Leire Artolak zuzentzen duen gobernuak, oposizioko taldeen proposamenekin ondutako 18,3 milioiko aurrekontua izango du datorren urterako

Zorrik gabeko finantza-egoera aurkeztu du Udal gobernuak eta behar handiena dutenei begira jarri ditu diruak 2022rako

Enplegua, gizarte zerbitzuak, euskara eta klima-aldaketaren aurkako borroka dira ardatz nagusiak

Udalbatzaren osoko bilkurak 2022 rako 18.374.337€ko  aurrekontua onartu du. Proposamenak PSE-ko bi zinegotzien ezezkoa jaso zuen soilik. (EHBildu -5- abstenitu zen eta EAJ-PNVk -10- alde bozkatu zuen).

Lehen aldiz, Leire Artolak gidatutako udalak zorrik gabe eta 1.850.000 euroko aurrezki garbiarekin ekingo dio datorren urteko ekitaldiari. Alkateak nabarmendu duenez, "Kudeaketa zuhur, eraginkor eta gobernu onaren bidez aplikatutako zorroztasunari esker". Era berean, azpimarratu du talde guztien ekarpenekin osatutako aurrekontuak direla eta hori eskertuz, horrek ere politika sentitzeko modu bati erantzun nahi diola.

Udal Gobernuak orain arteko aurrekonturik handiena izango du beasaindarren aurrean hartutako konpromisoak aurrera eramateko eta betetzen jarraitzeko, premia handiena duten pertsonei lehentasuna emanez.

Horren isla da Gizarte Ongizate Sailak % 23ko (2.027.407,27 euro orotara) aurrekontu-gehikuntza izango du bereziki eskuhartze programak indartzeko; hots, adineko pertsonei, mendekotasuna duten pertsonak dituzten familiei, salbuespenezko egoeran daudenei eta laguntza behar dutenei arreta emateko zerbitzuak indartzeko. Era berean, familia-bitartekaritza eta kaleko hezkuntzako programa bultzatuko dira. Betiere, ongizate kolektiboaren hobekuntzan aurrera egiteko helburuarekin.

Enplegua eta ekonomia

Arreta berezia eskaintzen zaion beste kolektibo bat langabetuena da. Nahiz eta 2021ean langabeziaren datuetan beheranzko joera izan, oraindik 506 beasaindar daude langabezian (% 7,22). Gobernu taldeak lehentasunezkotzat jo du kopuru hori murrizteko lanean jarraitzea. Horretarako, berariazko prestakuntzan oinarritutako enpleguaren aldeko apustua egingo da Goierri Eskolarekin lankidetzan, eta ikastaroak antolatzen jarraituko du, enpresek dituzten beharrei erantzuteko. Berrabiarazi programak udalaren babesa izaten jarraituko du; tokiko enpresen digitalizazioa, dibertsifikazioa eta nazioartekotzea errazteko. Hori guztia ekintzaileak ahaztu gabe, hauek, Goiekiko inkubategiaz gain, Anezka izeneko enpresa zerbitzuen instalazioak izango baitituzte eskura Kale Nagusian bertan.

Ildo beretik, tokiko ekonomia sustatzeko, lokal hutsak alokatzeko edo erosteko diru-laguntzak, udalerrian erosketa sustatzeko sentsibilizazio kanpainak eta tokiko produktuen merkatua fidelizatzeko kanpainekin jarraituko da.

Klima aldaketarekiko kezka

Klima aldaketaren aurkako borroka da udal gobernuaren beste jarduera-ardatz nagusietako bat. 

Mugikortasun jasangarrirako azpiegituretan edo ibaien ekosistema leheneratu eta hobetzeko jardueretarako aurreikusitako inbertsioei dagoeneko martxan dauden eta 2022an amaituko direnak gehitu behar zaizkie: hala nola Antzizar kiroldegian plaka fotovoltaikoen instalatzea (370.000 €), Ekiola komunitate energetikoaren bitartez udalerrian parke fotovoltaikoa instalatzeko bultzada ematea edo uholde arriskua gutxitzeko lanak gauzatzea Porteria eremuan.

Euskaraz bizi

Euskararen erabilera eta ezagutza sustatzea gobernuaren politiken ardatz nagusietakoa da,  eta zehar-lerro gisa hedatzen den elementua da. Euskararen erabilera sustatzearen alde lan egiten duen Aittu elkartearekin elkarlanean, aisialdian eta kirolean euskararen erabilera sustatzeko Eusko Jaurlaritzarekin egingo den lanari balioa eman nahi zaio. Hizkuntza politikan, sormenak ere bere lekua izango du eta disko eta liburu azokan berrikuntzak txertatuko dira. Gazteentzako Igartza Literatur Sorkuntzarako Bekak XXV. edizioa beteko du eta, beraz, merezi duen bezala ospatuko da.

Inbertsioak eta mantenua

Gune urbanoak ia guztiz garatuta dauden honetan, dagoena mantentzeak berebiziko garrantzia hartu du eta horrek geroz baliabide gehiago bideratzea dakar halabeharrez. Pasa den urtearekiko, %12ko igoera izango du atal honek.

2022an egingo diren obrei dagokionez, Ixabel Olano eta Trenbide kaleko parkeen birmoldaketa, Arizmendi eta San Martin ermitaren arteko ibilbidearen sorrera, kiroldegiko taberna berria edo Igartzako futbol zelaiko belarraren aldaketa gehitu behar zaizkie, Aldundiarekin eta Futbol Federazioarekin elkarlanean. Obra hoietarako hasierako aurreikuspena 1.360.000 eurokoa da.

Udal azpiegiturak mantentzeari ere arreta berezia jarriko zaio, hala nola lorezaintza, argiteria (iraunkortasunerantz pausoak emanez), espaloiak edo asfaltatzeak irisgarritasun ikuspegitik, bai hirigunean bai landa auzoetan ere. Horren adibide izango da Garingo saneamendu-sarearen birmoldaketa integrala, non bilketa bereizlea eta uren ondorengo tratamendua ezarriko baita.

Aldi berean, 2023rako ikusten diren proiektuak garatzen joango dira, hala nola San Inazio - Esteban Lasa ardatzaren birmoldaketa, Barrendain plazaren birgaitzea edo Bonberiako erakusketa areto berria.

Etorkizuna marrazten

Gazteak udalerriaren etorkizuna dira; horregatik, berariazko ekimenak bideratuko dira kolektibo horrentzat; esaterako etxebizitzen alokairurako laguntzak edo hizkuntza indartzeko zerbitzua, alde batera utzi gabe 2021ean egindako herriko gazteriaren diagnostikotik eratorriko diren proposamenak. Diagnostiko horretako emaitzak gauzatzeko ardura Herritarren saileko koordinatzaile berriak izango du.

Pertsona guztien, gazteen eta adinekoen, duintasunetik abiatuta, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean aurrera egiten jarraitzeko bitartekoak jarriko dira, emakumeekin eta talde feministekin garatutako hainbat proiekturi jarraipena emanez.