Irisgarritasun-tresnak
Apirilaren 3an zabalduko da 2022ko errenta aitorpena egiteko aukera Gipuzkoan eta datorren ekainaren 30era bitarte egongo da zabalik
Urtez urte geroz eta gehiago dira errenta aitorpena euskaraz egiten dutenak Beasainen, Lazkaon eta Ordizian eta hiru udal ordezkariek euskaraz egiten diren errenta aitorpen kopurua handitzen jarraitzeko eta horretarako jarraibideak emateko egin dute agerraldia
Herritarrek aitorpena euskaraz egin dezaten animatzeko ‘Errenta Aitorpena euskaraz, Ogasunarekin euskaraz!’ kanpaina antolatu dute hamahirugarrenez Beasaingo, Ordiziako, eta Lazkaoko Udalek elkarlanean.
Gipuzkoan, apirilaren 3an zabalduko da 2022ko errenta aitorpena egiteko eskaintzen diren aukeretan lehena eta datorren ekainaren 30era bitarte egongo da zabalik.
Leire Artola Beasaingo alkateak, Kepa Zubiarrain Lazkaoko alkateak eta Maitane Alvarez Ordiziako Udaleko alkateordeak, Beasaingo Udalean egindako prentsa agerraldian eskaini dituzte gaur egun errenta aitorpena egiteko bideak eta xehetasunak. 2010az geroztik egiten den kanpaina da honakoa eta azken urteotan bezala, kanpainaren helburua euskaraz egiten diren errenta aitorpen kopurua handitzea eta horretarako herritarrei jarraibideak eskaintzea da.
Errenta aitorpena egiteko bideak eta datak
Gaur egun errenta aitorpena aurkezteko hiru bide daude eta guztietan erabil daiteke euskara pdf eskuorria (875 KB) :
Urtero euskaraz egindako aitorpen kopurua goruntz
Azken 12 urteetan, 2009tik 2021era, Beasainen, Lazkaon eta Ordizian euskaraz egin diren errenta aitorpenen ehunekoa handituz joan da: Beasainen %8,37tik %21,60ra, Lazkaon %15,52tik %31,27ra eta Ordizian %8,29tik %23,80ra igo da.
Hiru udal ordezkariek, euskararen aldeko ekimen hau egitera gonbidatu nahi dituzte herritarrak. Aukera badago euskaraz jarduteko, baita errenta aitorpenean ere, eta orain arte, inertziaz edo ohitura faltagatik gazteleraz egin bada ere, era oso errazean gure hizkuntzan egin daiteke. Hori ikusarazi eta errazteko kanpaina da hau, gure hizkuntzaren erabilera sustatzekoa. Beraz, euskararen aldeko aukeraz baliatuz, errenta aitorpena euskaraz eginez, euskarari ere aitorpena egiten zaiola nabarmendu dute hiru ordezkariek.