D maila

IRATI HOA MONTERO TRAN

D Maila Prosa 3. saria
Irati izena dut eta 12 urte ditut. Alaia naizela esaten didate. Ordiziako Jakintza Ikastolan ikasten dut. Hegats igeriketa eta futbola ditut gustuko.
IRATI HOA MONTERO TRAN

IRATIREN ZAINDARIA

IRATIREN ZAINDARIA

Nire izena Irati da. 

Momentu honetan arazoetan nago.

Hobe dut hasieratik hastera…

Lehen esan dudan bezala, nire izena Irati da, 22 urte ditut eta bakarrik bizi naiz. Orain dela gutxi nire ametsa bete zen: Irati basoa ezagutzea! Duela aste bat etxean nengoen txokolate beroa hartzen. Jendeak esaten du beste mundu batean bizi naizela, izan ere, batzuetan puntu bati begira gelditzen bainaiz nire gauzetan pentsatzen. 

Aspertuta nengoen eta bat-batean argitxo bat piztu zitzaidan: zergatik ez igaro aste bat Irati basoan? Ez nintzen inoiz han egon, gaztea nintzenean, amak urtero hurrengo urtean joango ginela esaten zidan eta jada 22 urte ditut eta nire izeneko baso hori ez dut ezagutzen! 

Motxila handi bat bilatu eta gauza askoz bete nuen. Ondoren, kanping denda bat hartu eta prest nengoen. Kotxe berria hartu eta han abiatu nintzen Irati basora, aspaldi nire zain zegoen basora. Hara iristean, kotxea aparkatu eta Irati barrenera sartu nintzen oinez, haize freskoa nire aurpegiko azalean nabarituz. 

Oso koloretsua zen. Inoiz ikusitako lekurik harrigarriena zen, hostoak kolore ezberdinez jantziak zeuden: gorria, laranja, berdea, horia… Zirrararen zirraraz negarrez hasi nintzen. Lotura berezia sentitzen nuen harekiko, nolabait nirea izango balitz bezala. Momentu horretan, nire kanping denda han jarri nuen, erreka bat gertu nuela jakinda. Leku hartan igaro nuen gaua eta konstelazio ezberdinak ezagutu nituen. 

Goizean, bat-batean, hots ezezagun batek esnatu ninduen, ziztu bizian, begiak ireki eta bi azeri ikusi nituen nire aurrean. Ez nekien Irati basoan azeriak bizi zirenik! Asko harritu nintzen beraiek esaten zuten guztia ulertzen nuela, ohartzean. Horregatik, konturatu nintzen basoko magia existitzen zela. Ulertzen nituen, baina ez nekien zeri buruz ari ziren hitz egiten. Hauxe esaten entzun nituen: 

- Hau izango al da Iratik bilatzen duen zaindari berria?

- Kaixo - esan nien, eta gero… - Zein Irati ? - gehitu nien. 

Azeriek harrituta begiratzen zidaten eta galdetu zidaten:

- Ulertzen gaituzu ? - Nik buruko mugimendu batekin baietz adierazi nien. 

Azeri batek jarraitu zuen:

- Ni Gorri naiz eta hau nire laguna da, Bigun.

- Kaixo - esan zidan Bigunek, oso goxo.

Bere ilea laztandu nuen, oso biguna zen eta Gorriren azala sua bezain gorria zela konturatu nintzen. Gorrik haiei jarraitzeko eskatu zidan eta kasu egin nion. Nire gauzak bildu eta haien atzetik joan nintzen.

Zubi arraro bat igaro nuen, asko ibili nintzen, lur bigun bat igaro nuen non lainoak kolorez aldatzen ziren. Zeinen gauza arraroak! pentsatu nuen. Basoko zuhaitz handienera iritsi ginen. Ez dakit zenbat urte izango dituen. Azpian zulo bat zuen eta hara sartu ginen hirurok: azeriak eta ni. Bat-batean dena handitu edo zabaldu egin zen, oso harrigarria izan zen: gela handi bat bihurtu zen! 

Barruan atso bat zegoen. Beharbada 93 urte izango zituen. Atso horrek esan zizkidan lehenengo hitzak ez ditut inoiz ahaztuko. Hau esan zidan:

- Hemen zaude, Irati! Irati basoaren zaindaria izan behar zara.

- Zer? - erantzun nion.

Gorrik aurpegia kolpatu zuen eta, jarraian, “ai amatxo maitea” esan zuen. Bigun barrez lehertu zen. Atsoak honela jarraitu zuen:

- Nire izena Irati da, zurea bezala. Irati deitzen diren gazteen artetik haur bat aukeratzen du basoak. Ziurrenik konturatu zara basoa magikoa dela. Basoak 500 urtetik behin 22 urte bete dituen pertsona bat aukeratzen du, oraingo kasuan zu. Basoak zaindari bat behar du, zaborra garbitzeko, animaliei kalitatezko bizitza emateko eta denen akatsak zuzentzeko. Jokatzen duzun eraren arabera, beharbada, beste zaindari bat bilatu dezake basoak. Galdera da: nahi al duzu izan basoaren zaindaria? Ni zahartu egin naiz eta basoak zu aukeratu zaitu, baina, ez baduzu nahi, beste pertsona bat bilatuko dugu. Denbora asko duzu pentsatzeko. Bitartean, basoa erakutsiko dizut, hemengo animaliak, horiek nola tratatu eta nola jokatu.

Nik, ondoren, hauxe erantzun nion:

- Ados, egia esan, denbora behar dut pentsatzeko… Lan zaila dirudi. Agian basoak ez du aukeratu pertsona egokia…

- Nola ezetz? Basoa ez da inoiz nahasten - esan zuen Gorrik.

- Ez dakit… - erantzun nuen.

- Egon lasai! Zatoz gurekin basoa gehiago ezagutzera - esan zuen atsoak.

Han abiatu ginen, oraingoan, laurok. Baina, hara! Laino baten gainean zeharkatu genuen dena. Azpira begiratu nuen eta pertsona batzuk ikusi nituen. Etxeko zaborra basoan uzten ari ziren!  Basoko leku hura ustelduta zegoela ematen zuen, oso tristea zen hango paisaia. Asko haserretu nintzen, baina ezetz asmatu! Neure buruarekin haserretu nintzen batez ere, hainbeste aldiz zaborra lurrean utzi eta ahaztu nuen, zerbait jan eta lurrera bota, jendearen zaborrari ostikoak eman eta lurrean utzi… Orduan konturatu nintzen zenbat akats egin nituen, zenbat akats egin dituen jendeak eta guztiak batuta… Asko ikasi beharra nuen oraindik, nire eta besteen akatsetatik ikasi. 

Gero atsoak basoko beste leku batera eraman ninduen azeriak haren ondoan zituela. Alde honetan, bestean ez bezala, asko harritu eta poztu nintzen, ez dakizu zer topatu nuen! Pertsona helduak eta gazteak, haziak landatzen, zaborra kentzen, zuhaitzak besarkatzen, naturaren magia bizitzen! Asko poztu nintzen eta, puntu hartara begiratuz, neure buruak urte asko atzera egin zuen. Nik ere lagundu izan diot  naturari eta laguntza behar zuten animaliei, hazi asko landatu, ingurunea zaindu… Pentsatzeari uztzitakoan, jada ez nengoen haserre, baizik eta triste eta, aldi berean, pozik.

Zenbait gauzatan lagundu nuen konturatu gabe eta zenbait gauzatan, berriz, hanka sartu nuen! 

Bigunek esan zidan:

- Ikusten? Akatsak izaten ditugu, baina lagundu egiten dugu ere bai! Basoa zaintzea ez da lan zaila, hasieran akatsak izango dituzu, noski! Baina, akatsetatik ikasiz, ez dituzu berriro errepikatuko eta geroz eta gauza lagungarriagoak egingo dituzu. Nire iritziz, zaindari izatea onartu beharko zenuke! Ezer ez da ezinezkoa, ulertzen? Aukera berri bat eman zeure buruari, zure akatsez konturatu zara jada.

- Bai horixe, oso ondo egingo duzu! - gehitu zuen atsoak.- Batzuetan ez gara konturatuko zertan ari garen, ados, baina, akatsez konturatzen garenean? Horiek zuzentzen sailatzen gara, ezta?

Orduan ulertu nuen. Bai! Iratiren zaindari berria izango nintzen. Abentura berri bat izango zen, beharbada akatsez betea, baina horiek zuzenduko nituen, baita besteen akatsak ere!

Atsoak bere lana niri pasatu aurretik beste zerbait esan zuen.

- Badakizu zer? Akats bat zuzentzen duzun bakoitzean, botere bat emango dizu basoak, baina, akatsa errepikatzen baduzu, agur botereari, ulertuta? Lainoen gainean hegan egin dezakezu, zuhaitz bat landatzen duzun bakoitzean animalia bat jaioko da, jendeak zaborra jasotzea lortzen duzun bakoitzean basoa geroz eta alaiagoa bihurtuko da… Basoak animaliekin hitz egiteko boterea oparitu zizun hasieran, bazekielako egun hauetan zerbait berria ikasiko zenuela. 

Begiak itxi nituen eta atsoak eskua eman zidan eta zerbait arraroa sentitu nuen, energia berri bat nire eskura pasatzen, ausartagoa sentitzen nintzen! Begiak irekitzean, atsoa desagertu zela konturatu nintzen.

Begiak ireki nituen. Baina nola da posible? Ez al nituen begiak irekita? Den-dena amets bat izan zen. Baina itxaron! Oraindik Irati basoan nengoen, kanpinean, eta nire aurrean bi azeri zeuden. Hizketan hasi ziren eta ulertu egiten nituen! 

Abentura hastera zihoan. Berriro. Baina, oraingoan… benetan!