Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Idazlehiaketa

AINHOA ASEGINOLAZA ARAKISTAIN

A Maila Olerkia 1. saria
AINHOA ASEGINOLAZA ARAKISTAIN

BADIRA KALEAK

Badira kale biziki zuriak

non bizitzak dirudien eder

non nagusi diren doinu biziak

non bihotz elkartuak dauden epel

Dantzuzkit etengabeko irriak

malkoek ez dute lekurik hemen

Emakumea aske bizi balitz

halakoxeak lirateke anitz

 

Badira kaleak jendez itoak

non ekaitzak eguzki dirudien

non izua den batzuen beroa

non begirada zorrotz bat aski den

Hasi esku laxoen giroa

erasotu da gau erosoen bide

baina “ez du zentzurik amorruak”

pisua baitu arren aburuak

 

Badira kale isil eta hutsak

etxera bide lasaien eraile

Lepotik gogor eutsi, gero bultza

oihuka biluztu naute etsaiek

desegin dute naizenaren funtsa

askatasunaren bortxatzaileek

Ezin bakar bati bota errua

itsu denek jan baitute amua

 

Badira kaleak hitzez josiak

mugarik gabeko otso arramak

Zabaltzen dituzte nire zauriak

ahuldu nazan bizkarreko zamak

Mesfidantzaz jaurti dira geziak

egia jan du esames-brigadak

Ezinezkoa itotzez uztea

argirik ez dagoen ilunpean

 

Badira, bai, halako kale pila

garun ustel eta atzeratuak

baina borroka hau ez da hila

ez gara izango oinperatuak

Matxirulo izango dira mila

baina goien indar bateratuak

Etengo da feministon marea

berdintasuna lortzean kalean