Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
  • Idazlehiaketa

ANDER LETURIA ELORZA

A Maila Prosa 3. saria
Ni Ander Leturia Elorza naiz, 17 urteko ormaiztegiarra. Batxilergoko 2. urtea ari naiz bukatzen, eta nire azken urtea izango da bertan. Lagunekin lasai egotea eta futbola ikustea zein jokatzea ikaragarri gustatzen zait. Bestalde, literatura ere gustuko dut, nahiz eta ez dudan nik nahi adina denbora irakurtzeko. Sari honek asko poztu nau, izan ere, lehenengo aldia zen aurkezten nintzena eta ez nuen saria lortzerik inondik ere espero. Besterik gabe, nire kontakizuna gustura irakurriko duzuelakoan nago.

BOGUS CREEK

 

 

Bat, bi, hiru, lau… elurra hasi du. Zerua ezin grisagoa da gaur, berunaren kolorekoa ia. Bost, sei, zazpi… zenbat maluta ariko ote dira erortzen Bogus Creek-eko zelaietan oraintxe bertan?  Nire buruan ez da kabitzen zenbakia, hain dira zabalak hemengo zelaiak. Akordatzen naiz hona iritsi nintzen lehenengo egunean pentsatu nuela hau ere itsasoa zela, Lekeitiokoa bezala, baina itsaso berdea. Eta ardiak, hiru mila ardi, olatuen aparra ziren, zuri-zuriak. 

 

Gabon eguna da, oker ez banaiz behintzat. Apal dago giroa. Pintxo ere lasai asko dago karromatoaren azpian, zurrungaka, begi bat itxita eta bestea artaldeari begira. Izan ere hemen goian, zibilizaziotik 35 miliatara, denbora beste erritmo batean doa. Egun guztiak berdinak dira: jaiki, oloa jan, ardiak jetzi, ardiak zaindu, latako babak bazkaltzeko, ardiak zaindu, ardiak jetzi, latako babak eta hirugihar zati bat afaldu eta txabolara lotara. Eta hurrengo egunean berdin, eta hurrengoan, eta baita hurrengoan ere. Horregatik da zaila gaur Gabon bezpera dela jakitea, baina ospatzea erabaki dut, duela 3 hilabete nire nagusi Williamek ekarri zidan Bourbon botila zabalduta. Eta latako babak hirugiharrarekin, ez dago aukera handiegirik. Elurra ari du mara-mara, eta zelaien berdea zuritzen ari da. Lehen aldia da “pattar” hau dastatzen dudana; erre egiten ditu barruak… baina ez dago txarra.



Donibane Lohizune, Saint Jean de Luz, frantsesez. Gerra Zibila bukatu eta bost urtera Lapurdira joan ginen bizitzera familia osoa, jaioterria atzean utzita. Arrantza-ontzientzat ordezko piezak egiten zituen fabrika txiki batean egiten nuen lan Lekeition, eta sindikalista nintzen. Nazionalak herrian sartu zirenean, fusilatzeko jendearen zerrendan agertu zen nire izena. Zorionez, herriko apaiza urrutiko lehengusu txikia nuen eta bizitza barkatu zidaten. Edo zoritxarrez. Ez ikusiarenak, lana galtzea, baztertzea, mespretxua… Ongi da, nire penitentzia onartzen nuen, baina seme-alabek ez zuten ulertzen nondik zetorren gorroto hura. Jaunartzea bakarrik egitera behartu zituztenean argi ikusi nuen: ospa egin behar genuen Lekeitiotik. 

 

Beste trago bat. Elurra gero eta mardulago ari du. Pintxo karroan sartu dut.     

 

Arrantzaleen sareak egiten ziren lantegi batean aurkitu nuen lana, baina ontziak ez ziren itsasora ateratzen. Urpekontzi alemaniarrak Kantauri itsaso osoan zehar zebiltzan eta ez zituzten gerra ontziak zibiletatik bereizten. Hala, jabeak etxera bidali gintuen egoera normaldu arte. Maritxu, emaztea, etxeko lanez eta umeez arduratzen zen, eta tarteka Hotel de la Plage-n gelak garbitzeko deitzen zuten. Turista gutxi ordea, eta honenbestez, lan gutxiago. Seme zaharrenak, Imanolek, eta alabak, Mirenek, nahikoa lan zuten frantsesa ikasten. Eskerrak herri nahiko euskalduna zela Donibane Lohizune eta bertakoekin elkar ulertzen zuten. 

 

Hirugarren tragoa botilari. Gero eta goxoagoa dago. Gustatzen ari zait Bourbon-a. Elurra ardiak estaltzen ari da eta balaka ari dira, baxu-baxu.

 

Bordelerako autobusa hartzera joan nintzenean ere elurra ari zuen. Miren eta Imanol pozez txoratzen zeuden, elurra ikusten zuten lehen aldia baitzen. Maritxu, aldiz, ez zegoen hain gustura. 

Haren malkoak lurrera erortzen ziren, eta zuritzen ari zen espaloian zulo txikiak egiten zituzten. Nire bihotzeko zuloa are handiagoa zen, ikaragarria. Hiru urterako banandu beharrean geunden. Etxeko egoera ekonomikoa oso txiroa zen eta premiazkoa zen hau egitea.  Espainiara ezin nuen itzuli, nahi ere ez. Hiru urtean artzaintzan irabazitako diruarekin beste bizitza bat hasteko asmoa nuen. Non? Auskalo. Iraganetik urrun, seguru.

 

Ameriketara etorri arte bakardadea zer zen ez nekien. Otsailaren 4an, Santa Ageda bezperan, abiatu zen Bordeleko portutik, 600 arima barruan zituen zamaontzia. Bidaiak hilabete luze iraun zuen. Baina, egia esan, ez nintzen aspertu. A ze mus partidak Joxemanuel, Plazido eta Patxirekin! Ni bezala artzain zihoazen Ameriketara. Nork bere historia eta arrazoiak zituen; batzuk esateko modukoak, besteak ez hainbeste, baina itxaropenez beteta gindoazen laurok; “Dirua egingo dugu eta aberats itzuliko gara, traje zuria jantzita!”

 

Gure kontaktua portuan zain genuen. “Wats yur neim?” entzutean, erantzunik bilatu ezinik, arratsaldeko bostak zirela erantzun nion. Eskerrak lepotik zintzilik nire izenarekin kartel bat neraman. Norberari Estatu Batuetako toki bana egokitu zitzaion: Wyoming, California… eta niri Boise egokitu zitzaidan, herrialdeko klimarik muturrekoenetako bat zuen tokia. Agur esan nien Plazido eta konpainiari. Ez nintzen kontziente musean egiteko lagunik ez nuela gehiago izango Ameriketan. Pintxo bizkorra da, baina ez hainbeste.

 

Nevadara iritsi nintzenean, nire nagusia izango zen gizonarekin elkartu nintzen, Williamekin. Zeinu bidez ulertu genuen elkar, kostata, baina laster jakin nuen mendira joan behar nuela hurrengo egunean, ardi zain, ni bakarrik, 3.000 ardiren kargu. Karromato batean biziko nintzen. Bizirauteko ezinbestekoak ziren gauzak besterik ez nituen: ohea, sukalde ñimiño bat eta butano bonbonekin martxan jar zitekeen berogailua.

 

Botilaren edukia jaisten ari da. Musuak gorritzen hasi zaizkit.

 

William 3 hilabetean behin joaten zitzaidan bisitan; elikagaiak, ura eta butano gasa ekartzen zizkidan eta bizkor egiten zuen alde. Hura izaten zen gizartearekin izaten nuen harreman bakarra. Nahiz eta tokian bertan bakardadean bizi, Plazido eta Joxemanuelekin kontaktuan jarraitzen nuen, boss-ak ekartzen zizkidan gutunen bidez. Antzeko egoera bizi zutela kontatzen zidaten, bakardadeari aurre egitea oso nekeza ari baizitzaien egiten Ameriketara joan zen artzain euskaldun orori. 

 

Donibane Lohizunen gauzak zeharo aldatu ziren etxetik alde egin nuenetik. Noiz edo noiz izaten zuten nire berri, postalek etxera iristeko izugarrizko bidaia egiten baitzuten. Maritxu lanpetuta ibiltzen zen, izan ere, seme-alaben zaintzak eta familiaren egoera ekonomiko zaurgarriak estutzen zuten. Seme zaharrenak, Imanolek, ikasketak kostata atera zituen aurrera. Hauek bukatu bezain pronto, herriko tabernan hasi zen lanean zerbitzari lanetan, diru apur bat irabazteko asmotan. Denek sumatzen zuten nire falta, baina kolpe bereziki gogorra izan zen Mirenentzat. Joan nintzenetik ez zen gehiago izan aurretik zena, ume alai eta kantaria. Gelako leihotik sarritan egoten omen zen itsaso zabalerantz begira, behin urrundu nintzen tokitik berriro ere bueltan etorriko nintzen esperantzarekin.    

 

Egunak joan, egunak etorri, errutina batean murgilduta ikusi nuen neure burua. Hain zen berdina egunero egiten nuen lana, ezen denboraren pertzepzioa galtzen hasi bainintzen. Ez nekien zein egunetan bizi nintzen eta urtaroen bidez jakiten nuen gutxi gorabehera urteko zein momentu zen. 

 

Eguneroko lanak egiten ari nintzela, William hilabeterako janaria ekartzera eta Gabon zoriontsuak opatzera etorri zitzaidan; momentu horretan ohartu nintzen Gabonak iritsi zirela. Elikagaiekin ez ezik, berri triste batekin ere etorri zen nagusia. Nire lagun Plazidok bere buruaz beste egin zuen. Kolpe latza izan zen hura niretzat, izan ere, bakardadean igarotzen nituen lehenengo Gabonak izango ziren haiek eta baita nire bizitzako goibelenak ere. Negua luzeegia ari zitzaidan egiten eta gero eta gehiago kostatzen zitzaidan eguneroko jardunari eustea. Txikitan marraztea gustuko izatearen ondorioz eskuratutako abilezia handiaz erretratuak egiten ikasi nuen. Alabaina, bizirauteko senari erantzunez, karrotik metro gutxira zegoen urkietan marrazkiak egiten hasi nintzen, Maritxuren eta seme-alaben aurpegien marrazkiak. Egunero-egunero joaten nintzen haiek bisitatzera eta beraiekin egoten nintzen hizketan denbora batez, bakardadeari nola edo hala aurre egiteko. 

 

Botila ia-ia amaitu dut. Gustura sentitzen naiz, ezertan pentsatu gabe.

 

Hain zen egoera gordina nirea, non inguruan nituen izaki bizidunekin solasten ere hasi nintzen, Pintxorekin eta ardiekin. Nire bizipenak kontatzen nizkien, lanean izaten nituen zailtasunak, eguzkiaz ere hitz egiten nien, eta nola ez, nire familiaz eta oroitzapenez. Behin, egun izoztu batean, butano bonbonak hustuta zeudela ohartu nintzen. Bat-batean, ardiez gogoratu nintzen. Ardiak orgara sartu eta horrelaxe lortu nuen bero apur bat lortzea, herritik urrun nire lagunik hoberenak zirenekin, ardiekin.

 

Negu gorria, ordea, amaitu zen eta honekin batera udaberria iritsi zen. Normalean, urteko hilabeterik alaienak zetozela esan ohi zen, baina ez zen horrela izan niretzat. Eguraldiaren aldaketarekin batera ez zen alaitasunik etorri, baizik eta nire bizitzako unerik goibelena. Euskal Herrira bueltatzeko inoiz baino gogo handiagoa nuen eta Williami  lana utzi eta etxera bueltatzeko asmoa nuela aipatu nionean, ezezkoa eman zidan. Williamek nire beharra zuela adierazi zidan, eta kontratuak betetzeko zeudela. Ez nuen horrelako erantzunik espero. Nire pentsamenduetan ere ahalik eta lasterren etxean izango nintzela uste nuen, eta bertan beste bi urte egin beharko nituela entzundakoan, tristura sakon batean sartu nintzen. Norabiderik gabe nenbilela pentsatzen nuen. Ezerk ilusiorik egiten ez zidala ari zen, gutxinaka, nire argia itzaltzen. Zuhaitzetako senideen erretratuei bisitarik ere ez nien egiten jada, ohean igarotzen bainuen egun osoa. 

 

Lixto. Botila hustu dut. Elurra ari du, baina kiskaltzen ari naiz. Izar bat ikusi dut diz-dizka zeruan karroko leihotik. Inoiz ikusi dudan izarrik dizdiratsuena da. Momentu batez izarrak Donibane Lohizune non dagoen adierazten duela pentsatu dut eta mozkorraren mozkorraz, haren atzetik hasi naiz korrika. Oinutsik nago eta gezurra badirudi ere, elurra bero sentitzen dut nire oin biluzien azpian. Bourbon botila hutsa urrutira bota dut, bero egiten du eta arropa kentzen hasi naiz, izarraren atzetik korrika noan bitartean. Badakit ez dudala harrapatuko, baina berdin zait.

 

BOISE NEWS

Beste euskal artzain bat agertu da hilda Bogus Creek-en

etxoldearen jabea janaria eramatera igo zenean biluzik aurkitu zuen karrotik 300 metrora, lurrean zerraldo. “Irribarre arraro bat zuen aurpegian”, esan zuen William Holding nagusiak.