Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
  • Idazlehiaketa

MADDI SOROA AGUADO

B Maila Prosa aipamen saria
Maddi Soroa naiz, 14 urteko neska bat, eta 2009aren azaroaren 20ean jaioa naiz. Kirola nire bizitzan funtsezkoa da, modu batean edo bestean kirola nire bizitzaren parte bihurtzen da. Beasainen jaioa naiz, eta Beasaingo La Salle ikastolan ikasten dut bi urteetatik.

HORMATXORIA ETA INURRIA

Udako egun epel bat zen, eta eguzkia gordetzen hasi zenean txori guztiak janari bila atera ziren haien kabietatik, basorantz abiatuz. Zuhaitzetik-zuhaitz zebilen hormatxoritxo txiki eta dotore bat janari bila, bere lumekin hostoak ikutuz egunsentiarekin batera. Adaburu bakoitzean gelditu, eta zuhaitzaren enborraren barnean inurririk al zegoen begiratzen zuen.

Hormatxoriak zuhaitz bakoitzarekin patroi bera jarraitzen zuen: zuhaitzaren enborra goitik behera miatzen zuen, eta zortea ez balego bere alde, gehienetan halaxe gertatzen zen, zuhaitzen zulo bakoitza arakatzen zuen bere gorputz txikia unatu arte. Kasu honetan, orduak eta orduak pasa ziren, baina ez zuen ezertxo ere aurkitu. Bere kabira bueltatzeko asmoa zuelarik, bat-batean inurri lodi bat ikusi zuen. Erregina zirudien, eta goseak amorratzen zegoelarik, inurriari hozkada bat eman zion. Inurria irensteko unean, baina, ahots bat entzun zuen: irentsi behar zuen inurria zen. Inurriak bere bizia salbatzeko nahia zuen. 

-Mesedez, ez nazazu irentsi, familia bat sortzeko zorian nago, nire ametsa lortzeko gutxi falta zait! Utz nazazu libre mesedez, egunen batean itzuliko dizut mesedea, zin dagizut-, esan zuen inurritxoak.

Baina hormatxoriak gose handia zuen, goiz osoa ezer jan gabe zeraman; izan ere, halako beroarekin ez zen inor ateratzen kabitik, ez txori ez inurri.

-Benetan pentsatzen al duzu zu bezalako inurri txiki batek ni bezalako hormatxori bati laguntzeko ahalmena duela?-, erantzun zion hormatxoriak amorru handiz.

Baina, azkenean, hormatxoriak pena sentitu zuen eta aske utzi zuen inurria. Hormatxoria nahiz eta askotan egozentrikoa izan, bazuen ere bihotz ona eta batzuetan adeitasunez jokatzen zuen. Inurria oso eskertua sentitu zen, eta hormatxoria milaka aldiz eskertu ondoren, kontu handiarekin zuhaitz hura jaitsi eta bere kabia bilatzeko bidean abiatu zen. Lehenengo lurrean zegoen zulotxo batera sartu zen, eta benetan zoragarria zen: leku handi bat zen, eta garbi-garbia ez egon arren, pixka bat garbituta benetan ederra izango zen. Baina bat-batean ekaitz handi bat hasi zen, trumoi hotsak nagusitu ziren basoan, eta inurria zegoen zulotxoa urez betetzen hasi zen. Inurriak ez zuen aukera gehiagorik izan beste zulo bat aurkitzea baino. Ekaitza indartsua baina laburra izan zen, eta gelditu bezain laster inurritxoa berriro ere zulo bat bilatzeko lanetan hasi zen. Oraingoan bai, zulo ezin hobe bat aurkitu zuen: zulo dotore eta zabal bat zen, eta aurrekoarekin alderatuz bazuen abantaila handi bat, izan ere, harri baten azpian zegoenez, ez zen urik sartzen. Ekaitzetatik salbu egongo zen bertan.

-Hau bai dela leku zoragarria, nire familia hemen sortuko dut-, esan zuen poz handiz inurritxoak.

Inurritxoak egunero lan handiz bere etxea dotoretzen zuen, bere familiak ondo bizitzeko aukera izan zezan. Hori zen txikitatik zeukan ametsa, bere familia osatzea, eta hura lortzeko egin beharrekoak egingo zituen. 

Denbora bat pasa ostean inurritxoak familia handi bat sortua zuen, eta denak oso langileak ziren, noski. Haien amari ahal zuten guztietan etxeko beharretan laguntzen zioten, eta inurriak izan arren, benetan txikiak izan arren, ez zegoen inor haiek irabaziko zituenik, denak batera garaiezinak ziren. 

Uda amaiera zelarik, inurria lasai asko zebilen bere etxetxoan, baina halako batean, oso ezaguna egiten zitzaion txio bat entzun zuen: hormatxoria zen! Bai, hormatxoriak laguntza behar zuen! Behingoz inurriak hormatxoriari zorra ordainduko zion, bere hitza beteko zien, eta hormatxoriak ikusiko zuen inurriak bera bezalako hormatxori bati laguntzeko gai zirela. Inurria bere familia guztiaren laguntzarekin hormatxoria zegoen lekura abiatu zen. Iristerakoan hormatxoria tirokatzen saiatzen ari zirela konturatu zen, isileko ehiztariak hormatxoria ehizatu nahi zuten! Hau bai larria! Inurritxoa hormatxoria laguntzeko nahian zebilen, baina hainbesteko estresak ez zion pentsatzen laguntzen. Zer egin zezakeen? Segundu gutxi pasa ostean plan ezinhobe bat bururatu zitzaion. Bere familiaren laguntzarekin bi ehiztariak uxatuko zituen. Pentsatu eta egin. Hormatxoria harrituta zegoen inurriak egindakoarekin, baina nola lortu zuten ehiztariak uxatzea? Horren txikiak izan arren haien bizitza jokatu zuten bera salbatzeko asmoz. Inurritxoak hormatxoria liluratua ikusi zuenean, hurrengoa esan zion:

-Ni eta nire familia inurri gorriak gara, eta nire familia osoaren laguntzarekin, ehiztarien hanketatik igo gara haien ile luzeei esker, eta izterretara iristerakoan, indar guztiekin koska egin diegu. Koskak berak mina eragin die, baina koskadak duen pozoiak ere bai. Hazkure izugarria eragin diegu, eta horregatik korrika alde egin dute. Hala ere, mina sentituko dute hurrengo minutu luzeetan. Gutaz ihesi egin dute, eta era berean zu ere bakean utzi zaituzte.

Hormatxoria liluratuta gelditu zen inurri txikiak egindakoarekin, eta benetan eskertua sentituta, inurriari milaka modutan eskertu zion egindakoa, inurritxoak bere momentuan egin zuen bezalaxe.

-Eskerrik asko benetan! Ez dakizu zein eskertua nagoen zuk ni lagundu izanagatik, eta zer ondo egin nuen zu libre uzterakoan! Eskerrik asko, benetan, baina, nola ordaindu behar dizut honelako zor bat? Bizitza salbatu didazu!-, esan zuen hormatxoriak hitzen tartean arnasik hartu gabe.

Inurriak irribarretsu halakoa esan zion hormatxoriari:

-Ez didazu ezer zor, zuk ere bizitza salbatu zenidan, zure aukera izan zen ni libre uztea! Eta zuri esker, orain familia handi bat dut, eta leku dotore bat bizi ahal izateko. Gainera, aukera honi esker, inurriek zein botere handia dugun ikusteko aukera izan duzu.

Hormatxoriak berriro ere eskerrak eman zizkion inurriari, eta benetan lotsatuta sentitu zen garai batean zuen pentsatzeko moduarekin. Hormatxoria poz handiz joan zen handik, lehenengo aldiz, lagun bat egin zuelako. Lasaitasunez jantzita, mendi hartan lagun bat zuela jakinik, hormatxoria bere kabira bueltatu zen. 

Inurriak eragin handia izan zuen bere bizimoduan eta haren jokabidean, eta benetan pentsarazi zion familia bat sortzearen inguruan. Handik aurrera, hormatxoriak asko landu zuen besteekiko izaten zuen tratua, eta horri esker, handik hilabete batzuetara, hormatxoriak ere familia bat sortu zuen, eta zuhaitzetik-zuhaitz janari bila bakarrik joan ordez, bere familiaren laguntzarekin joaten zen, goiz nekagarri haiek goiz zoriontsu eta animatuak izatera pasa ziren, egunero inurriaren oroitzapenak  gogoratuz.