Skip to main content
Kultura

Mariren jaitsiera zuzenean eskainiko da Udalaren youtube kanaletik

2024/05/02

Loinatz jaiak aurten maiatzaren 10etik 19ra izango dira eta iragarriko dituen kartel irabazlearen egilea Izaro Erauskin Altuna ataundarra izan da eta haurrenean Andramendi ikastolako Izei Apaolaza Aranguren

Andramendi ikastolako haurrek eta Bareak elkarteak piztuko dute jaien hasierako suziria eta gauean Mariren jaitsiera edonon jarraitu ahal izango da zuzeneko emanaldian udalaren youtubeko kanaletik

Bulego taldearen kotzertua maiatzaren 11an izango da eta alkateak jaiak, arduraz, errespetuz eta gizalegez gozatzeko deia egin du

Aurtengo Loinatz jaien kartela eta egitarauaren xehetasunak eman dituzte udal ordezkari, teknikari eta zenbait partaidek. Aurkezpenean Leire Artola alkatea, Mariola Pascual kultur zinegotzia eta Amaia Gomez de Segura kultur teknikariarekin batera, kartel lehiaketako irabazleak eta Muxutruk herriko musika taldeko ordezkariak bildu dira. Egitarauaren ardatza betiko ekitaldiek osatzen badute ere berrikuntzetan egin dute azpimarra. 

Alkateak beste behin, herritarrak eta elkarteek osatzen duten jaietako batzordearen lana eskertu du. Partehartzea eta lankidetza oinarri hartuta, jairik ez legokeela beraien ahalegin eta borondaterik gabe garbi utziz. “Gure nortasunaren ikur diren tradizioak eta ohiturak berrituko dira beste urte batez beti ere berrikuntzekin nahastuta. Horretan ahalegin berezia egin nahi izan du Udalak ekitaldiei ikusgarritasuna emateko helburuarekin” gaineratu du. 

Ildo beretik, jaiez gozatzeko moduari dagokionez, normaltasunez igaro daitezen, gizalegez, banatzen gaituenari baino batzen gaituenari garrantzi gehiago emanez eta denok batera elkarrekin Beasain bizigarriago baten alde egiteko eskaera luzatu du. Arduraz eta errespetuz, jokaera oldarkorrak alde batera utzi eta eraso sexistak salatu eta baztertu daitezela eskatu du. Eta egun hauetan, kontsumo arduratsuaren alde egin du baita ere.  

Mariren jaitsiera mundura

Mariola Pascual, kultur zinegotziak, aurtengo jaiak eta egitarauaren azala iragartzeko kartel irabazlea eta egilea zein izan diren azaldu du. Ataungo Izaro Erauskin izan da egilea. Azalean Mari agertzen da eta honen soineko azpian agertzen dira jaietako irudi esanguratsuak. Haurren mailan Andramendi ikastolaren izenean Izei Apaolaza Arangurenek egindakoa izan da aukeratua eta egitarauan txertatu da. Aipatu, egitaraua etxe guztietara banatzen hasi dela eta norbaitek jaso ez balu Igunean eskuratu ahal izango duela. Horretaz gain, udalaren web atarian ere zintzilikatua egongo da. 

Egitarauan nabarmentzekoak aipatzen hasi aurretik, jaiei hasiera ematen dien ekitaldi ikusgarriena sare sozialen bidez zuzenean emitituko dela aurreratu du Mariola Pascualek. Mariren jaitsierak sortzen duen ikusmina dela eta, udalaren youtube kanaletik emateko aukera aztertu eta ontzat eman da. Plaza lepo egoten da, ekitaldiak sekulako parte hartzea du eta mundura zabaltzea interesekoa dela ondorioztatu da. 

Edonon, pantaila bat eta internetarako konexioa dagoen tokian, zuzenean ikusi ahal izango da. Beasainen bertan, etxeetan eta tabernetan eta Beasaindik kanpo dauden beasaindarrek ere ikusi ahal izango dute. Baita ondoren ere, grabatua geratuko baita. Udalerriko pantaila digitaletan ere ikusiko da. 

Zaratarik gabeko ordua

Haurrek emango diote jaiei hasiera danbatekoarekin, aurten Andramendi ikastolakoek Bareak elkartearen laguntza izango dute elkartearen 20garren urteurrena betetzen dela eta. Maiatzaren 10ean 18:00etan izango da. Nabarmentzekoen artean “Zaratarik gabeko ordua” ekimena ere izango da. Aniztasun funtzionala duten pertsonen alde, mozorroen egunean ezik, barraketako musika etengo da egunero ordu betez 18:00etatik 19:00etara. Haurrentzako puzgarrien egunetan ere berdin. 

Bulego taldea Bideluze plazan

Musikari dagokionez, Bulego talde azkoitiarrak bere azken lana aurkeztuko du maiatzaren 11an gauerdian eskainiko duen doako kontzertuan. Honen aurretik Pho Bo herriko taldea izango da eta egun bat lehenago Beasaingo Muxutruk erromeri taldea. Muxutruk taldeko ordezkariak aurkezpenean azaldu dutenez, bost urte betetzen dira lehenengoz Beasainen jo zutenetik eta sorpresa bat prestatuta dute kontzerturako. Datozen egunetan jakinaraziko dute euren sare sozialetan. Bigarren ostiralean Puro relajo taldearen kontzertua izango da Bideluze plazan. Gainerakoan jaietako musika eskaintza talde hauekin osatuko da: Rockalean, Itzal erromeri taldea, Café irlandés, DJak, Oihan Vega, Dj Aitana Grandes eta UT! taldea. Hauez gain, txistulariak, gaiteroak, Loinatz udal musika eskolako banda eta trikitilariak ez dira faltako. 

Danborrada egunean haurren danborradaren irteera izango da lehena. 18:45ean helduen danborradarekin bat egingo du Loinazko San Martin plazan eta zenbait pieza joko dituzte elkarrekin. Tartean, Peio Irizarrek anaiari eskainitako “Martintxo” izango da. Ondoren 19:00etan plazatik irtengo da helduen danborrada bere ibilbidea osatzeko. 

Ohiko ekitaldiak, tradizioarekin lotura dutenak, eta kirol jarduerek bere lekua dute egitarauan; sokadantza (agintari, haur eta helduena), asteleheneko prozesioak, pilota txapelketa herrikoiak, koadrilen arteko futbitoko finala, arrantza lehiaketa, xake jokaldiak, haurrentzako jolasak, astearteko azoka berezia, bertso-saioak, elkarteen arteko sukaldaritza lehiaketa, dantza topaketa, herri kirol jaialdia, Xaibor-en ikuskizuna eta beste hainbat. Beasain Jaietan aldizkariak bere hitzorduari ez dio hutsik egingo eta salgai jarriko du 2024ko alea. 

Prebentzioa eta oharrak

Herritarren eta bisitarien ongizatea bermatzeko helburuarekin aurtengo jaietan ere prebentzio kanpainak errepikatuko dira. Alkoholaren kontsumo arduragabea, indarkeria sexista eta lapurretak saihesteko gomendioak zabalduko dira.

Drogen inguruko Testing programa eta indarkeria sexistari buruzko informazio mahaiak egongo dira ordutegi ezberdinetan. BotilTZAR edo BotilTXAR egitasmoa ere mozorro egunean burutuko dute.

Aholku eta mezuei arretaz jarraitzeko gomendioa egin dute udal ordezkariek jaiak zoritxarrik gabe ahalik eta gehien disfrutatu ahal izateko. Alkateak Udalaren ahalegina aipatu du nabarmenduz kale garbiketa zerbitzua indartuko dela eta udaltzaingoak ematen duen zerbitzua ere asteburuetan 24 orduz eskainiko da. Etxerako bidean doazenentzako zaintza lana egingo dute. Hartara, jaiak ongi burutu daitezen lanean ari direnentzako errespetua eskatu da. 

Banderak eta zapiak jaiak girotzeko

Bestalde, jai giroa pizteko eta aldarrikatzeko, herritarrei ere dei egiten zaie etxeetako balkoietan Beasaingo bandera zintzilikatzeko. Banderak 6 eurotan eta lepoko zapiak 3 eurotan honako saltokietan egongo dira salgai: Alzuaran, Anitz, Argi Optika, Arkupe Kafetegia, Arnedoko Txokoa, Bambora Edertasun Naturala, Blues, Cortes, Farmabi Parafarmazia, Foto Alzuri, Natxo belardenda, Dietetika, J.M. Imaz, Jauregi Optika, Kaxola, Kuluska, Kux-Kux, Labores Otea, Mercería Marijose, Migdäla, Mirari Mertzeria, Mujika Txirrinduak, Ogiberri, Otxoa D`Alaiza The Backstage, Ouka, Pergola, Plazape Taberna, Tres Sesenta Ileapaindegia, Truk, Txomin Zubeldia eta Xalo. 

IMG 2306