PAUL BEITER
TRENEKO GIZONA
Ez dut inoiz bukaeran erru edo enpatian bilakatzen den gorrotoa baina sentsazio okerragorik ezagutu. Ezin da inoiz kontrolatu pertsona batek etxean edo bere barruan jasaten dituen gudak, eta beti kanpotik ikusle bezala ikustea egokitzen zaiguna besterik ez dugu epaitzeko. Ez dut inor seinalatuko, denok jasotzen ditugu nahigabeko pentsamendu horien bisitak, sartzea ekidin ezin dezakezun horien bisitak. Eta noski, pertsona baten ekintzek beste norbait edozein eratan iraintzea ekartzen badu aurreiritzi horiek atea jo gabe sartzen dira, danbatekoan. Guk geuk ere ezin ditugu kontrolatu jendearen guganako begiradak, goitik behera analizatzen gaituzten begirada horiek. Pertsonarik gogorrena ere kikildu dezaketen pentsamenduen tartean bizi gara kalera ateratzen garen bakoitzean. Eta hori jada normalizaturik daukagun egunerokoa da, garrantzia izan badute, baina denek egongo ez balira bezala jokatzen dute. Bueno, dugu. Aurreiritziak kanporatzen ditugun momentua, dianaren erdian dagoen pertsonaren ekintzak ohiko ekintzetatik ateratzen direnean gertatzen da. Eta guri hori bera gertatu zitzaigun.
Uda amaitu berri zen, eta urteroko errutinaren legez goizeko zazpiak eta hamazazpietan herriko zenbait gaztek zein helduk trena hartzen genuen lanera, unibertsitatera, institutura edo gure eguneroko betebeharrak zeuden tokira iristeko. Gu hirukotea ginen eta beraz trenean lauko karratu batean esertzen ginen. Nabari zen udatik bueltatu berri geundela, bakarrik lehen asteetan egoten den hitz jario hori baitzen nagusi trenean. Gero aste batzuk lanean edo ikasten pasatu ondoren nekeagatik desagertzen diren hitz jario horietaz nabil, bai.
Besteak bezalako egun arrunt batean, beti bezala hurrengo herrietako geltokietan ere jendea igo zen. Gure laukian okupatu gabeko toki bat zegoen eta bertan gizon bat eseri zen, 35 bat urtekoa. Gizonari garbi ikusten zitzaion disgaitasun mentala zuela, eta berriro ere aurreiritziek inbaditu gintuzten, noski barruan gordetzen diren horietakoak. Ez zuen ematen gutako inork inolako arazorik genuenik gizon hori gure ondoan esertzearekin, eta egia esan ez genuen, guk geurera jarraitzen genuen, norberaren kaskoak jarrita baina kontu kontari aurtengo kurtsoaz espero dugunaz hizketan. Halako batean gizon hau Xubani begira begira geratu zen. Baina ez pentsatzen hari zareten distantzian, festa batean aspalditik gustuko duzun mutilarekin ligatzen duzunean daukazun gertutasun berdinarekin baizik. Inork ez zion garrantzirik eman, aurreiritzien parte dela pentsatzen dut, “horrelako” pertsona batek ustez bakarrik gauza arraroak edo zentzugabeak egiten dituenaren pentsamendua aspalditxotik baitugu barneratuta. Hori baita ezgaitasun mentalen inguruan irakasten diguten bakarra, ez nolako tratua eman, ez nola erreakziona dezaketen gauza ezberdinei, eta oinarrizkoena, guztiaren gainetik pertsonak direla, eta halaxe tratatu behar zaiela. Trenetik ateratzean gure panorama hurrengoa zen; ni eta Iker barrez gizon horren Xubani begiratzeko moduagatik eta Xuban erdi deseroso gertatutakoak inongo graziarik egingo ez balio bezala.
Hurrengo asteko Astelehenean kale egin nuen lehen orduan, medikuarenera joan beharra bainuen. Asteartean, Xubanek aurreko egunean gizonak egin ziona kontatu zigun; astelehen goizean gizona trenera igo zenean Xubanen parean eseri omen zen, orduan hankak pareko aulkian jarri zituen deskantsuan, trenera igotzen diren gazte lotsagabe horien antzera. Gauza bakarra zegoen gazte lotsagabe horiengandik bereizten zuena, eta hori bere parean pertsona bat zegoela zen, hau da, hankak Xubanen hankatartean jarri zituela. Ondoren, bere ondoan eseri eta eskuak izter gainean jarri zizkion. Gerora konturatu ginen beste gazte batzuei ere antzeko gauzak egin zizkiela.
Momentu horretan gizonaren herrira iritsi zen trena, eta noski, goizero legez, gizona igo zen. Gure inguruan toki pila bat zeuden libre eta horietan eseri ordez, gure lauki horretako toki huts hartan esertzeko autua egin zuen. Xubanek ordea, zuzenean gugana zetorrela ikustean, hankak aulki gainera eraman zituen. Gizonak hori ikustean beste edozein tokitan eseri ordez, Xubanen hankak eskuekin hartu eta jaisten hasi zen, baina orduan Xubanek, irmo eta inongo zalantzarik agerian utzi gabe gizonari garbi esan zion toki gehiago zeudela libre eta horietan esertzea zuela, baina bertan ez zela eseriko. Inguruko beste pertsona guztiek ez ziguten batere ondo begiratu. Noski berriro ere aurreiritzi ekidin ezin horiek, izan ere, ze pertsona klasek ez dio desgaitasun mental bat duen pertsona bati bere alboan esertzen utziko?
Gogoratzen dut egunean bertan geratu zitzaidan sentsazio txar hori, treneko gainerako ikusleen epaiaren arabera gu ginen pelikulako gaiztoak. Banekien ondo egin genuela ez baikenion utziko gizon horri Xuban berriro ikutzen, baina aipatu bezala kalera ateratzen garenean inguruan dauzkagun pentsamendu horiek edozein kikiltzekoak dira. Askotan pentsatzen dut nola ekidin dezakedan pertsonenganako aurreiritzi oro, batez ere, ni neu izan naitekeelako pertsona horietako edonor beste norbaiten begietan. Esan nahi dut, besteen aurrean egiten duzun edozein ekintzak etorkizun luzerako etiketatuko zaitu, izan daiteke arropa deigarri bat jantzi zenuelako behin, izan daiteke ingeleseko aurkezpen batean ez zenekielako ingelesa ondo maneiatzen, edota gure kasuan disgaitasun mentala duen pertsona bati ez diozulako zure ondoan esertzen uzten. Ekintza horiek guztiak pertsona baten ekintza bakarragatik pertsona hori etiketatzen dutenak dira, noski beti burla arrazoi denean, izan ere, asko kostatzen zaigu jendearen alderdi onak goraipatzea. Min egiten digu besteak gu baino zoriontsuagoak ikusteak, min edo inbidia, bien harteko nahasketa esango nuke. Denok saiatzen gara “gu baino zoriontsuagoa” den horren bizitza estiloa eramaten, pauta konkretuak jarraitzen edo bera bezala konportatzen, gerora konturatzeko pertsona hori ere “bera baino zoriontsuagoa” den pertsona baten bizitza jarraiten dagoela, eta horrela bukle amaigabe batean sartzen gara. Eta hori dena aurreiritzi horietatik ihes egin eta ustez bizitza on baten mende egoteko.
Hurrengo asteetan gizona beste leku batzuetan esertzen joan zen, eta guztiei gauza antzekoak egiten zizkien, denak 16-19 bitarteko mutil gazteak ziren. Bi hilabeteren bueltan gizonak ez zuen non eseri, inork ez baitzion norberaren ondoan esertzen uzten. Jada gure artekoak ez ziren begirada txarrak, begirada konplizeak baizik, trenean gazte guztiok egoten ginen adi gizona noren ondoan esertzen zen ikusteko eta tokiz aldatzeko, neskoi ez baitzigun ezer egiten. Hilabete horietan gizonak egindako gauza ezberdinetaz konturatzen hasi ginen, jendeak zuzenean kontatuta edo lagunen batek beste bati entzunda. Adibidez, mutil bat trenetik jaistean, gizonak zakiletik heldu zuela eta horrelako beste hainbat kontakizun jaso genituen. Gero eta mutil gehiago hasi ziren beraien ondoan esertzen ez uzten, baina nik nire barruan nolabaiteko dilema morala nuen. Izan ere desgaitasun mentala duen momentuan, nola dakigu egiten ari denaz kontziente dela? Baina era berean, justifikatzen al du desgaitasuna izateak norbaiti eraso sexual bat egiteko? Nik erantzuna garbi nuen, ez zuela justifikatzen, baina beti iruditzen zaigu konplexuagoa gaia desgaitasundun pertsona bati dagokionean. Normalizazio falta hori dela eta, agian?
Hilabete batzuk beranduago, gizonaren herrira iritsi ginen eta egun hartan ez zen igo, suposatu genuen beste bagoi batean igoko zela, batzuetan trena aurrerago edo atzerago geratzen baitzen. Tren geltokitik apur bat urruntzen geundela, bat batean trena oso modu bortitzean geratu zen, eta gidariaren ahotsa entzun genuen treneko megafonotik; “Trenbidean arazo bat dago, bertan itxarongo dugu beste tren bat etorri eta bertara aldatzeko”. Suposatu genuen trena bidetik atera zela, edo menditik lurra eroriko zela eta, beraz, arriskutsua izango zela aurrera jarraitzea. Berrogei bat minutu beranduago, bigarren trena etorri zen, gure trenetik jaitsi eta bestera igo behar ginen, besterik ez. Baina trenetik jaisteko arrazoia ikusi bezain laster harridurak menderatu gintuen, ez genuen inolako aurreiritzirik momentu hartan, ezta inolako pentsamendurik ere. Gure begiradak trenaren aurrealdean finkatuta zeuden, izoztuta baleude bezala. Trenaren aurrealdean gorputz bat zegoen, odolez, eta albo batean betiko gizon hark goizero berekin ekartzen zuen maletina. Treneko guztiok konturatu ginen azpian txikitutako gorpu hori norena zen, baita ondo konturatu ere, kurtsoa hasi zenetik ez baikenion begirik kendu gizon hari.
Egun hura luzea bezain arraroa izan zen, gorputz barruan sentimendu gazi-gozoak genituen denok. Beti sentitzen dira sentimendu ezberdin asko norbait hiltzen denean, baina bere buruaz beste egiten duenekoa ezberdina da, eta kasu honetan oraindik ezberdinagoa, gizon hori azken hilabetean gure begiraden diana erdian egon baitzen.
Istorio hau guztia hemen amaitu nezakeen, pertsona batek bere buruaz beste egitea X arrazoiengatik, eta arrazoietako bat agian trenean mundu guztiak gorroto zuela izatea. Egia esan hori egiteko asmoa nuen atzoko komunikabideetan argitaratu zen albistea ikusi arte. Inguruko herri guztietan izan zen notizia, eta noski gurera ere iritsi zen.
Gizonak bere buruaz beste egin ondoren polizia haren etxera joan omen zen bere gauzak jasotzera. Ez omen zuen inolako familiarik, ama hilda baitzuen eta aita aspaldian joan zen etxetik. Bere izena Mikel zela jakin genuen eta 37 urte zituela, Gureakeko zentro batean lan egiten zuela eta ez zela inoiz eskola batera joan, hau da, etxeko edukazioa jaso zuela. Bere bizitzan eguneroko errutina trenean lanera joan eta trenean lanetik itzultzea zen, ez zuen beste inolako ekintzarik egiten.
Ikertzaileek gauza guztiak kajetan sartzen hasi zirela ordenagailu bat topatu zuten, begirada azkar bat emateko intentzioarekin piztu zuten eta lehenengo karpetara sartu ziren. Bertan Mikelen argazki eta bideo pila agertzen ziren, gaztetatik aita etxetik joan artekoak. Irudi horietan aita semeari “sozializatzeko klaseak” ematen agertzen zen, hau da, etxean lantzen zuten ikasgaietako bat, jendearekin nola harremandu ikasteko zela… Edonork pentsa lezake aitaren aldetik lan bikaina zela bere seme desgaituari nola harremandu irakastea. Arazoa da, ez ziola hori erakusten, Mikelentzat sozializatzeko ikasgaia zena, hura bortxatu eta ikutzeko aitzakia besterik ez zen aitarentzat. Arazoa hori zen, Mikelek trenean egiten zuenaren arrazoia bere aitak hori egiten irakatsi ziolako zen, bere ikuspuntutik jendearekin harremantzen ari zen, jendea ezagutzen. Eta ez zuenez inoiz bere aita zen beste harremanik ezagutu (ez baitzen eskolara joaten), hori zuen normalizatua. Horixe zen Mikelen errealitate bakarra.
Hau dena bat-batean entzutean ez nuen jakin nola erantzun, izan ere erru sentimendua jarri zen nire gorputzaren jabe. Banekien guk ez genuela inongo errurik, izan ere, guk bere atzeko istorioa jakin gabe, zein jakinik, guregan zuen jarrera hori ezin genuen onartu. Baina beste alde batetik, gu ere izan ginen bera baztertu eta ondoan esertzen uzten ez genionak, eta bere ekintzak ikusita, normala den harren berekin inolako harremanik nahi ez izatea, erru sentimendua bertan sortu zen, eta oraindik ere darrai.
Mikelen aitaren inguruan, oraindik ere ez dakigu ezer, polizia bere bila dabil, baina ez daukate ideiarik ere non egon daitekeen. Dakigun bakarra da Mikelen historiak hemen inguruan arrastoa utzi duela, baina batez ere treneko gazte guztioi nola erantzun jakiten uzten ez digun sentsazioa utzi digula denboraldi luzerako.