GARAZI ZUBELDIA ZUBELDIA
GIZARTETIK IHES
- Eskuak bidean, bideak eskura
“Horrela jantzita joango zara?”,
“Ez al da gehiegizkoa hori janztea?”,
“Hori guztia jan behar duzu?”,
edo “Ez al duzu gehiago jan behar?”
ebakitzen ditugun esaldiak,
ebakitzen gaituztenak,
jakinak,
jakina.
Ondokoa hondoratu,
makurrarazi, epaitu,
hori dugu entretenimendu,
iritzia ematean guztiok gara aditu,
guztiok perfektu.
Iritzia ematea ez da bekatu,
gure ikuspegia ikusaraz dezakegu,
baina, eskubideak eskubide,
nahi dudana egiteko ba al dut eskurik bidean?
Epaituak direnek ere ez al dute,
ardurak ardura,
biderik eskura,
inolako gaitzespenik gabe,
nahi dutena egiteko aski eskubide?
- Zerotik hasi
Gizarteko soketatik askatu nahi nuke,
askatzerik banu,
eta alde egin,
urrutira,
bizirauteko lagun hurkoa beheratu behar ez den norabait.
Mundu utopiko batera joan nahi nuke,
gizarteko epaietatik ihes,
ingurukoen menpeko izateri utzi
eta bizitza berri bat hasi,
zerotik,
hutsetik,
ni neu aske izan nadin.
- Pentsamenduen preso
Pentsatzeari uko egin beharko nioke,
ezjakintasuna berreskuratu,
ume baten antzera jokatu,
inozente izan atzera,
pentsatzea bera baita
gure galbidea,
besteren zer esangoa zangoak mugiarazten dizkiguna,
aske izatea galarazten diguna.
Pentsa,
pentsatzeko gaitasuna da,
gizarte honetan preso gauzkana.
Pentsa.