Zuhurtziaz, kudeaketa eredu onaren ondorioz kontuak osasuntsu edukitzeak ahalbideratu du erabakia

Nagusien egoitza berrirako obren esleipena onartuta, lanak hasi eta bost hilabetera egoitza berria prest izatea espero da

Ez da igoerarik aplikatuko 2022ko udal zerga eta tasetan. Iraileko osoko bilkuran udal gobernuak egindako proposamena aurrera atera da EHBilduren abstentzioarekin (5) eta Alderdi Sozialista (2) eta EAJren (10) aldeko botoekin eta izoztuta geratuko dira. Gainera, zero emisioa duten ibilgailuen %90eko hobaria egingo zaie jasangarritasun eta ingurugiroaren aldeko keinua eginez. Erabaki hau, udal gobernuak aurrera daraman ekonomiaren kudeaketa onean oinarrituta dago. Zuhurtziaz jokatu izanaren ondorioz eta kontuak osasuntsu edukitzeak, erabaki hau hartzeko ahalmena ematen dio Udalari herritarren mesedetan.

Adinekoentzako egoitza berriko lanak esleituta

Urbi etxen nagusien egoitza egokitzeko lanen kontratua Urbycolan S.L. enpresari esleitzea erabaki du Udalak. Esleipen prezioa 600.739,32 (BEZ barne) eurokoa izango da eta egikaritze epea 5 hilabetekoa izango da.  Beasaingo erretiratuentzako egoitza berriaren kokalekuak orain artekoak zituen oztopo eta trabak gainditzera dator. Irisgarritasunean abantailak ugariak izango ditu. Herrigunean kokatuta egongo da, Urbi etxeko solairuartean. Seirehun metro koadroko solairu bakarrean egongo da kokatua eta Aranealde erretiratuen elkarteko kideekin elkarlanean landu da espazioen banaketa. Elkartearen beharrei erantzutea izan da lehentasuna eta diseinuari dagokionez erabilpen anitzeko guneak egongo dira beraien jarduerak egin ahal izateko. 

Oinez bertaratzea badago ere, egun eraikitzen ari den Nafarroa etorbidea eta Oriamendi kalea lotuko dituen igogailua iritsiko da Urbi etxeko solairuartera, honela bertarainoko irisgarritasuna bermatuko da.

Merkataritza eta euskara sustatzeko laguntzak

Onartutako proposamenen artean tokiko merkataritza, zerbitzu eta negozioei eragingo dien dirulaguntzak onartu dira. Merkatarien hizkuntzarekiko atxikimendua bultzatzeko eta bide batez hizkuntza paisaia establezimenduetan euskalduntzeko, “TicketBAI” fakturazio sistemarako euskarazko softwarea erosteko diru laguntzen oinarriak eta deialdia egitea onartu du osoko bilkurak. Bozketan Alderdi Sozialista (2) eta EHBildu (5) abstenitu egin dira. 

Merkataritza eta euskara sustatzeko laguntzak izango dira eta fakturazio sistema hau jartzen duten merkatariei kostuaren %30arekin lagunduko zaie. Euskaraz fakturaziorako erraminta hau euskaraz jarriz, baliabide baterako laguntza jasoko dute hala eskatuko duten udalerriko merkatari eta zerbitzu enpresek eta bidenabar euskararen erabilera sustatzeko baliagarri izango da. 

Urriko udalbatzaren osoko bilkuran aztertu ziren beste gai hauek onartu ziren besteak beste; mendekotasuna duten adineko pertsonentzako Loinatz eguneko zentroaren kudeaketa eta etxez etxeko laguntza zerbitzuak emateko kontratua luzatzea urtebetez Goxara SL enpresari. Plazape tabernaren ustiapena, ondoko komun eta dutxa publikoekin batera eta plaza azpia eta merkatua dinamizatzeko zerbitzuak Ardoa eta Azoka SL enpresari esleitu zaio. Bestalde, udalerriko parkeak, lorategiak, berdeguneak eta bide-zuhaiztiak mantendu, zaindu eta hobetzeko zerbitzua kontratatzeko zerbitzua Gureak S.L.U. enpresari esleitu zaio, 293.323,57 (+ BEZ) euroko prezioan urteko. Egikaritze epea lau urtekoa izango da beste urte batez luzatzeko aukerarekin. 

Bestetik, 2023-2028 denbora epean, Beasaingo Hiri Mugikortasun Jasangarriaren plana egiteko zerbitzuak kontratazeko baldintza pleguak onartzea eta deialdi publikoa egitea erabaki da. 

Azkenik, EHBilduk, elektrizitatearen kostuaren igoera dela eta mozioa aurkeztu zuen. Igoera honen erruduntzat enpresa elektrikoak eta estatuko gobernu desberdinak joz. Honi erantzunez, EAJren udal gobernuak kontramozioa aurkeztu zuen eta azken hau onartu zen Alderdi sozialistaren (2) aldeko botuekin. Funtsean kontramozioak, EAEk duen dependentzia energetikoari aurre egiteko, energia berriztagarriak lortzeko azpiegituren aldeko apostua beharrezkotzat jo du.