Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Idazlehiaketa

LEIRE SARASOLA AUZMENDI

A Maila Olerkia aipamen saria
Kaixo! Leire Sarasola Auzmendi naiz eta 16 urte ditut. Aurtengoan batxilergoko lehenengo maila egiten ari naiz Txindoki Institutuan. Nire zaletasun gustukoenen artean musika eta idaztea daude. Ondorengo olerkian, emozio bat ardatz hartu eta hura hitzez hitz azaleratu nahi izan dut, bukaerara arte irakurleari gaia zein den ezagutarazi gabe, modu enigmatikoan, pentsatzera bultzatuz. Ea gustukoa duzuen!
LEIRE  SARASOLA AUZMENDI

UBEL URDINDU ZEIHARRA

UBEL URDINDU ZEIHARRA

 

Beltzez tindatu zenituen zuriak ziruditenak.

Ziztadatzat hartu zenituen

ehunak lotzeko ziren orratzak.

Betiereko agurtzat, 

gero arte batez amaitutako gutuna.

 

Beltzez tindatu zenituen zuriak ziruditenak.

Oldarkortasunez egin zenion uko tinta gorriz idatziriko egunerokoari,

ez zenuen gorrian pasioa ikusten jakin.

Uko, hasteko aukera zen paper zuriari, 

buruhaustea besterik ez baitzen zure begientzat.

 

Beltzez tindatu zenituen zuriak ziruditenak.

Niretzat sinonimoak zirenak,

antonimoak ziren zuretzat.

Ez zenuen melodia tristeenetan sinisten, 

nahigabea zen zuretzat,

niretzat, ordea, esperantza.

Zuk labirintoetan galtzeko aukera ikusten zenuenean,

nik aurkitzeko gogoz bilaketan nirauen.

 

Bilatu zaitut gaurik ilunenetan.

Aurkitu nahi izan zaitut,

zuk uzten ez zenidanetan.

Aurkitu zaitut azkenean.

Josi ditut ehunak, ziztadak saihestuz.

Ziur nago gutuna ez dela betiereko agurra.

Letra gorridun egunerokoa pasioa da, 

paper zuria hasiera, besterik ez.

Eta melodia tristeek dakarten itxaropenez bilatu zaitut gau ilunetan,

aurkitu zaitudan arte.

 

Zeu zara.

Nire nahiak geldiarazten dituen mamua, mehatxua.

Maiz, nire gogoaren kontra joatera behartu izan nauzuna.

Begiak estaltzea derrigortu zenidana.

 

Zeu zara.

Izarrik gabeko gauetan agertzen zinena,

ametsik gozoenak garraztu zenizkidana.

Inoiz, aurpegiratu nahiko nizkizuke zenbait zauri.

 

Zenidake nizukerekin trukatuko nuke,

eta zeunden nozitu beharrean,

nengoen oihukatuko nuke.

Zure presentzia, ordea, handiegia zen.

Nuke hura ere ez zen erreala, zuk zenukelako.

 

Ubeldua zinen nire azalean,

            ubel          

                   urdindu

                                zeiharra.   


                                               Beldurra.