Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
  • Idazlehiaketa

LEIRE BERBEL GARATE

A Maila Prosa aipamen saria
Ni Leire Berbel naiz, 17 urteko beasaindarra. Batxilergoa bukatzen ari naizelarik, aurtengoa dut Txindoki ikastetxean azken urtea. Zaletasunen artean, igeri egitea eta irakurtzea ditut. Bestalde, hain gustuko ditudan istorioen parte txiki bat izateak asko pozten nau. Espero dut nire kontakizun xumea zuen gustukoa izatea!
LEIRE BERBEL GARATE

ILARGIAREN GALDERA

Egun baten, Ilargiak maitasunaz zer zekien galdetu zion Eguzkiari.

-Erre egiten du-, erantzun zion Eguzkiak- desira beroa eta sutsua da. Baita bizitza argitzen duen distira ere, bidea errazten eta arintzen duena. 

Ilargiak bazekien Eguzkiaren erantzuna konplexua izango zela galdera egin baino lehen, Eguzkia zaharra eta jakintsua baitzen; ordea, horrek ez zuen erantzuna ulertzea erraztu. Zer esan nahi zuen maitasuna sutsua izateak? Ilargiak argitzeko gaitasuna zuen, baina Eguzkiak utzitako argiarekin soilik, nahikoa izango zen hori?

-Ez iezaiozu entzun- esan zuten Hodeiek,- gas bola handi horrek ez daki zertaz ari den.

Eguzkia denentzat hain garrantzitsua izanik ere, Hodeiek ez zuten inoiz aukerarik galtzen norbaiten kontra joateko. Beti nahi zutena egitera ohituta zeuden, gehiegi beharbada. Txantxetan ibiltzea gustatzen zitzaien, behar ez denean agertzen eta txango, jai edo dena delakoa zapuzten.

-Noski badakidala- jarraitu zuen Eguzkiak.- Nork, bada, egiten du arrosak haztea?

-Geuk- erantzun zuten Hodeiek.- Maitasunak elikatu egiten du, euriak bezala. Guk mendiak berdez janzten ditugu, baita errekak bete ere. Maitasuna zeruetatik jaisten den ur-jauzi leuna da, lur lehorraren egarria asetzen duena.

Ilargia geroz eta nahasiago zegoen, nola izan zitekeen maitasuna kontrako ziren bi gauza izatea? Bietako batek gezurra esan zuela esan nahi zuen horrek? Zeruko pentsaera desberdinen su gurutzatuan harrapatuta sentitzen zen.

-Zergatik galdetzen duzu?- esan zuen Eguzkiak. Berari ez zitzaizkion Hodeien umekeriak axola, baina Ilargiaren galderak jakinguraz bete zuen.

-Uste dut maiteminduta egon naitekeela- aitortu zuen Ilargiak, bai Eguzkiari, baita bere buruari ere.- Zer sentitzen dudan ulertzen saiatzen ari naiz, baina hasieran baino galduago nagoela uste dut.

Beraz, Ilargiak basamortuei begiratu zien. Lehor, bero eta hutsik zeuden. -Ikusten?- esan zioten Hodeiek. Baina basamortuak ederrak iruditu zitzaizkion. Eguzkiak deskribatutako desira bero eta azkengabea ulertu zuen orduan.

Horregatik, Ilargia errekatxoen bila joan zen. Fresko, busti eta beteta aurkitu zituen. Hauek ere ederrak ziren. Arimaren beharrak asetzeko amodioa nahitaezkoa zela konturatu zen; beraz, Hodeiek ere arrazoia zuten.

Ilargiak basamortuak eta errekatxoak begiratzean Lurraren parte zirela jabetu zen eta berak gehiago jakingo zuela bururatu zitzaion. Gainera, Lurrak gauza guztiak maitatzen zituen eta betidanik bere maitasuna sentiarazten zion Ilargiari.

-Zuk zer uste duzu?- galdetu zion azkenean.- Ea maiteminduta nagoen jakin nahi dut.

-Hodeiek estali eta loratu egiten naute-, erantzun zion Lurrak.- Eta Eguzkiak berotu egiten nau. Haiek gabe hotz eta lehor egongo nintzateke.

-Itsusia izango zinateke haiek gabe. Hori al da maitasuna?

-Hotz eta lehor egongo nintzateke-, errepikatu zuen Lurrak,- baina ez itsusia. Hotza eta lehorra zara zu, ene maitea, eta ederra zara, ez al da egia?

-Ez zu adina-, esan zuen Ilargiak.- Ezta Itsasoa bezala.

-Inor ez da ni bezalakoa. Inor ez da zu bezalakoa-, gogoratu zion Lurrak.- Nor da zure maitea, laztana? Ba al dakizu nolako maitasuna nahi duzun?

-Mota desberdinak al daude?- galdetu zuen Ilargiak.

-Eguzkiak berotu eta erakarri egiten nau. Hodeiek, nahi dutenean, estali egiten naute. Zeruak kolore guztiko argiak ematen dizkit. Nola maite duzue elkar zuk eta zure maiteak?

-Dantza egiten dugu-, esan zuen Ilargiak, eta denek jakin zuten Itsasoaz hitz egiten ari zela.- Nik bultzatu egiten dut eta berak tira. Eta atzekoz aurrera, hark bultzatu egiten nau, nik tira. Bueltaka ibiltzen gara beti, bere mareak ikusten ditut eta ez dut uste inoiz nekatuko naizenik ederrak direla esateaz. Hori al da maitasuna?

-Itsasoan zure isla baino ez duzu ikusten-, burla egin zioten Hodeiek.- Eguzkia sartzen denean bezala da, ederrak deitzen gaitu, baina bere koloreak baino ez ditu maite.

-Maite dut Itsasoa nik argirik ez dudanean ere-, esan zuen Ilargiak.- Itsasoaren edertasuna ez da ispilu batenaren modukoa. Bere egun lasaiak eta ekaiztsuak neurri berean ditut gustuko, bere azaleko kolore argiak eta sakoneko ilunak. Agian, nik argirik ez dudanean maite dut gehien.

-Zuk eramaten duzun tokira joaten delako bakarrik maite duzu-, gehitu zuen Eguzkiak.

-Dantza bat da-, xuxurlatu zuen Ilargiak, ez al zuten ikusten?

-Egozentrikoa da-, esan zuten Hodeiek.- Berekoia. Erraza.

-Bera da nire orbitaren bihotza-, esan zuen Ilargiak. -Berarekin biziko dut nire bizitza bera gas bihurtu eta ni hauts besterik ez naizenean, hilik egon arte.

Orduan Eguzkia eta Hodeiak isildu eta, nahiz eta agian Ilargiaren aitormena ez guztiz ulertu, joan egin ziren. Azkenik, Artizarrek, isil-gordeka dena entzuten ibili zenak, Ilargiari bere iritzia ematea erabaki zuen.

-Gehiegi pentsatzen ari zara, kakanarru. Maitasuna ez da zientzia bat, sentimendu bat baizik-, esan zuen Artizarrak bistako gauza izango balitz bezala.- Utzi ulertzen saiatzeari eta bizi ezazu, hori baita modu bakarra. Bihotzaren taupadetan eta desiren murmurioetan bilatu behar da, ametsen hizkuntza isilean eta olerkiak osatzen dituen tintan.

-Maitatu izan al duzu zuk?- galdetu zuen Ilargiak liluratuta.

-Askok esango dute edertasuna eta gozamena axola izan zaizkidala soilik, baina amodio asko bizi izan ditut-, esan zuen Artizarrak.- Eta ez badidazu sinesten galdetu iezaiezu Izarrei, horiek bai dakitela maitasun istorioez. Sakrifizio, tragedia eta benetako amodio guztiak gordetzen dituzte.

Baina Izarrak urrun zeuden eta Ilargiaren pazientzia agortzen hasita zegoen. Gainera, Artizarraren begirada Marterantz desbideratu zela konturatu zen. Bera izango ote zen Artizarraren maitea? Agian Marteri galdetuz eta bien ikuspuntua ulertuz maitasuna osotasunean ulertzeko gai izango zen Ilargia.

-Marte-, deitu zuen Ilargiak- pentsatu al duzu inoiz zer den maitasuna?

-Maitasuna?- Galdetu zuen barrezka Martek.- Zergatik galdetzen didazu niri? Uste dut nire gorria nahasten ari zarela, ez da amodioaren gorria, odolarena baizik.

-Baina zuk Artizarra maite izan duzu, ezta?- galdetu zuen Ilargiak.

-Bai, bai-, esan zuen Martek- egia da, baina ez zara ongi ulertzen ari. Maitasuna ez da beti lasaia eta leuna, ekaitzaren indar amorratua izan liteke, min handiena egiten duena. Batzuetan, amodioak gerra batek baino min gehiago egin dezake, inoiz sendatuko ez diren zauri sakonak eragiten dituelako.

Honek Ilargia ikaratu egin zuen eta Artizarrak egindako gomendioa jarraitzea erabaki zuen. Izarrak deitu zituenean hauek beraien izena entzun eta unibertsoko txoko guztietatik atera ziren, urrutiko lagunarekin hitz egiteko irrikaz.

-Hau al da maitasuna?- galdetu zien Ilargiak, gertatutako guztia kontatuz.

-Ez gara egokienak hori erantzuteko-, esan zuten haiek.

-Denei galdetu diet- ekin zuen Ilargiak, gero eta larriago.- Berotzen duen Eguzkiari, estaltzen duten Hodeiei, sortu ninduen Lurrari, baita elkar maitatu duten Marte eta Artizarrari ere.

-Baina galdetu al diozu Itsasoari, maite zaituena denari?- esan zuten izarrek. Beraientzat sinplea zen hura, amodioa beti bukatu baino lehenago disfrutatu behar baitzen, maite denarekin.

Ilargia mutu gelditu zen orduan, berehala dena ulertuz.

Eta gero, Itsasora jaitsi zen eta galdetu zion: -Hau al da maitasuna?

Eta Itsasoak erantzun zion: -Bai.