Aurten landu behar den gaia “emakumeen aurkako indarkeria estetikoak” da eta azaroaren 19a arte dago izenemateko aukera

Eskualde mailan antolatutako lehiaketa honetan iaz 58 lan aurkeztu ziren, horietatik 36 Beasaingoak 

Egunerokotasunean emakumeek indarkeria psikologikoa, sexuala, ekonomikoa nahiz fisikoa pairatzen dute hainbat intentsitatetan. Kasu askotan, egoera hori erailketaraino iristen da, gizarte antolamendu patriarkalaren ondorio zuzen gisa. Gipuzkoako Goierri eskualdeko emakumeak ez dira salbuespena. 

Indarkeria matxista arazo konplexua da eta hori konpontzeko erantzun integralak behar dira. Urtean zehar hainbat prebentzio programa  eta kanpaina garatzen dira, baina morez markatutako eguna azaroaren 25a izaten da, non herritarrak, mugimendu feministak zein administrazio erakundeek bat egiten duten, eta ahotsa altxatzen duten errealitate gordin honen aurka.

Egun horren inguruan zenbait ekitaldi eta ekintza antolatzen dira bereziki herritarren kontzientziazio, sentsibilizazio edo ardura sustatzeko xedez, eta baita salaketa tresna moduan ere. 

Berdintasuna sustatzeko ekimena

Helburu berberarekin Goierriko sei herritako berdintasun teknikarik  beraien udalen babes osoarekin, berdintasuna sustatzeko bide berriak eraikitze aldera, lehenengo aldiz 2020an Goierri osora zabaldutako sormen lehiaketa bat antolatu zuten. Eta 2021n esperientzia errepikatuko da aurreko lehiaketaren parte-hartze onaren aurrean.

Iaz, lehen edizioan 58 lan aurkeztu ziren eta horietatik 36 beasaindarrenak izan ziren, alegia %62. Beasaindarrek ekimen honi emandako erantzun onaren adierazle,  lehen saria eta hirugarrena Beasaingo ikastolak eraman zituela aipatu behar. 

Aurtengo lehiaketaren aurkezpena Ordizian egin da eta iazko eragile berberak izan dira. Beasain, Lazkao, Legorreta, Ordizia, Segura eta Zaldibiako udalak dira ekimen honen sustatzaileak, eta dagoeneko lehiaketan parte hartzeko izen ematea zabalik dago. Lehiaketan parte hartzeko azken eguna azaroaren 19a  izango da. 

Emakumeen aurkako indarkeria estetikoak

Aurtengo gaia Emakumeen aurkako indarkeria estetikoak. Gorputzen, identitateen eta sexualitateen aniztasuna da. Gaia ardatz hartuta  lana bideo formatuan aurkeztu behar da,  baina bertan agertuko den grabaketan edozein sorkuntza mota agertu ahal izango da. Adibidez, marrazkiak, eskulturak, argazkiak, bertsoak, idazkiak, irakurketak, dantzak, antzerkiak etab. Bideoak gutxienez 3 segunduko iraupena izan beharko du eta gehienez 300 segundukoa (5 minutu). Banaka edo taldeka parte hartu ahal izango dute NANaren arabera Gipuzkoako Goierri eskualdeko herri batean erroldatuta dauden edozein adinetako  biztanleek, baina adin txikikoak izatekotan adin nagusiko arduradun bat izan beharko dute.

Sariei dagokienez, puntu gehien lortzen dituen lanetik hasita hurrenez hurren Goierriko saltoki txikietan gastatzeko 200€, 150€ko eta 100€ko bonoak banatuko dira, eta hauez gain udal sustatzaileetako lehenengo sailkatuei 50€ko bonoak emango zaizkie.

Lehiaketari buruzko informazio gehiago eta parte hartzeko esteka honako orrian aurki daiteke