Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
  • Idazlehiaketa

KATTALIN ZURUTUZA ESKISABEL

D Maila Prosa 1. saria
Kattalin Zurutuza Eskisabel naiz, Beasaingo ikastolako DBH2. mailako ikaslea. Gauza asko atsegin ditut, dantzatzea, abestea eta lagunekin eta familiarekin egotea adibidez; baina badaude gustuko ez ditudan gauzak ere: eztabaidak, eta hainbeste bizitza zapaltzen dituzten gudak, esaterako. Lehiaketa honek ilusio handia egiten dit, izan ere, gustuko ez ditudan gauza horiek aldarrikatzeko eta gustuko ditudanak adierazteko aukera ematen dit.
KATTALIN ZURUTUZA ESKISABEL

IHESA

Azkenean, azkenean iritsi naiz Al-Shifa ospitalera, oinez, ihesi egin ditudan bederatzi kilometroen helmugara. Sartu orduko, airean etsipena sumatu dut, nire bihotz tristean are gehiago sartu den etsipena. Barruan, gizon-emakume asko daude, egoera larrian ugari. Aurrera egiten dudan heinean, geroz eta jende gehiago ikusten dut; geroz eta pertsona zauritu eta mindu gehiago. Ospitalean ez dugu denentzako tokirik, eta zaurituetako asko lurrean daude. Ertz batean, gizon bat ikusi dut; besoetan hildako haur bat dauka, eta negarrez ari da. Hau da Gazara etorri ezkero etengabe ikusiko duzun egoera tamalgarria. 

 

Laguntza eskatu dut, baina inork ez dit erantzun. Korridorean barrena oinez jarraitu dut denbora luze batez, eri, ume, agure, hildakoak… ene begien aurrean etengabe errepikatzen diren bitartean. Halako batean, mediku bata soinean duen gizon bat ikusi dut, eta harengana abiatu naiz, nire oin zaurituek utzi didaten bezain azkar. Hark, beste mediku batengana eraman nau, azter nazan.

 

Denboratxo bat egon naiz ate gris baten aurrean, lurrean eserita, kanpotik datozen burrunbak barruan dauden samin oihuekin nahasten diren bitartean. Atea ireki, eta berrogei urte inguruko gizon altu batek gelara sartzeko esan dit ahots pausatuaz.

 

-Nola duzu izena? -galdetu dit, eskuineko hankan dudan zauria handia aztertzen didan bitartean.

 

-Hamila -erantzun diot.

 

-Ados, Hamila. Hankan duzun zauria nahikoa larria da. Garbitu egingo dizut, eta zapi batekin estaliko dugu. Baduzu mantaren bat? Ohatila eta ohe guztiak beteta daude. 

 

Ezetz erantzun diot buruaz.

 

- Hartu hau, eta etzan zaitez gainean, libre ikusten duzun tokiren batean. 

 

Medikuak agindutakoa egin dut. Berriz ere, korridoreek osatzen duten laberintoan biraka hasi naiz, oraingoan niretzako leku baten bila. Halako batean, libre dagoen toki bat ikusi dut; manta bertan zabaldu, eta gainean etzan naiz. 

 

Ondoan dudan familiari erreparatu diot. Gizona larriki zaurituta dagoela dirudi. Emaztea, bere alboan dago, gizona zainduz. Nire adin inguruko neskato bat dute, hamalau bat urte ingurukoa, besoa zauritua duena. Gaixorik daude, baina, hala ere, elkar zaintzen dute, elkarri babesa ematen diote, elkarrekin daude... 

 

Nire familiaz oroitu naiz: ama, aita, eta Amir anaia zaharra, eta Kala txikiaz. Hainbeste maite ninduten eta nituen… eta jada ez daude. Tristurak barrena betetzen dit, eta min hori saihestu nahian lo egin nahi dut, begiak itxi eta mina arinduko balit bezala.

 

***

 

Desorientatuta esnatu naiz. Segundu batzuen buruan Al-Shifa ospitalean nagoela oroitu dut; eta segidan, duela bi egun familiari gertatutakoaren irudia berriro etorri zait burura, eta horrekin batera samina, etsipena, eta botagurea. Eta negarrari ekin diot. 

 

Mediku batek nire zauriak garbitu eta hauek estaltzen dituzten zapiak aldatu dizkit; horrela bada ere apur bat ni goxatuz. Jaten eman didate, eta ur pixka bat. 

 

Hemen, Gazan gudak aurrera egiten du… Denbora motel doa… 

 

***

 

Egunak pasa dira, eta ospitalean denak berdin jarraitzen du, eguneroko egoera errepikatzen da: bonbak botatzen dituzte, jendea hiltzen dute, eta ospitalea oraindik gehiago betetzen da. Korridoreetan ere apenas dago tokirik eta bertatik alde egin beharko dugunaren zurrumurrua geroz eta zabalduago dago. Nire hankako zauriak, aldiz, apurka-apurka sendatzen ari dira.

 

***

 

Gaur, momentu batean, ondoko neskatxa bakarrik zegoela ikusi, eta berarengana hurbildu naiz: 

 

-Kaixo, zer izen duzu? - galdetu diot.

 

-Malak naiz, eta zu?

 

-Ni Hamila naiz. Zer moduz dago aita? Egun hauetan zauritua dagoela ikusi dut…

 

-Bai… Egia esan, ez dago ondo. Hankan zauri larriak dauzka, eta agian anputatu egin beharko diotela esan digute - hau esan bitartean, Malaken begian malkoz betetzen joan dira.

 

-Sentitzen dut… -erantzun diot, familia zaurituta edukitzeak ematen duen mina sentituz.

 

-Bakarrik zaudela ikusi dut, Hamila, non daude zure gurasoak? - galdetu dit berak.

 

-Ez daude…. Denok elkarrekin ematen genituen egunak etxean, beldurtuta, kanpotik zetozen erasoak entzunez. Gurasoek, anai-arrebak eta ni babesten ematen zituzten egunak. Egun hartan, ordea, su etena zela eta, ur bila joateko etxetik atera nintzen, pitxer bat eskuetan nuelarik. Itzulerako bidea egiten ari nintzela, ustegabeko beste eraso bat entzun nuen, baina hau nire etxe ingurutik zetorrela ohartu nintzen. Pitxerra lurrera bota eta korrika abiatu nintzen; iristean, nire etxea eta ingurukoak suntsituta ikusi nituen. Ama, aita, Amir eta Kalaren bila hasi nintzen, hauts eta harri artean. Jende asko ari zen garrasika, inguruan biraka… Zurrunbilo baten moduan dut guztia buruan bueltaka… Gurasoak eta anai-arrebak hilik zeuden; haien gorpuak hondakinen artean ikusi nituen. Etxearekin batera egun hartan nire bihotza ere eraitsi zuten  - hunkituta, negar zotina atera zait.

 

Malakek eskua eman dit, eta goxotasuna sentitu dut. Hizketan jarraitu dut:

 

-Gaua hondakin artean eman nuen, galdurik, ez nekien zer egin eta oraindik bertan nengoela, zauritutako gizon bat, Abdel, hondakin artetik igaro zen. Nitaz errukitu zen eta berarekin Al-Shifa ospitalera abiatzeko esan zidan. Harri eta burni artean egin nuen hankako zauria sendatu beharra zegoela eta hala egin genuen. Bidean ordea, Abdel bat-batean erori zen. Hura ere galdu nuen. Bidean aurrera jarraitu eta duela egun batzuk ospitalera iritsi nintzen.

 

Kontatu bitartean, eztarriko korapiloa loditzen joan da eta garrasi bat atera da nire barrenetik. Malakek besarkatu egin nau.

 

Apur bat baretzea lortu dudanean, Malakek bere familiari gertatutakoa kontatu dit. Babes bila ospital honetarako bidean zebiltzala, bonba bat bota zuten haiengandik gertu. Misila eraikin baten gainera erori zen, hau botaz, eta adreilu eta hondakin batzuk gainera erori zitzaizkien. Horregatik zegoen haren aita larri zaurituta. Gero, ni baino egun bat lehenago, Al-Shifara iritsi ziren. 

 

Malakek gurasoei nire istorioa kontatu  die, eta hauek, lasai egoteko ez naizela bakarrik egongo esan didate, ahal duten neurrian beraiek  zainduko nautela. Horri esker, egun hauetan lehenengo aldiz, maitasuna sentitu dut.

 

***

 

Azken egunetako aldean lasaiago lo egin dut Malaken familairen ondoan. Hala ere garrasi bortitzek esnatu naute kanpoan euria ari duela esanez… euria Gazan!!  Baina ez da edozein euri: izan ere, zerutik, ur tantak ordez, papera erortzen da.  Ospitaleko ataritik papel bat hartu eta irakurri ostean izuak harrapatu nau. Larritasunaren ondorioz negarrez, korrika abiatu naiz Malak eta familiaren bila. Papera erakutsi diet. Bertan, Gaza iparraldetik irteteko dio eta horretarako bi egun ditugula…. Iparraldeko eremu guztia suntsituko dutelako. 

 

Zalaparta handia dago ospitalean; izua, jendea alde batetik bestera korrika tresnak biltzen. Batzuek bertan gelditzeko hautua egin dute, beste batzuek, ordea, ezin dute bertatik ihes egin. Eta beste asko, Malaken familia bezala (eta ni beraiekin)  hegoalderantz abiatu gara. Ditugun bi gauza apurrak hartu eta bagoaz.

 

Hegoalderanzko  bidea berez hain luzea ez den arren, gure osasun egoeraren ondorioz eta suntsitutako etxe eta errepide artean ibiltzea zailagoa zaigunez, uste baino gehiago atzeratzen ari gara. Gainera, Malaken aitari lagundu behar diogu; txandaka, makulu lanak egiten ditugu berarekin. 

 

Hamar bat ordu eman ditugu ustez “salbu” gauden tokira iristen, baina ez dakit benetan gaitz guztien artean ospitalean ez ote ginen hobeto egongo.  Gutxienez, bonba gutxiago iritsiko zaizkigu, zerutik iritsi zitzaizkigun  paperetan  jartzen duena egia bada. Gu bezala, ihesean datorren jende asko dago. 

 

Ospitaletik mantak ekarri ditugu, hauen gainean egon ahal izateko. Txoko libre batean jesarri gara, gure aurretik beste ehunka pertsonek egin duten moduan. Gure larritasunik handiena janaria eta urarekiko kezka da: ospitalean zegoen apurrean zerbait iristen zitzaigun baina hemen ez dago ezer; erosteko dirurik ez dugu, eta dirua izanda ere erosteko janaririk ez daukagu. Kanpotik iristen diren hainbat kamioietatik zerbait banatzen dute baina dagoen jende pilaketarekin ezinezkoa izaten da, bata besteak zanpatzeko arriskua dago…

 

Malaken familiak momentu hauetan ahal duten ondoen zaintzen naute; baina, hala ere, gure egunerokoan ez dira gosea eta egarria falta. 

 

***

 

Hemen, Gazan, egoera izugarria da. Egunero jende asko eta asko hiltzen da, eta kanpoko herrialdeek ez digute laguntzarik bidaltzen. Laister, herrialde osoa akabatuko dute. Guk, biztanleek, egin dezakegun gauza bakarra ihes egitea da: nik ihes egin nuen nire etxe hondatutik, ihes egin nuen Al-Shifa ospitaletik, eta etorkizunean, ihes egingo dut botako dituzten milaka bonbetatik.

 

Gainera, urte berria hurbil da. Garai hauetan, jendeak urte berrirako planak egiten ditu, eta erronkak jartzen dizkio bere buruari: kirol gehiago egitea, ordenatuagoa izatea… Baina, nik urte berrirako nahi dudan gauza bakarra bizirik irautea da, denok akabatu nahi gaituen guda honetatik IHES egitea alegia, nire familia berriarekin.