Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
  • Idazlehiaketa

ISABEL ITURBE CABEZAS

B Maila Prosa aipamen saria
Kaixo! Isabel Iturbe naiz, ordiziarra. 2008. urtean jaio nintzen eta musika eta literatura ditut gustoko.
ISABEL  ITURBE CABEZAS

ITXARONGELA

 

ANDER

Banekien azkenean momentu hau iritsiko zela. Denok genekien. Onartua nuela uste nuen, baina antza ez. Nola onartu daiteke arreba baten heriotza? Ez dirudi etikoa ere, zure bizitzarekin jarraitzea, ezer gertatu ez balitz bezala, gehien maite duzun pertsona betiko joan izateak inporta ez balizu bezala. Nola egin dezake hori jendeak?

 

Hilabeteak pasa zituen gu danok prestatzen bera joaten zen unerako, horrelakoa delako bera, beti besteak bere buruaren aurretik jarriz, gure ongizatea bere bizitzaren amaiera baino garrantzitsuagoa balitz bezala. Beti izanda horrelakoa, umeak ginenetik. Jakin zuenean, esan zigun lehen gauza lasai egoteko izan zen, bera gabe ondo egongo ginela. Gu bera zaintzen aritu beharrean, berak zaindu gaitu gu.

 

Dirudienez, berak egindako lan guztiak ez du ezertarako balio izan, ez baikaude batere prestatuta. Ezin dut sinetsi hau egia denik, azken sei hilabete hauetan gauza bakarra pentsatu dut: zergatik bera? Gaztea da, eta argia. Ametsak ditu. Zituen. Orain denak kendu dizkiote kolpez. Nola izan daiteke mundua horren maltzurra? Ahal dudan guztia egin dut. Bere ondoan egon naiz, sendagarriak erosi dizkiot, bere osasun fisiko eta mentala zaintzen saiatu naiz, baina ez da nahikoa izan. Oraingoan ezin izan dut babestu.

Badakit zortea besterik ez dela. Azkenean, denok hilko gara. “Ez da nire errua” errepikatu diot nire buruari behin eta berriro. Ezin dut beti dena kontrolatu, nahiz eta nire buruari kontrakoa esan. Baina ez da zilegi hogeita bi urterekin hiltzea. Bizitza oso bat bizitzeko aukera izan beharko genuke denok, eta ez zati bat bakarrik.

 

Ingurura begiratu eta hemen gaude denok, baita Carla ere. Badirudi egia dela, heriotzak jendea elkartzen duela. Norbaiten falta sumatu behar dugula konturatzean besterik ez gara gerturatzen. Esaten den bezala, ez dakigu zer daukagun galdu arte. Nik, behintzat, hemen egon den bitartean berarekin egoteko aukera izan dut. Aukera ala ausardia, ikusi nahi den modura. Nola konponduko dute hiru ordutan bost urtez konpondu ez dutena?

 

Bera lasai dago. Aspaldian onartu zuen bere patua. Gu gara gure bizitzako zati bat gabe geratuko garenak betirako.

 

CARLA

Iritsi naiz azkenean, eta oraindik ez da beranduegi. Gelara sartu eta denak geratu zaizkit begira. Ulertzen dut, ez ninduten han espero. Nik ere ez dakit zer egiten dudan hemen, egia esan. Haien amaren “eskerrik asko etortzeagatik”aren gain, ez du inork ezer esan. Anderrek denbora luzez begiratu nau. Ez dago pozik ni ikusteaz, hori badakit. Beti zaindu nahi izan du Garazi beste ezeren gainetik, eta ez nau barkatuko. Orduan ez zitzaion beste inoren bertsioa inporta izan, eta orain are gutxiago. Lotsa sentitu dut. Agian bada beranduegi. Zer egiten dut hemen? Garaziri sentitzen dudala esaten hasiko naiz orain? Eszena bat egin? Ez, ez du merezi. Bada beranduegi.

 

Kontu bitxia da heriotza. Bizitza bat amaitzen da bai, baina pertsona horrek han jarraitzen du. Bere ingurukoen etxean, lanean, kafetegian, ametsetan. Bere abesti gustukoena entzutean eta bere aulki hutsa ikustean. Maite zuten pertsonetan eta gorroto zutenetan. Noizbait garrantzitsuak kontsideratu zutenen oroitzapenetan. Gela honetan gauden pertsonengan beti egongo da bizirik.

 

Denbora luzez egon naiz aulki batean eserita lurrari begira, ezin inori begiratu, egun hartako oroitzapenak buruan dantzan. “Ez zen nire errua izan” esan izan diot nire buruari denbora luzez. Gaur ordea, biok izan genuela parte onartzeko beharra sentitzen dut. Zein hipokritak egiten gaituen heriotzak. Bost urtez pertsona bat gorrotatu ondoren, orain gaizki sentitu eta “horren txarra” ez dela esaten diot nire buruari.

Baina ez da momentua horri buelta gehiago emateko. Burua altxatu eta niri begira aurkitu dut Garazi. Ez dirudi haserre. Ezta harrituta edo beldurtuta ere. Lasai dago. Berdina pentsatzen dugula konturatu naiz: egun batez, behintzat, dena ahaztu eta helduak izan behar garela.

Ez dakit hitz egiteko aukera izango dugun, baina hemen nagoela esan nahi nion. Horretarako etorri naiz, gertatutakoa gertatu arren, inporta zaidala jakinarazteko.

 

GARAZI

Azkenean iritsi da momentua. Hilabetez etorriko zela banekien arren, aurrez aurre izan arte guztiz asimilatu ez dudana. Gaur, nire bizitza amaituko da.

 

Denak daude nirekin gelan, eta, egia esan, ezin dut gehiago eskatu. Nire bizitzatik pertsona asko pasa dira: lagunak, familia, ikaskideak, bizilagunak… Baina gaur, benetan garrantzia izan dutenak daude hemen, nirekin. Garrantzitsua kontsideratu nautenak. Nire bizitzan benetako eragina izan dutenak. Maite nautenak. Eta maite ditudanak. Baita nahiz eta haserretu, denboraren erruz aldendu edota beste arrazoi batzuengatik beti hemen egon ez arren, bata bestearen bizitzan eragina izan dugula konturatu direnak ere. Nahiz eta hemen gaudela dakigun bitartean garrantzirik ez eman, amaiera gertu ikustean daukagunaz konturatzen garelako.

 

Ulertzen dut haien harridura nire lasaitasunarekiko. Beraiek minduta daude, galduta, ulertu ezinik, zer egin jakin ezean. Hemendik aurrera ni gabe bizitzen jakin beharko dute. Badakit gai izango direla, maite nauten arren, ez naute behar.

Hala ere, ez dute prozesua hau nik bezala bizi. Nik baino okerrago pasa al dute? Agian bai. Ezberdina da, besterik ez. Gauza ezberdinak irakatsi dizkigu bakoitzari. Horregatik nago lasai, nik ikasi dudana bizitza presiorik gabe bizitzea izan delako. Momentu bakoitza gozatzea, eta amaiera onartzea. Horregatik daukat jarrera hau. Zer gehiago egin dezaket? Berandu da damutzeko. 

 

Oso zailak izan dira azken hilabete hauek, ez dut gezurrik esango. Txikitan gaixo egoteak ez zizun batere inporta. Eskolara joan gabe etxean pasatzen zenuen eguna, eta, gero, zure amak bizkotxo bat egiten zizun hobe sentiarazteko edo zure aitonak jostailu bat erosi triste ez egoteko. Baina, dena bezala, gaixotasunak ere larriagoak egiten dira handitzean zoazen heinean. Gero eta arazo handiagoei aurre egiten ikasi behar dugu.

Hogeita bi urterekin ez duzu espero minbizi bat aurkitu eta sei hilabete beranduago bizitzeari utziko diozula. Gaztea zarenean, denbora asko duzula uste duzu beti, asko falta dela, gerorako utzi ditzakezula gauzak, ez dagoela presarik. Hori esaten dizute helduek ere: ”gozatu orain gaztea zarela, izango duzu denbora kezkatzeko.” Ez da harritzekoa filosofia hau izatea, kasu gehienetan egia baita. Ezin duzu behar baino lehenago dena egiten saiatu, ez baita momentua. Baina, patuak zure bizitzari bira bat ematen dionean, zure pentsatzeko, bizitzeko eta mundua ikusteko era aldatu behar duzu.

 

Heriotzak ez dit beldurrik ematen. Bizitza horren goiz amaitzeak agian amorrua, edo senide eta lagunak uzteak tristura, baina heriotzak beldurrik ez. Tragikoa dirudien arren, hiltzeko jaiotzen gara. Denak behar du amaiera bat, horrelakoa da natura. Gauzak jaio eta hil egiten dira, etengabe, eta horrek ematen die zentzua. Gizaki bezala, gure amets frustratuak egia izan litezkeela sinestea gustatzen zaigu, betirako gazteak izan gaitezkeela, dena konpondu dezakegula, gauza perfektuak existitzen direla. Ameslari hutsak gara pertsonak. Poetikoa da benetan, baina, azkenean, hau egia ez dela konturatu behar gara, eta erromantizismoa gozatu dezakegun bitartean, errealitateari aurre egin behar diogu, mingarria iruditzen bazaigu ere. Eta errealitatea honako hau da: ez dago bizitzarik heriotza gabe.

 

Orain ingurura begiratuta, haiek zer pentsatzen ari ote diren galdetzen hasi naiz nire buruari. Denek sentimendu antzekoak dituzten arren, badakit burutik pasatzen zaizkien pentsamendu guztiak ez direla berberak. Badakit, adibidez, Ainhoa lehiotik begira dagoen bitartean hurrengo astean egingo dituen planen inguruan pentsatzen saiatzen dela, ez baita gai sentitzen niri begiratu eta egoera onartzeko. Edo badakit osaba Josek, Ainhoak ez-bezala, niri begira pasako duela gau osoa, ez baitu segundo bat ere galdu nahi. Edo baita ere badakit Anderrek Carlari begiratzen dion bitartean, biak denbora galduaz ari direla hausnartzen. Pentsamendu asko ezberdinak diren arren badakit denek espero zutela nik gehiago bizitzea. Baita nik ere. “Etorkizun arrakastatsua izango du honek, neska argia da” zioten askok. Nik ere sinetsi nuen bukaeran. Orain haien aurpegietan ikusten dut dezepzioa, “potentzial galdua”. Ulertzen dut sentimendua. Ez naiz harritzen, nik ere berbera pentsatuko nuke. Beraiek ez dute nik bezala bizi, eta ezin dira lasai eta gustura geratu bizitakoarekin.

 

Honek zerbait irakatsi badit, nire bizitza nirea dela da. Azkenean, dena amaitzean, bakarrik zaude, jaiotzean bezala. Borobil forma du bizitzak, eta bakoitzak berea dauka. Bien artean egiten duzuna da bizitzari zentzua ematen diona: hartzen dituzun erabakiak, ezagutzen duzun jendea, suertatzen zaizkizun egoerak. Hauek bata bestearen atzetik jarrita, bizitza bat osatzen da. Zure bizitza. Zure erabakiekin, zure jendearekin eta zure egoerekin. Eta bizitza hau zuk bakarrik bizi duzu, ez beste inorrek. Beraz, azken egoera honetan nagoela, atzera begiratu eta nire bizitza ikustean, harro egotea da garrantzitsuena. Nire bizitza nire erara bizi izan dudalako.