Skip to main content
Udal gobernua

Oriako ur-goraldiei aurre egiteko lanen jarraipena egiteko batzordearen lehen bilera

2021/05/28

Lanen proiektua udazkenerako amaituta egongo dela aurreratu du URAk, obra ahalik eta lasterren hasi ahal izateko

CAFen sarrerako eraikinak eraitsi egingo dira, ibaiaren ibilgua zabaltzeko, haren ahalmen hidraulikoa handitzeko eta Oria ibaiak gainezka egiteko aukerak murrizteko era berean, enpresara sartzeko zubi nagusia kenduko da eta ibaian gora zubi berri bat eraikiko da zabalera berriari egokitua

Ibaiaren ur-goraldiek herritarrei eta inguruko ondasunei eragindako kalteak saihestea ekarriko dute obrek, eta segurtasun-maila handitzeaz gain, eremuaren urbanizatzea ahalbidetuko dute, irisgarritasuna eta, oro har, zirkulazioa hobetuz

Beasaingo Udalak, CAFek eta URAk Oriaren uholdeei aurre egiteko defentsa lanak jarraitzeko osatu berri den batzordearen lehen bilera egin dute, gaur Beasainen. Lehen bilera horretan, Beasaingo alkate Leire Artolak, CAFeko giza baliabideen zuzendari Gorka Zabalegik eta Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusi Antonio Aizek hartu dute parte. Bileran, CAF lantegiaren eta Beasaingo udalerriaren garapena zuzenean baldintzatzen duen erronka hidrauliko horri erantzuteko modu arin eta eraginkorrean lan egitea adostu dute hiru aldeek.


Oria ibaiaren ertzetan, Beasaingo C.A.F. industria-instalazioen parean dauden lursailak urpean gera daitezke, eta delako Uholde Arrisku Handiko Eremu batean bildu dira, uholdeei aurre egiteko plangintzari dagokionean. Hitzarmenaren ondorioz egingo diren obrek ibai-goraldiekiko segurtasun-maila nabarmen handituko dute CAFko azpiegituretan, zein inguruan bizi diren herritarrei  ere. 2008an izan zen erasanak sortu zituen azkeneko goraldi-aurrekaria.


Jarraipen-batzordea 2020ko ekainean gai horri buruz sinatutako hiru aldetako hitzarmenean aurreikusitako jarduerak koordinatzeko eta bultzatzeko sortu da. Aurreikusitako lanek ekintza hauek barne hartzen ditu: J.M. Iturrioz kalean, Oria ibaiaren ezkerraldean dauden enpresaren eraikinak eraistea, CAFera sartzeko pasabidea eta zubia eraistea, inguruan ibilgua zabaltzea eta bideratzea, eta ondorioz sortuko den espazioa urbanizatzea.

Ibaiaren ezkerraldean dauden industria-eraikinak eraisteko beharra — oztopo handia da uren joan-etorri askerako — ibilgua zabaltzeko beharraren ondorioz sortzen da; alegia, ibai-tartearen ahalmen hidraulikoa handitzeko eta, horrela, Oriak gainezkatzeko probabilitatea nabarmen murrizteko.

Ondorioz, ibilguarean zabaltzeak eraginda, oraingo bi zubiak ordezkatzearen beharra dakar. Hortaz, aurrekoen ordez, ibilgailu arinak eta oinezkoak CAFera sartzeko 40 metro inguruko zubi berri bat eraikitzea aurreikusten da; baita bulego-eraikin berri bat egitea eta prestatzea ere, operazioan eraitsiko direnak ordezkatzeko.

3 milioi euroko inbertsio publiko eta pribatu globala eskatuko duten jarduketa-multzoa da, idazten ari diren proiektuaren behin betiko eraikuntza-xehetasunak gorabehera. URAk 530.000 € gorde ditu 2021ean bertan obran inbertitzeko parada egokituko balitz.


Segurtasuna eta inguruneari erantsitako balioa


CAFerako sarrera nagusia, "Porteria" bezala ezagutzen dena, inguru enblematikoa da udalerriarentzat. "Ingurua berrurbanizatzeak duela hamarkada batzuetatik ditugun uholde-arrisku arazoak errotik kentzea dakar, eta, beraz, pertsonen eta ondasunen segurtasunean irabaziko dugu", adierazi du Leire Artola alkateak. Gainera, ingurunearen irisgarritasuna hobetzeko aukera emango da, eta zirkulazioaren bi noranzkoak berreskuratuko dira, bidearen bi aldeetan espaloi zabalak jarrita.
Ezkiaga auzoarentzat aurrerapauso bat izango da, zalantzarik gabe. URA-Uraren Euskal Agentziak lehen urratsa eman ondoren, Udalak baliabide guztiak jarriko ditu martxan eraispenak, urbanizazio proiektua eta obra berrien hasiera arintzeko. Aisialdirako gune berria erakargarri bihurtuko da, eta balio erantsia emango dio eremuari.

udala caf ura 20210528 75


Konpromiso partekatuak


URA-Uraren Euskal Agentziak eraikuntza-proiektu osoa zehaztu eta mahaigaineratzeko konpromisoa hartu du. Lanen barruan sartzen dira eraikinak eraistea, egin beharreko obra hidraulikoak, proiektu horretan sartutako obrak kontratatzea, aipatutako obrak teknikoki zuzendu eta ikuskatzea, eta obren kontratazioaren benetako kostuaren % 50a finantzatu eta ordaintzea. Jarraipen batzordearen bileran, URAk azaldu du proiektua idazten jarraitzen dutela eta udazkenerako prest izango dutela behin betiko proiektua. Uraren Euskal Agentziak urteko azken hiruhilekorako lanak amaituta izan nahi ditu, lanak ahalik eta lasterren hasi ahal izateko.


Bestalde, Udalak konpromisoa hartzen du CAFen lursail eta jabetzetan aurreikusitako obra hidraulikoen ondoriozko eraginak erregularizatzeko beharrezkoak diren hirigintza-dokumentuak izapidetu eta onesteko (adibidez, eraikigarritasuna handitzea, eraitsiko diren eraikinen galera konpentsatzeko behar diren baldintzetan) eta obren kontratazioaren benetako kostuaren % 50a finantzatu eta ordaintzeko.


Azkenik, CAFek konpromisoa hartzen du bere jabetzakoak diren eta proiektatutako obra hidraulikoen eraginpean dauden Oria ibaiaren ezkerreko ertzean dauden lursail eta eraikinak Uraren Euskal Agentziaren esku jartzeko. URAk obra zehatzak — idazten ari den eraikuntza-proiektuan zehaztuko direnak — lizitatzeko, lursailak aldez aurretik xedatu behar dira. Era berean, CAFek bere gain hartuko du obrek ukitutako eraikinak ordezkatuko dituzten bere bulego berriak gaitzeko obrak exekutatzeko eta ordaintzeko ardura.

udala caf ura 20210528 12