D maila

Enare Graxi Barandiaran Imaz

D Maila Prosa aipamen saria
Enare-Graxi Barandiaran Imaz nauzue, 2009. urtean jaioatako Altzagatarra. Oianguren ikastetxeko ikaslea naiz duela bi urtetik. Izugarri gustatzen zait musika eta musika eskolara joaten naiz txikia nintzenetik. Idaztea ere txikitatik gustatu izan zaidan gauza da irakurtzearekin batera. Bidaiatzea ere izugarri gustatzen zait bereziki Ipar Europako herrialdeetara. Espero dut nire istorioa gustatzea.
Enare Graxi Barandiaran Imaz

Abandonua

 

Gau erdian esnatu nintzen, izerdi tantak erortzen zitzaizkian kopetatik, eta arnas estuka nengoen. Estutasuna, itolarria. 

Segituan etorri zitzaidan Ainhoa zer gertatzen zitzaidan galdetuz, joateko eskatu nion, oso ondo banekien ez nintzela garrantzitsua berarentzat, handik kanpora familia zoragarri bat baitzuen, familia perfektua seguruenik.

Zer gertatzen zitzaidan galdetzean, gaixo egongo nintzela esan nion, barnean banekien zergatik nengoen horrela, data garrantzitsu baten urteurrena zen, gurasoek utzi nindutenekoa. Jadanik bi urte igaro ziren, baina oraindik ez nengoen ohituta arrera zentro batean bizitzeaz.

Leku lasaia zen, handia. Bi pisu zeuzkan eta kanpotik beste edozein etxe bezain zoragarria ematen zuen, hainbat gela zeuzkan, gela bakoitza bi pertsonak partekatzen zuten, eta lorategi handi bat zeukan, udan jolasteko. Batzuetan gauetan iristean ziren gazteak, alkoholaren eraginpean eta nahiko kaltetuta, leku horretan bizi ziren gazteak arazotsuak izaten baitziren gehienetan.

Adingabe asko leku honetara bidaltzen dituzte gurasoak hiltzen zaizkienean, hori bai familiakorik ez badute, edo gurasoekin arazoak badituzte, baina ni ez, ni hemen utzi ninduten nahiko ez luketen altzari bat banintz bezala, gaizki iritsi zaien pakete bat bezala. 

Beti galdetu izan diot nire buruari zer egin ote nien gurasoei, ez nuen arazorik ematen, eta beharrezkoa zenean bakarrik hitz egiten nuen. Baina nik uste, jaio nintzen egunetik nagoela kondenatuta, ez ninduten nahi, ez ninduten behar.

2020ko Uztailaren 22a zen, udako egun eguzkitsu bat zen eta eguzki izpiak azalean islatzen zitzaizkidan, oporretako lasaitasuna bizi nuen, lasaitasun faltsua.

Oso ondo gogoratzen dut egun hura, indabak zeuden bazkaltzeko, ez da ohikoena udako egun baterako, baina aitaren gustukoenak ziren, eta niri gustatzen ez zitzaizkidan arren, ez nuen kexatzeko ohiturarik.

Bazkaldu ondoren, lagunekin geratu nintzen, beti bezala plazara joan ginen. Bertan futbolean pixka bat jolastu eta arratsaldeko bostak iristean etxerako bidea hartu nuen, amak esan bezala. 

Etxera iristean ate ondoan maleta handi batzuk ikusi nituen, harritu egin nintzen, gurasoek ez zidaten inongo bidaiaren berri eman, gainera nireak bakarrik zeuden. Segituan ama ikusi nuen sukaldeko aulki batean eserita, altxatu eta kotxean sartzeko agindu zidan. 

Bidaia luzea izan zen, isiltasunez betea, desatsegina. Gurasoen aurpegietan ikusten nuen ez zeudela gustura, ez nintzen azalpenak eskatzera ausartu. Erlojuari etengabe begiratzen nion, bostak eta hogei, bostak eta hogeita bost, bostak eta… Azkenean iritsi ginen, aitak etxe handi baten aurrean utzi zuen kotxea, eta emakume bat atera zen etxearen atzealdetik. 

Gurasoekin hitz egiten egon zen denbora luzez, ondoren berarekin joateko eskatu zidan. Gurasoek ez zidaten agurrik esan, ezta musurik eman ere, ni etxe hartan sartzean poz aurpegia zutela ikusi nuen, lasaitasunarena, erabaki on baten ondorioa. Inoiz ahaztuko ez ditudan aurpegiak.

Emakumearekin hitz egitean, dena ulertu nuen, izugarria zen. Amorrua sentitu nuen, gauzak leihotik botatzeko gogoa, etsipena, dezepzioa.

Bi aste pasa nituen gelatik atera gabe, etengabe negarrez, ondorioak atera nahian edo zergatia agian. Baina oraindik ez dut zergatirik aurkitu, agian ezinezkoa da, irteerarik gabeko labirintoa bezala.

Betidanik jakin izan nuen atzean utzi behar dudala lehengo bizia, ahaztu, aurre egin. Pixkanaka bizi berria hasten ari nintzen. Baina banekien egun hartako nire gurasoen aurpegiak ez ditudala inoiz ahaztuko, tatuai bat izango ziren niretzako.  

Atzo arratsaldean norbaitek atea jo zuen, ni nengoen gertuen eta atea irekitzera joan nintzen, bertan ikusi nuena ez nuen inoiz irudikatu, agian amestu nuen baina inoiz ez nuen pentsatuko gauzatu zitekeenik.

 

                                    -Barkatu.-esan zuen atearen atzeko pertsonak.

 

Negar malkoa erori zitzaidan.