AIALA ZUBIARRAIN TORREÑO
NIRE ARGAZKI BILDUMA
Gortina erdi irekitik sartutako argi izpiek nire ametsetatik esnarazi naute. Duela urte batzuk ez nukeen eskertuko, baina oraingoan, esnatuko ez banindute, uneren batean amesgaiztoak emandako ezustekoren batek esnatuko ninduen. Begiak ireki, begiak itxi, begiak ireki. Betazalen joan-etorriek goizeko argira egokitzen lagundu naute. Burua alde batera biratu eta mesanotxean dudan ordulariari erreparatu diot. Tik-tak, tik-tak, tik-tak… Orratz luzeenari begira geratu naiz, begiratze hutsarekin bira azkarrago emango balu bezala. Hiru aldiz itzuli ostean hasi da soinua. Pi! Pi! Pi!... Ordulariaren iratzargailua kolpe batez itzali dut. Egia esan, ez dakit zergatik jartzen dudan, beti ordua iritsi baino lehenago esnatzen bainaiz. Ohitura izango da.
Izara nire gorputzaren gainetik kentzean goizeko hotza sartu zait hezurretaraino. Gortina guztiz ireki dut argiak logela guztia koloreztatu dezan. Euria ari du, neguan gaudela kontuan izanda ez zait arraroa egin, egia esan, bazen ordua, azken bi asteetan ez da tanta bat ere erori.
Egutegiari begira geratu naiz. Beste egun bat, beste hilabete bat, beste urte bat. Zenbakituta dauden karratuetatik azkar igarotzen naiz, egunetik egunera zenbaki ezberdin bati erreparatuz. Gaurkoa egun berezia dela dio paper zatiak, baina ziur nago ez dela beste guztietatik desberdinduko. Egia da nire urtebetetzea dela, baina laurogei aldiz ospatu ondoren ez zait ilusio handirik geratzen, dena gaztetan agortu nuela sentitzen baitut.
Komunerantz abiatu naiz. Ispiluan begiratzean ez dut nire burua ikusi. Aspaldi galdu zen nintzena, eta orain ispiluan agertzen den gizona ez dut ezagutzen, ezezagun bat besterik ez da nire aurrean, isla guztietan jarraitzen nauen ezezaguna.
Aurpegia urarekin garbitu, lo egiteko jaka eta galtzak kendu, eta etxeko arropak jantzi ditut. Jada urtebetetzero ohituratzat dudana egitea erabaki dut beste urte batez. Logelako armairuan gordeta dagoen argazki bilduma topatzean irribarrea sumatu dut aurpegian. Bizitza oso batean niri ateratako eta nik egindako argazkiak daude bertan. Honen azala hautsez beteta dagoen arren “Nire argazki bilduma” hitzak ikusi ditut paper zati batean eskuz idatzita eta zinta itsasgarriarekin erantsita.
Lehen orrira egin dut salto, nire bizitzako oroitzapen zaharrenetara. Mutiko txiki bat ageri da lehenengo orrietan. Mutikoa dantzan, mutikoa jolasean, mutikoa balde berde baten barruan bainatzen. Argazkiak beraien artean oso ezberdinak diren arren, beti irribarre zabal bat ageri da ume horren aurpegian. Horrela oroitzen dut nik ere.
Irribarre zuri horri begira geratu naiz une batez, agian polita delako, agian badakidalako orriak pasatu ahala ez dudala berriz ere ikusiko. Osabak ateratako argazkietan aurrera egin dut; orain zazpi urteko umea daukat begien aurrean. Nire begirada zuzenean argazki batean iltzatuta geratu da, eta hor hasi dira barra-barra oroitzapenak. Aita eta ni gaude argazkiaren erdian. Irudia beste edonork ikusi balu ez luke ezer arrarorik sumatuko, baina hori dute argazkiek, ezkutatzen duten historia ezagutzean irudiek beste esanahi bat har dezakete.
1951ko martxoaren 10ean kokatzen nau argazkiaren azpian idatzita dagoen datak. Eguzkia irten zenetik ura zarra-zarra erortzen zen zerutik lurrera. Euriaren erruz aitari ezinezkoa egin zitzaion baratzean lan egitea, eta denbora arintzeko asmotan herriko tabernara abiatu zen. Nik, bitartean, ordularian ikusten nituen orduen joan-etorriak aitaren esperoan, noiz agertuko ote zen galdezka eta erantzun barik. Arratsaldeko hiruretan agertu zen etxean, begirada nekatuta eta jantzita zeraman arropa era nahasian jarrita. Alde batera eta bestera mugitzen zen ibiltzerakoan, herriko plazan lagunekin norbere buruari bueltak eman eta ibiltzen saiatzen ginenean bezala. Nik isilik erreparatzen nion, amak aldiz oso baxu esan zituen hitz batzuk, gure arteko distantziak ulertzen utzi ez zizkidan hitzak. Aitak zentzu gabeko gauzak esaten zituen bata bestearen atzetik, eta amari begietara begiratzean beldurra nabaritu nion, segituan nik ere sentituko nuen sentimendua. Aitaren ahotsaren doinuak haserrea isladatzen zuen, baina ez zuen garrasirik egiten, beste zerbaitek ematen zion doinu hori, behar bada gorrotoak.
Oraindik ere ez dakit nola mugitu zen horrelako azkartasunarekin. Begiak itxi. Begiak ireki. Gure artean zegoen tartea segundo gutxi batzuen ostean desagertu zen, eta bat-batean bi eskuekin nire sorbaldak estutzen zituen. Hitzak arrastatuz bezala esan zizkidan betiko buruan gordeta geratuko zitzaizkidan hizkiak. “Zu ni bezalakoa zara. Inoiz ez duzu ezer lortuko, eta kasualitatez zerbait lortzen baduzu, egon ziur izorratu egingo duzula”. Bere eskuak geroz eta estuago sentitzen nituen nire sorbaldetan, eta bere begiradak mespretxatu egiten ninduen. Oraindik ere gaztea nintzen arren, jada sentitu nuen nire aitaren helburua ez nuela lortu, nahiz eta ez jakin hori zein zen, galtzailetzat ikusten nuen nire burua. Gauzak ez dira asko aldatu.
Pentsamenduetatik orrietara bueltatu naiz. Orriak pasa eta pasa, irribarrea ezabatu eta ezabatu. Aita geroz eta beranduago iristen zen etxera, bere kolonia garagardo usaina zen, eta esaldi haiek geroz eta maizago esaten zituen, beti begirada horrekin.
Hamabost urte nituela bukatzen dira nire argazkiak, osaba bihotzeko batez hil zenean. Hurrengo orritik aurrera argazkiak nik ateratakoak dira, beti osabaren argazki kamerarekin. Hasieran, gustatzen zitzaidalako ateratzen nituen argazkiak, zaletasunez, baina urteek aurrera egin ahala, lanbide bihurtu zitzaidan. Hasieran, paisaiak, ama, arreba txikia, txoriak edota zerua agertzen dira bilduman, hori baitzen nire helburua, edertasuna irudi baten barruan harrapatzea, inoiz ihes egin ez zezan. Agian arrazoi horregatik hurrengo hogei orrietan Arantxaren erretratuak soilik daude.
Aitarekin ez topatzeko etxetik egiten nuen ihesaldietako batean ikusi nuen lehen aldiz. Udazkeneko hosto marroien koloreko ile luzeak, kolore bereko begiek eta irribarre zuri hark inoiz sentitu ez nuen zerbait piztu zidan barrualdean. Ez dakit nondik atera zitzaidan gau hartan berarekin hitz egiteko adorea, baina egun hartatik gauero elkar ikusten hasi ginen. Eguzkiak ilargiarekin beti biraka dantzatzen zuen heinean, herriko elizan bi hauen arteko dantza-saioa amaitu arte Arantxarekin egongo nintzela zin egin nuen.
Argazki batetik bestera paisaia aldatu da. Arantxa eta biok hirian etxebizitza bat bilatzea adostu genuen. Arrazoi nagusia lana bilatzea errazagoa izango nuela izan zen, eta honek aitarengandik urruntzea ahalbidetzen zidanez ez nuen gehiegi pentsatu. Pisutxo bat lortu genuen bion artean gordeta genuen diruarekin, biok lanean aritu baikinen iraganean. Aldizkari batean lortu nuen lanpostua argazkilari lanetan. Arantxak zoriontsu egiten ninduen, eta berriz ere mutiko txiki hark zuen irribarrea berreskuratzen ari nintzela sentitzen nuen bere alboan.
Urteek aurrera egin zuten inoren zain geratu gabe, aurrera eta soilik aurrera egiten zuten, nire esku artean dauden orriek bezala. Orrialde pare bat atzean utzi ondoren ikusi dut neskato txikia. Bi hilabete ere ez zituen izango bere lehen argazkia atera nuenean. Nire begien kolorea zuen, baina amaren edertasuna. Kontuz erreparatu diot argazki bakoitzari, begiratze hutsarekin irudi barruan dagoen umea gogaituko banu bezala. Pixkanaka-pixkanaka hazten doa, argazkitik argazkira adinean gora eginez, eta niri bezala irribarrea ezabatuz. Agian galdetuko diozu zure buruari zerk egin zuen irribarre hori lausotzea, ezabatu arte. Erantzuna ez da zaila, nik neuk egin nion niretzat altxor bat zen hori galaraztea.
1984an aldizkaritik Guatemalara bidali ninduten, bertan gerra zibila zela eta argazki horiek ateratzeko paregabea nintzela saldu zidaten. Nik ez nuen etxea utzi nahi, horrek emaztea eta alaba bertan uztea ekarriko zidalako. Hala ere, ez nuen beste aukerarik izan, gehiago ordainduko zidatela esan zidaten, eta ez joatea erabakitzen banuen lanpostutik botako nindutela. Horrela joan nintzen nire osabaren argazki kamera esku batean eta bestean maleta hartuta Guatemalara.
Asteak aurrera ziohazen, baina ordu arte azkar igarotzen zen denborak ez zuen bere lasterketa arin egin nahi, eta ni izorratu nahian bezala, minutuek orduak ziruditen. Infernu gizatiarrenera jaitsia nintzela sentitzen nuen, honi argazkiak egitera behartuta. Umeak kale izkinetan ezkutalekuak bilatzen, gazteak armekin borrokatzeko prest, hildakoak… Nire argazki kamerak jada ez zuen edertasuna ehizatzen, irudi zatarrak gordetzen zituen. Denetik ihes egin nahian, bigarren astetik aurrera alkohol botila baten barruan ezkutatzen nintzen, aitak egiten zuen bezala.
Hori izan zen arazoa, bost aste igaro ondoren bueltatzean ez nekien alkoholik gabe bizitzen, ez nuen jakin uzten beranduegi izan arte. Arantxa izaten nuen zain tabernatik bueltan, beti nire zain, noiz bueltatuko nintzen esperoan, edo, agian, izan nintzena bueltatuko zen esperoan, berarekin ezkondu zen gizonaren zain. Eguzkiak azkar egiten zion bira munduari, alabak etxetik ihes egin zuen nik aitarengandik egin nuen bezala, eta Arantxak oraindik ere zain jarraitzen zuen, bere gorputzak nahikoa izan zuen arte.
Gaixotzen hasi zen, eta berak nigan zuen itxaropenak bere esperantza guztia agortu zion, gaixotu zen unetik horiek bere azken egunak izango zirela esaten baitzuen. Orduan egin zidan eskaera: “Utz iezaiozu edateari, behintzat egun hauetan, ni joan arte izan zaitez zinena”. Bizitzan behin ondo egin nuela sentitzen dut hitz horiek jarraituz.
Ez dakit nola jakin zuen, baina bost egunetara Arantxak bere azken arnasa bota zuen, ni eta alaba bere ondoan geundela, nire bizitzan lehendabizi bere zain, eta ez alderantziz. Orduan ulertu nuen ez zela joan eta ez zela inoiz joango oroitzapenetan bizirik baitzegoen, eta beraz hitz haiei jaramon egiten jarraitu dut orain arte.
Bilduma itxi dut, urtero bezala betiko gogoeta eginez. Ez naiz aita ona izan, ez naiz seme ona izan, ez naiz senar ona izan, ez naiz ona izan. Egunero izan nintzenaren oroitzapenek nire burua kartzela bihurtzen dute, eta hain gustuko izan nuen argazkigintzak oroitzapenei jaten ematen die, irudien atzean nire historia ezkutatuz.
Alaba gaur ez da etorriko bere aita zoriontzera, ez dut merezi, hori da nire zigorra. Hori, eta aitak esan zituen hitzak egia zirela jakitea. Galtzailea naiz, beti izan naiz, eta orain heriotza noiz etorriko den zain galtzaile izaten jarraituko dut. Eta ez, ez naiz galtzaile irabazi ez dudalako, baizik eta irabazitakoa galdu dudalako.
Orain, gauero aitaren hitz haiekin amets egiten dut, hori bai amesgaiztoa, gauero errepikatzen den amesgaiztoa.