begiratu eta nire taldekide oiharen begiak topatu ditut. Bera ere ez ote zen ohartzen gertatzen ari zenaz? Ea futbolean gustura dabilen galdetu diot eta entrenatzaile berdinarekin dabiltzan ere galdetuko diot aurrerago, beharbada.

 

Turroi biguna dastatzen dudan bitartean, Haizeak, ezkerretara dudan lagunak, begirada beldurgarria bota dit. Ezustekoan harrapatu nau, ez nuen halakorik espero. Izan ere, gure norgehiagoka amaigabea atzean utzi genuela uste nuen. Haizea eta biok txikitan talde berdinean ibiltzen ginen futbolean. Biok oso trebeak ginen baloiarekin, zein baino zein azkarragoak ginen korrika eta entrenamendu bakoitza lehiaketa baten modukoa zen. Egia esan, nire ustetan oso entretenigarria zen eta biok gure gaitasunak fintzera eta hobetzera eramaten gintuen. Hala ere, 11 urte ingururekin dena aldatu zen. Haizea oso ona izan arren, entrenatzaileak partiduetan kanpo uzten zuen eta ez zuen batere jokatzen. Ez nuen oso ongi ulertzen zergatik jokatzen zuen horrela entrenatzaileak, eta berak ere ez zuela ulertzen uste dut. Egia da urte horretan nik maila bat gora egin nuela eta baloia guztiz menperatzen ikasi nuela. Hori dela eta, nire laguna atzean utzi nuen eta taldeko kapitain izendatu ninduten. Haizeak oso gaizki hartu zuen hori eta entrenamenduak lehia osasuntsu izatetik, elkarren kontrako borroka amaigabe izatera pasa ziren. Hala ere, Haizeak taldeko gainerako jokalariak baino hobea izaten jarraitzen zuen, beraz, partiduetan jokatzen jarraitu beharko zukeen, baina ez zen horrela. Ondorioz, nire lagunak niri bota zidan berak ez jokatzearen errua eta futbola utzi zuen. Orain dela pare bat urte, ordea, gaia atera nion eta arazoa hori ez zela esan zidan. Harritu egin ninduen, baina ni bera baino hobea nintzela onartzeak lotsa ematen ziola pentsatu nuen. Elkarrizketa horren ondoren, lagun minak bihurtu ginen eta elkarren arteko arazoak ahaztu genituen. Oraintxe bota didan begiradak, ordea, entrenamendu horietan botatzen zidan begirada sutsua gogoratu dit. Ea kirolean zer moduz nabilen galdetu dit. Bingo. Banekien. Futbola zebilkien bueltaka buruan. Tira, ongi nabilela esan diot, besterik gabe. Ez dut gaiari buruz asko hitz egin nahi. Ostean, aurrera begiratu eta beste lagunaren nazka begiradarekin egin dut topo. Bat nahikoa ez, eta orain bigarrena. Hau ere futbolarengatik dela uste dut. Izan ere, nire aurrean dagoen lagunak futbola mutilentzat dela uste du eta inoiz ez zaio gustatu nik kirola egitea. Ez du ezer esan, bere edalontzia hartu eta ardoari zurrutada luzea egin dio. Berak ere hobe luke alkohola utzi eta kirola egitea. 

 

Orain ere ari dira futbolaz hitz egiten Haizea eta Lur. Nahiago dut isilik geratu, ez dut gogoko gai hori. Zer egin ez dakidanean egiten dudana egin dut: edan. Ardoa ahoan sartu orduko hobeto sentitu naiz. Nahiago nuke kirola egitea edatea bezainbeste gustatuko balitzait. Egia esan, txikitan futbolean ibili nahi nuen, baina aitak ez zidan utzi. Futbola mutilentzako omen zen, eta nik panpinekin jolastearekin nahiko omen nuen. Kaka. Gorroto nituen panpinak. Niregatik izan balitz, den-denak erreko nituen. Ordudanik futbola gorrotu dut, sekulako amorrua ematen baitit gai honek. Etxeko egoera lotsagarria ezkutatzeko eta aita babesteko, haren iritzia bereganatu dut betidanik eta horrela gainerakoek pentsatzen dute benetan ez zaidala futbola gustatzen. Ez da teknika txarra. Bestela, sekulako lata emango zidaten eta aitari kontra egiteko esango zidaten, berak ez duela eskubiderik nik zer egiten dudan erabakitzeko. Okerrena da beraiek ez dutela ezagutzen nire aita. Hark ere edan besterik ez du egiten. Edan eta jo. Tristea da nire burua hainbeste gorroto dudan horretan bilakatzen ikustea. Agian urte berri hau izango da nire aukera berria: alkohola utzi eta kirola egiten hasi naiteke. Azken finean, etxetik kanpo bizi naizenez, aitak ez dauka zertan jakin. Ikusiko dugu. Likorezko bonboi bat hartzen dudan bitartean, Maren altxatu eta gauerdirako 10 minutu bakarrik geratzen direla esan digu. Gaixoa urduri dagoela ematen du, baina ez dakit zergatik egia esan. Neska ona da Maren, denok maite dugu. 

 

Ai ama, 10 minutu bakarrik falta dira. Jauzi batez altxatu eta ingurukoei eman diet berri ernagarria. Mahaian geratu diren plastikoak eta zaborra biltzen hasi naiz azkar. Gainerakoak ere zutitu eta nire pausuak jarraitu dituzte, segituan berriro bistan geratu da amantal zuria. 8 minutu. Orduan, laguntza eskatu diet mahatsak prestatzeko eta sukalderantz abiatu naiz, Iraia atzetik dudala. Nik sei katilutxo ateratzen ditudan bitartean, bera mahatsak elkarrengandik banandu eta kontatzen hasi da. Azkenean 12 mahatseko 6 pilatxo sortu ditu, bata bestearen ondoan, gertu baina bananduta, txukun-txukun. Katilutxo bakoitzean 12 mahatseko sorta bat sartu dugu kontuz. 5 minutu. Bakoitzak hiru katilu hartu ditu eskuetan, bi batean eta bakarra bestean, eta egongelara abiatu gara. Telebistaren soinua entzuten dut nire lagunen ahotsekin nahastuta, ematen duenez hasi dira kanpai laurdenen istorioa azalduz. Egongelara sartu eta pantaila handian ikusi ditut gizon eta emakume bat, erlojuaren aurrean zutik, eskuan mahatsak hartuta. Gizonak traje beltz dotore bat du jantzita, pajarita eta guzti, eta emakumeak soineko luze urdin bat, bere gorputzera ezin hobeto egokitzen dena, takoi altu zorrotzekin batera. Biek irribarre egiten dute, hortz zuri perfektuak erakutsiz, eta emakumearen aurpegian ez da zimurrik ageri ez begi ertzetan ezta aho ertzetan ere. Amorrua eman dit irribarre behartuak ikusteak. Lagunei katiluak banatu dizkiet eta sofan jesarri naiz. Aurkezle txatxuak berriro hizketan hasi dira eta isiltasuna egin da gure artean. 2 minutu. Arreta guztia pantailan daukagu, denok berdina ikusiagatik, seguru nago bakoitzak gauza desberdinari erreparatzen diola. Ni aurkezleen irribarre horiek dauzkat buruan. Gaur gauean, nire lagunek zenbat aldiz egingo ote zuten irribarre behartuta? Nahi ez, baina egin. Ez dakit. Espero dut ez asko izana. 

 

Minutu bat baino gutxiago geratzen da. Halako batean laurdenak jotzen hasi dira. Aurkezleek garbi utzi dute orain ezin dela mahatsik jan. Denok geldi-geldi gaude, begiak telebistan josita. Inork ez du txintik esaten. Segundu gutxitako isiltasuna egin da, baina niretzat oso denbora tarte luzea izan da soinurik entzun ez duguna. Bat-batean: Damb! Mahats bat eraman dut ahora. Ingurukoek ere berdina egin dute. Ondoren, bigarrena, hirugarrena, laugarrena, bosgarrena, seigarrena… eta horrela hamabiraino heldu arte. Azken kanpaia entzun ostean, denok altxatu gara eta elkarri besarkada estuak ematen hasi gara. “Urte berri on!” esaten dugu denok pozik. Oraingo irribarreak benetazkoak direla ematen du behintzat.