Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
  • Idazlehiaketa

IZARO ARANBURU ANSA

B Maila Prosa 3. saria
Izaro Aranburu naiz, 15 urteko beasaindarra. Beasaingo Txindoki institutuan ikasten dut, eta aurtengo Beasaingo idazlehiaketako 3. sari hau irabazteak ilusio handia egin dit. Idatzi honetan, beldurra ardatz hartuta, gaur egun laguntza eskatzeak sortzen dituen zalantzak zein larriminak islatu nahi nituen, eta bide batez, nire sentimenduak zein bizipenak kontatu. Eskerrak eman nahi dizkiet inguruan ditudan zein bidelagun izan ditudan guztiei.
IZARO  ARANBURU ANSA

BELDURRAREN BELDUR

Esnatu, jaiki, gosaldu, pentsatu… bazkaria daukagu gaurkoan… bazkarira iritsi, pentsatu, ordularia begiratu, pentsatu… minutu bat, bi minutu, bost minutu, ordubete… bazkaria bukatu eta etxera buelta… eguneroko ibilaldia egin, afaldu, lotara. Esnatu, jaiki, gosaldu, pentsatu… institutura gaurkoan… klaseak hasi, pentsatu, ordularia begiratu, pentsatu… minutu bat, bi minutu, bost minutu, ordubete, sei ordu… eta etxera buelta… eguneroko ibilaldia egin, afaldu, negar apur bat, lotara…

Beti ordulariaren orratzak azkarrago mugituko direlakoan. Ezin pentsatzeari utzi… Beldur naiz! Bai, beldur naiz!

Baina…

Zeri beldur? Zergatik beldur? Ez dakit!

Beldurrak harrapatu ninduen, eta geroztik beldur horretan preso bizi naiz. Luze egiten da minutu bakoitza. Gaurko eguna atzokoaren berdina, eta gaurkoaren berdina biharkoa ere… egun guztiak dira berdinak. Askatasunaren zain nago, baina urrun dagoela dirudi, ez bainaiz bere itzala ere ikusteko gai. Askatasuna egunen batean iritsiko den esperantzan itsututa nago.

Laguntza behar dut… laguntza.

Baina…

Benetan behar al dut laguntza? Erotuta nagoela pentsatuko dute? Barre egingo didate? Prest al nago laguntza eskatzeko?

Galdera hauek dira nire buruaren jabe uneoro. Gizartearen presioak ez dit aurrera-pausoa ematen uzten. Jende askok laguntza eskatzen duen jendea koldartzat hartzen du, baina ni preso sentitzen naiz, inolako irtenbiderik gabe. Laguntza eskatzeak beldurra ematen dit. Baina ikusten ez dudan askatasun horretara iristeko bidea izan liteke.

Ba bai. Koldar hutsa naiz, eta zer?

Baina…

Eta laguntza horrekin nahikoa ez bada? Zer egingo dut orduan? Beldur honetan preso biziko naiz betirako?

Etorkizunari begira bizi naiz. Beti nago gertatuko denaren esperoan. “Eta hori horrela ez bada? Zer gertatuko da?”... galderak eta galderak uneoro. Minutu bat barru gertatuko dena jakitea gustatuko litzaidake, eta baita bi ordu barru gertatuko dena ere… Beldurra ematen dit etorkizunak.

Baina…

Zerk beldurtzen nau, etorkizunak ala gertatuko dena ez jakiteak? Ez jakitearen beldurrak beldurtzen al nau?

Gau eta egun aritzen naiz pentsatzen. Buruari milaka eta milaka buelta emanez, inolako erantzunik lortu gabe. Beldur naiz. Preso sentitzen naiz. Laguntza behar dut.

Non dago behar dudan askatasun hori? Baliteke laguntza eskatzean egotea…

Zeren beldur naiz benetan?

Agian beldurraren beldur besterik ez naiz…