Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Kultura

Beasainen euskararen hedapenean egiten den lana eredu

2023/10/20

Alkateak harrera egin die hainbat hizkuntza gutxiagotuetako ordezkariei eta euskararen erabilera eta ezagutza sustatzeko egitasmoen berri eman die. Udalak Garabide elkartearekin duen hitzarmenaren baitan burutu da ekitaldia

Beasaingo Udalak bere hizkuntza politikaren baitan euskararen alde burutzen dituen ekimen ezberdinen aurkezpena egin die atzerritik iritsitako hainbat komunitate ezberdinetako ordezkariei. Leire Artola alkateak, harrera egin die Garabide Elkartearen bidez komunitate linguistiko ezberdinetako ordezkari indigenei. Horrela, euskararen indarberritzean Beasaingo Udalak duen esperientzia partekatzea izan du helburu topaketa honek eta era berean udalerriaren ezaugarri eta ezagutzak azaldu dizkie gonbidatuei.  

Garabide elkarteak gonbidatuta, ADITU (Hizkuntzak Biziberritzeko Formazio Programa) ekimenaren baitan, 13 hizkuntza gutxiagotuetako 16 kide izan dira Beasainen: Kichwa (Ekuador), Quechua (Bolivia), Nasa yuwe (Kolonbia), Kaqchikel (Guatemala), Nawat (Mexiko), Yukatango Maia (Mexiko), Maputxeak (Txile), Aimara (Bolivia), Guaraní (Bolivia eta Argentina) , Acre (Brasil), Kreolera (Haiti), Kiche (Guatemala) eta  Bubiera (Ekuatore Ginea).

Euskararen erabilera indartu

Leire Artola alkateak egin dien harreran azaldutakoen arabera, Beasainen euskararen ezagutza eta erabileraren arteko desoreka, erronka nagusia izaten jarraitzen du. Herritarren artean euskararen ezagutza eta erabilera ez da proportzio berean ematen. Horren baitan Udalak ezagutza sustatzeko Udal Euskaltegia du 16 urtetik gorakoentzat. Hori araututa dago eta Eusko Jaurlaritzak finantzatzen du neurri handi batean. 

16 urtetik beherakoen kasuan orain artean eskolak izan du horren ardura eta horretan jarri izan dira indarrak. Baina denborak erakutsi digu gurea bezalako gizarte batean (hizkuntza  hegemoniko indartsu batekin elkarbizitza, ingelesaren presentzia handitzea, gure herrira etorkin kopuru handia etorri izana…) ondorioak izan dituela eta gure eskoletako ikasleen gehiengoak atzerriko hizkuntza duela ama hizkuntza.

Eskola nahikoa ez bada, Udalak eskolaz kanpo euskararen erabilerarako guneak sustatu eta sortu ditu, Hizkuntza errefortzurako zerbitzua kasu, non 4-12 urte bitarteko ikasleak hartzen diren. Egun 160 haur aurkitzen dira zerbitzu honetan. Zer gehiago egin dezake udalak udalerrian euskararen erabilera sustatzeko? Udalerrirako Euskara Sustatzeko Ekintza Planean honako ekimen hauek aurkitzen dira:  

Herriko kultur eta kirol elkarteekin hitzarmenak sinatzean, beren jardunean eta batez ere haur eta gaztetxoekin aritzen direnean euskara erabiltzeko konpromisoa adostea euskarazko kultur eta aisia produktuak herritarren esku jarriz. Horien artean dago Aittu elkartearen jardura euskararen erabilera sustatzeko. Baita ere, euskara erabiltzeko guneak sortu, batik bat haurrei zuzendutakoak, esaterako euskarazko udalekuak, eta abar. 

Hizkuntza gutxituen aldeko hitzarmena

Beasaingo Udalaren eta Garabide elkartearen arteko hitzarmenaren berritzea urtez urte eman da 2017az geroztik. Horrela, aurten garatuko diren proiektuak diruz lagunduko ditu Beasaingo Udalak eta euskararen esperientziatik abiatuta munduko hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuak bultzatzen dituen Gobernuz Kanpoko Erakundearen babesle da. 

2023ari dagokionez, orain arteko helburuak mantenduz, garapen bidean dauden herrien nortasunean laguntzen jarraitu da, hizkuntza nortasunaren adierazpide nagusiena izanik. Herrialde hauetako hizkuntza gutxituen aldeko konpromisoa berretsiz jarraitzen du Beasaingo Udalak horretarako euskararen alde egindako ibilbidea eta lana eredu jarrita. Udal gobernuak garapen bidean dauden herrialdeei laguntzeko bere aurrekontuaren %1aren laurden bat bideratzen du Garabide elkartearekin duen lankidetzara. 

IMG 8885