Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
  • Idazlehiaketa

SARA ELZAURDI CARRERA

A Maila Prosa aipamen saria
Sara Elzaurdi naiz eta Ordizian, 2006ko maiatzaren 11n jaio nintzen. Oianguren institutuko bigarren batxilergoko ikaslea naiz, zientzien alorrean murgildutakoa. Marrazketa teknikoa eta matematika dira gustukoen ditudan irakasgaiak eta nire etorkizun hain ez urrunean bi aspektu horiek lantzen diren gradu bat ikasi nahi dut: arkitektura edota ingenieritza zibila. Baina benetan nire ametsa, horietako bat ikasteaz gain, beka baten bidez Estatu Batuetara joan eta NCAA-n jokatzea da. Bertan, nahi dudan gradua ikasi, ingelesa izugarri landu eta gainera, saskibaloian murgildutako bizitza bat edukitzeko aukera ematen didana. Beraz, argi gelditzen da nire zaletasuna saskibaloian jokatzea dela. Hain zuzen ere, Donostiako EASO.SBT taldean jokatzen dut gaur egun. Bestalde, nire beste hobietako batzuk musika entzutea, pianoa jotzea, euskal dantzak, lagunekin irtetea eta nola ez, parranda dira. Egia esan, ez dut normalean idazten, baina egiten dudanean gogotsu egiten dut eta munduaz deskonektatzen laguntzen dit. Maizago egin beharko nuke!
SARA  ELZAURDI CARRERA

AA-K EZ NAU ULERTZEN

 

Goizeko zazpiak ziren eta "nire lagun Abik" musika leun batekin esnatu ninduen. Abi deitzen diot, adimen artifizialak bi A dituelako eta horregatik bururatu zitzaidan A-biren izena. Atzo lagunekin afaria gehiegi luzatu zen eta lotan jarraitzea erabaki nuen, baina Abik hori antzeman eta pertsianak poliki-poliki igo zituen. Erabat estali nintzen izarekin, argiak traba egin ez ziezadan, baina ez nuen ihesbiderik. Abik rock musika jarri zuen bolumen handian eta izarak eta edredoia kendu zizkidan automatikoki. Azkenean, jaiki egin behar izan nuen; Abik ohetik altxatzeko zer egiteko gai den ez nekien, baina nahiago nuen ez pentsatu.

-Kaixo, Abi! – Aharrausi handi baten ondoren esan nuen.

- Egun on, Sara! Gosaria prest duzu. Kanpoko tenperatura 21 gradukoa da, % 45eko hezetasuna eta gaur egun eguzkitsua izango da.

- Eskerrik asko, Abi! Ez ahaztu bilera bat dudala gaur hamarretan eta kotxeak bederatzietan etorri behar duela nire bila. Oso garrantzitsua da.

- Sara! Gogorarazten dizut ez naizela gizaki bat eta ezin dudala ezer ahaztu. Jakina, zure garraioa eraikinaren teilatuan egongo da lanera eramateko.

Gosaldu eta dutxatu ondoren, etxetik irten nintzen, baina lehenago Abiri esan nion:

- Abi gogoratu hozkailua betetzeaz! Antzemango zenuen atzoko afariaren ondoren gauza asko falta direla.

- Sara gogorarazten dizut ez naizela gizaki bat eta, beraz, ezin dut ezer ahaztu. Atzo ikusi nuen elikagaien kontsumoa modu esponentzialean handitu zela eta, beraz, dagoeneko eskaera bat egin dut beharrezko produktuez hornitzeko.

- Baina zein azkarra zaren Abi! Agur!

Nire eraikineko teilatuan, lanera eraman ohi nauen taxi hegalaria neukan zain. Egun batzuetan, aireko zirkulazioa kaosa zen, eta egun hori hauetako bat zen; horregatik, bidaia aspergarria eta luzea egin zitzaidan, denbora guztian goitik behera hegan eginez.

Azkenean, nire enpresara iritsi nintzen. “Cupido Inteligent” enpresan egiten dut lan eta adimen artifizialaren bidez bikoteak batzea da nire lana. Gure arrakasta-maila % 100 da. Gure algoritmoak milioika eta milioika profil aztertzeko eta emakume edo gizon perfektua aurkitzeko gai dira. Era berean, zorionaren ibilbidea deritzoguna diseinatzen dugu, hau da, AAk zure bizitza osoan laguntzen dizu bikotean zoriontasuna lor dezazun.

Goizeko bileran, saileko buru guztiak geunden deituak, eta adimen artifizialak beren bizi-proiektuan lagun ditugun bikoteen datu garrantzitsuenak ematen zituen. Nire kasuei dagokienez, Manager-ek, gure enpresako AAri deitzen genion bezala, iragarri zigun Matilde eta Gloria bikoteak bigarren semea izan zuela, bere ibilbide-orrian aurreikusita zegoen bezala. Horrela, Manager nire kasu bakoitzaren berri ematen hasi zen bezeroetako bat pozik ez zegoen batera iritsi arte. Luisen eta Patriciaren erlazioan, Luisek dio bost urteren ondoren ez duela emaztea maite.

Kasua oso gertutik ezagutzen nuenez, ezin izan nion neure buruari eutsi, eta haserre, jauzi nintzen bileran bertan.

- Noski ez dagoela maitasunik! Ez dute bide-orrian markatuta zegoen ezer bete, eta AAk esandakoa urratu besterik ez dute egin! Hamabost egunean behin jatetxe erromantiko batera joan behar zuten afaltzera, New Yorkera gabonetan eta, batez ere, ume bat izan behar zuten, baina, noski, urtean bitan sexu-harremanak edukita, hori ia ezinezkoa da.

- Sara, arrazoi osoa duzu, ez da enpresaren erantzukizuna bezeroek AAk esandakoa betetzen ez badute. Kontratuan argi eta garbi adierazten da esaten zaiena egiten ez badute ezin digutela ezer erreklamatuko - erantzun zuen  Manager-ek.

Jakina, departamentuko gainerako buruak bat zetozen nirekin eta, beraz, espedienteari baja ematea eta bezeroei jakinaraztea erabaki zen.

- Sara, Luis eta Patricia-ren espedientea ixten dugunez, bezero berri bat duzu: George. Espediente-zenbakia 2035/53 da, aurtengo urteari eta urte honetako espediente-zenbakiari dagokiona. Informazio guztia dagokion fitxan duzu. Kontuz! Bezero garrantzitsua da - esan zuen  Manager-ek.

Lan guztia AAk egiten duen arren, elkarrizketa labur bat egiten da. Bertan, bezeroak enpresarekin kontratua sinatzen du eta sare ezberdinetan berari buruz azaltzen den informazio guztia eskuratzeko baimena ematen du. Informazio horretan oinarrituta, AAk pertsonaren profila zehaztea lortzen du, xehetasunik txikieneraino, zein ordutan jaikitzen edo oheratzen den, egiten dituen erosketak, kolore-lehentasunak, zaporeak...

Bezero berriaren zain nengoela, haren informazio publikoari begirada bat ematen hasi nintzen. Kontua da George, Bidaia Turistiko Estralurtarren jabea zela eta ilargiko lehen hotela zuela jabetzan. Enpresa honek bereziki Ilargirako bidaiak antolatzen zituen batez ere, eta aitzindaria da Marterako lehen hegaldiak antolatu dituelako.

Bilera gelan sartu zenean, Georgek ez zuen sare sozialetan argitaratuta ikusi nuen pertsonaren antzarik, beltzarana zen, indartsua, laurogeita hamar metroko altuera eta begi berde handiak zituen, ezin nion bere begietara begiratzeari utzi. Bihotza bizkortu zitzaidan eta ez nintzen hitzik esateko gai. Esertzeko keinua egin nion, eta nire aurrean eseri zen, begietara begira. 


- "George naiz eta zu?" -esan zuen esertzen zen bitartean.

- Ni nor naizen? Sara, Sara- errepikatu nuen totelka.

- Eta esango zizuen zertara etorri naizen ala ez? -esan zuen urduri samar.

- Bai, noski, emakume bat nahi duzu, barkatu, ez dakit zer gertatzen zaidan, bart ez dut ondo deskantsatu eta…

- Bueno, pertsona bat nahi dut, emakumea, baina besterik gabe, nire bizitza partekatu ahal izateko emakume bat nahi dut – ziurtatu zuen.

- Bai, horixe esan nahi nuen. Dokumentu hauek sinatu behar dituzu, eta gu arduratzen gara guztiaz– esan nuen egoerari berriro helduz.

- Dena sinatu dut. Zuzen dago? - galdetu zidan irribarrez.

- Bai, primeran!

- Bada, paper gaiak konponduta badaude, gaur gauean afaltzera gonbida zaitzaket?

- Zer? -ezin nuen sinetsi entzun nuena-.

- Bueno, jende gehiago gonbida dezakegu-esan zuen ironiaz-, baina biok bakarka pentsatzen ari nintzen. Beste betebeharrik ez baduzu, noski.

- Ez da ezer! Erabat libre nago... esan nahi dut afaltzeko libre nagoela eta ez dudala inolako konpromisorik.

- Emadazu mesedez  zure identifikazio-zenbakia, eta gure AA-k gure agendak koordina ditzala eta ordua eta lekua adostu ditzala, ondo baderitzozu.

- Ederki, ederki... -totelka hasi nintzen berriro.

Atetik irten zen, eta oso gaizki sentitu nintzen. Pentsatuko zuen ergela nintzela, totelka hitz eginez. Etxera iritsi nintzenean Abik Shakespearerekin, Georgeren AA-rekin, afaltzeko ordua eta lekua hitzartuak zituen. Gaueko bederatzietan, azken belaunaldiko aireko ibilgailu batek, George barruan zela, nire eraikineko atikoan hartu ninduen.

- Gustatzen zaizu nire ibilgailu berria? Gaur estreinatzen dut-esan zuen Georgek harro.

- Egia esan, ikaragarria da, nahiz eta jakinarazten dizudan ez zaidala gustatzen hegaldia oso azkarra izatea, nahikoa erraz zorabiatzen bainaiz - Ez nuke nahiko botaka egitea lehen hitzorduan.

- Lasai, hegaldi atsegin baterako prestatu dut-erantzun zuen irribarrez.

- Eta non afalduko dugu? -galdetu nion urduri samar.

- Bada, gure AA-k antzeman du bioi gustatzen zaizkigula arraina eta itsaskia, eta horregatik jatetxe berezi batera goaz. Espero dut lehenago inoiz egon ez izana.

Ibilgailua itsasertzetik urrundu zen, eta bat-batean, baina oso modu leunean itsasoan hondoratu zen, itsas azpiko jatetxe batera iristeko. Mahai batean eseri gintuzten, itsasoa nonahi ikus genezakeen mahai batean, goian, behean, eskuinean edo ezkerrean, aurrean, atzean. Zoragarria zen. Arrainak kristaletara hurbiltzen ziren eta agurtzen gintuztela zirudien.
Afaria ikusgarria izan zen eta George eta biok gure bizitza profesionalaz eta etorkizunerako itxaropenez hitz egiten aritu ginen. Oso atsegina zen eta orduak eta orduak eman nitzake berarekin hizketan eta ez nintzateke sekula aspertuko.

Gau ahaztezina izan zen. Gaueko 12etan nire etxean utzi ninduen, baina lehenago bi musu eman zizkidan masailetan. Nola? Ume bat zirudien, mundu mailako enpresa aitzindari bat kudeatzen zuen eta, hala ere, intimitatean lotsatia zela konturatu nintzen. Ez naiz harritzen, airean jaurtitako ukipen-pantailekin pasatzen dugu bizitza, eta giza kontaktuak beldurra ematen digu. Ezin izan nuen, noski, horrela gera gintezen utzi, eta musu bat eman nion ezpainetan. Irribarre batekin joan zen.

Hurrengo egunean, bulegora iristean, ezin izan nuen saihestu, eta George 2055/53 izeneko proiektuan sartu eta nire informazio pertsonalarekin gurutzatu nuen. Horretarako, sisteman alta eman eta nire datuen erabilera baimendu behar izan nuen. Sistemak, ia berehala, bateragarritasun-maila orokorra eman zidan: bateragarritasun nulua, balorazio kuantitatiboa: 100etik 1,5eko gomendioa: guztiz bateraezinak diren pertsonak, ahalik eta distantzia handienari eustea gomendatzen da.
Ezin nuen sinetsi nik sortutako sistemak gustatzen zitzaidan gizona ez zela nirekin bateragarria esaten zidan. Lur jota geratu nintzen. Egin nezakeen gauzarik onena zen gure harremanaz ahaztea eta Georgeri emakume bateragarri bat bilatzea. AA-k esaten bazuen, horrela izan behar zuen.

Etxera iristean Abik esan zidan: “Pertsona berak  bidalitakoak diren bederatzi bideo-mezu dituzu ikusteko. George bi mila eta hogeita hamarreko urtarrilaren hiruan jaio zen Chicagon, eta...

- Utz ezazu Abi! -esan nion zorrotz-. Ez duzu bere bizitzari buruz ezer kontatu beharrik. Nahiago dut nik neuk deskubritu, edo ezer ez aurkitu, nahaspilatuta nago momentu honetan. Zoaz bideo-mezuak pasatzen, zerbait jaten dudan bitartean. Zer prestatu didazu jateko?

- Entsalada begetaleko pilulekin landutako haragia prestatu dut. Goxo-goxoa...

- Mila esker, Abi! Otordu hobeak bururatzen zaizkit, baina, egia esan, ez dut gose handirik.

Bideo mezuetan Georgek oso gustura egon zela nirekin esaten zidan eta nirekin atera nahi zuela berriro, baina nire buruak AAren emaitza errepikatzen zidan: "pertsona erabat bateraezinak", baina ezustea azken bideo-mezuan iritsi zen, Georgek berarekin ilargira joateko gonbidapena egin zidan, asteburua bere enpresak zeukan hotelean pasatzera.

Nire adimenaren zati batek ez joateko esaten zidan arren, benetan baietz esateko irrikan nengoen. Azkenik, ahaztu egin nuen AA-k esan zidana eta baietz esan nion.
Ilargi-hegazkinean sartu ginen, eta ni, egia esan, izututa nindoan, nire lehen espazio-hegaldia baitzen.
- Lasai -esan zuen Georgek-, dena kontrolpean dago. Sei ordu barru ilargian lurreratuko gara.

- Ez nago urduri-esan nuen, gezurretan.

- Ikusten dut-esan zuen Georgek, barre eginez-, baina horma bat baino zuriago zaude.

Bidaia luzea egin zen, baina lurreratzea ezin hobea izan zen. Hegazkinetik jaitsi, jantzi espazialak jantzi, eta ilargitik paseatu ginen eskutik helduta. Ikusgarria zen lurra ilargitik ikustea. Georgerekin izandako lehen hitzorduan itsas hondoan egon nintzen, eta orain, bat-batean,  berriz espazioan geunden. Gizon hau sinestezina zen!. Gaua iritsi eta afaldu ondoren nire gela erakutsi eta bera berera zihoala esanez aldentzen joan zen, ezin nuen sinetsi, ilargira eraman eta gela bereizietan lo egitea. Eta horrela adierazi nion:

- Espero dut bidaia hau eskertzen uztea; gerritik heldu eta musu bat eman nion ahoan.

- Horregatik bakarrik merezi izan du gonbidatzea-esan zuen irribarre handi batez. Jiratu eta bere gelara joan zen.

Berriro ere gogo biziz utzi ninduen, ez nekien bere herabetasunagatik zen edo estrategia bat ote zen.

Itzuli ginenean, lurreratzean esan nion: -Bueno, orain nik gonbidatu beharko zaitut, ezta? Bihar afaria nire etxean eta ez dago eztabaidarik.


Etxera iristean.

- Abi! Biharko otordu erromantiko bat prestatu behar da, kandelak, loreak eta abar behar ditugu... George etorriko da afaltzera.

- Sara, gogorarazten dizut George eta zu "pertsona erabat bateraezinak" zaretela.

- Baina zuk nola dakizu hori? -erantzun nion haserre.

- Informazioa AA ezberdinen artean zirkulatzen da neuronen bidez, eta zure datuak enpresaren sisteman sartzean baimena ematen duzunez, informazioa eskura daukat.

- Eskerrik asko gogorarazteagatik, baina ez da unea -esan nion suminduraz-. Esan dizudana egiteko unea da, ez baitut zurekin eztabaidatuko zein gizon komeni zaidan edo ez gaiaren inguruan.

Afalordura garaiz iritsi zen, bere gorputz atletikoa are nabarmenago egiten zuen traje perfektu bat jantzirik. Afaria zoragarria izan zen eta ezin nuen begirada begi berdeetatik kendu. Afalostean, elkarrekin eseri ginen sofan, eta musu eman genion elkarri, grinatsu. Begietara begiratu nion, eta esan nion:

- Gaur gauean nire etxean gelditu beharko zenukeela uste dut-esan nion buruaz.

- Baduzu gonbidatuen gelarik? -galdetu zidan irribarre ironiko batez.

- jajajajaja, ez, gela bat eta ohe bat besterik ez daude-esan nion, nire gelara bultzatuz.

Gerritik heldu eta ohe gainera erori nintzen. Bat-batean Abiren ahotsa entzun zen: 

- Sara, gogorarazten dizut, George eta zu "pertsona erabat bateraezinak" zaretela.

- George, ez mugitu hemendik, gauza bat egin behar dut-esan nion ohetik altxatuz.
AA-ko kontrol-panel nagusira hurbildu eta esan nuen:

- Abi, atseden hartzen utziko dizut pixka batean.

- Ez nazazu deskonektatu Sara, bestela ezingo dut informaziorik jaso deskonektatuta nagoen denboran.
- Berdin dio, Abi. Ez duzu zertan daturik hartu beharrik. Agur, Abi, gau ona pasa! -esan nuen barrez, eta sistema deskonektatu nuen.

George zain neukan ohera itzuli nintzenean.

- Arazoren bat AA-rekin?

- Batere ez, AAk ez ditu inoiz giza emozioak eta sentimenduak ulertuko. Ezin da aurreikusi nola sentituko zaren pertsona batekin zaudenean. Uste dut nire lanak ez duela zentzurik eta utzi egingo dut. Non geunden? Galdetu nuen, bere ondoan etzanda jartzen nintzen bitartean. 

- Hemen uste dut – Besarkatu eta musu grinatsu bat eman zidan..

Hurrengo egunean Abik musika leun batekin esnatzen nau, baina ez al nuen hura deskonektatu? Ez naiz konturatu dena AAk sortutako amets neuronal bat izan zela, hain zirudien benetakoa… Ze pena! Bat-batean jaikitzen naiz eta Abik gogoratzen dit George delako batekin  bilera bat dudala 10:00etan, bikote bat bilatzeko helburuarekin. Ez dakit errealitatean edo mundu birtualean bizi naizen! Baina…Ez al nuen nire lana utzi behar?