Covid-19ak eragindako osasun krisiak eguneroko kudeaketaren lehentasunak aldatu bazituen ere proiektuak berrabiarazi dira

Agintaldiaren erdian, herritarrak ipar hartuta, etorkizuneko gizartearen erronkei aurre egiteko oinarriak ezartzen jarraitzen du udal gobernuak

Etorkizuneko Beasain marrazten jarraituz, Udal gobernuak modu berean lanean jarraitzeko konpromisoari eusten dio, gardentasunez, gertutasunez eta eraginkortasunez lan eginez, herritarren beharrei irtenbidea emateko. 

Udal gobernua agintaldiaren erdira iritsi da. Lehen egunetik herritarren behar eta eskariei erantzutea izan da helburu nagusia, pertsonen ongizatean oinarrituz, tokiko enplegua eta ekonomia, herritarrei egokitutako udalerria eraikitzea eta etorkizuneko erronkei erantzuten jakitea. 

Covid 19ak baldintzatuta

Intentsitate handiko bi urte izan dira, bereziki azkena. Covid 19aren eraginez sortutako osasun krisiak, eguneroko kudeaketan lehentasunak aldatu zituen. Lehen unetik ahuldade egoeran zeuden pertsonei babesa ematea izan zen presazkoena. Ondoren, osasun krisiak ekonomikoki gehien kaltetu dituenak laguntzea, eta horretan jarraitzen du Udalak. Egoeraren gogorrenean ere, Udalak kultur ekintzaileei babesa eskaini die, gune eta aforoak moldatuz beraien emanaldiak eta egitarauak kultur egutegian mantendu ahal izateko.

Pandemiak udalerriaren egunerokoa baldintzatzen bazuen ere, epe ertain eta etorkizuneko proiektu estrategikoak uztartzen jakin izan da, horiek eragina izango baitute beasaindarren ongizatean.

Tokiko ekonomia eta enplegua

Udal gobernuaren lehentasuna herritarrak kezkatzen dituzten arazo nagusiei irtenbidea ematea da. Horregatik, tokiko ekonomia, langabezia-tasa eta enpresei laguntzea funtsezko helburuak izaten ari dira krisialdi honetan. 

Udalerriko ostalaritzari eta merkataritzari osasun krisiak eragindako kalteak arintzea helburu hartuta, sektore honi zuzendutako laguntzak ematen jarraitzen du Udalak.

Enpresen kasuan, Goiekirekin batera eta Berrabiarazi programaren bidez, udalak 100.000 euro zuzendu ditu tokiko enpresei nazioartekotze eta digitalizazio planak garatzen laguntzeko. Bestalde, Beasainen langabezia murrizteko, enplegu-planaren barruan, prestakuntza espezifikoko ikastaroetarako diru-laguntzak mantentzen dira. Goierri Eskolarekin lankidetzan eta enpresen beharrei erantzunez, enplegagarritasuna bermatuko duten prestakuntza-ikastaro espezifikoak antolatzen dira.

Azpiegiturak berritzea eta hobetzea

Nahiz eta proiektuak atzerapen bat jasan duten, indarrez ari dira berraktibatzen. Igartza Oletako zatia berritu ondoren, Dolarea Parkea eta Oriamendiko igogailua erritmo onean doaz. Murumendi ikastetxeko erabilera anitzeko gela berria ikasturte berriaren hasierarako amaituta egongo da eta Ixabel Olano parkea berritzeko proiektua abian jarri da.

Porteria eremuan uholde-arriskua gutxitzeko proiektua mugarria izango da legegintzaldi honetan. Honek CAFeko atari nagusiaren eraikina eta kapera eraistea ekarriko du. Ibaiaren ibilgua zabaldu ondoren, ingurua urbanizatuko da. Etxebizitzen aldeko espaloiaren zabalera handituko da, bidegorria mantenduko da eta zirkulazioaren norabide bikoitza ezarriz. Udalerrian emango den aldaketa garrantzitsuenetako bat izango da.

Urtearen honen bigarren erdian Oriamendi kalea eta erretiratuen egoitza berria egokitzeko lanak hasiko dira, etengabeko ahaleginean azpiegiturak hobetzeko.

Aldaketa Klimatikoa eta beste gizarte erronkak

Funtsezko beste erronka batzuk ere badira, hala nola aldaketa klimatikoa, adinekoen zaintza eta arreta, eta geroz eta arazo handiagoa bihurtzen ari den bakardadea. 2022 hasierarako, autokontsumorako instalazio fotovoltaiko bat jarriko da kiroldegiko estalkian, eraikineko kontsumoaren %35a energia garbiz hornituko duena.

Udal gobernuarentzat herritarren ongizatea da lehentasun nagusia. Udalerri erosoa, atsegina, irisgarria eta herritarren beharrei egokitua eraikitzen jarraitzeko dagoena konpondu, hobetu eta mantentzea ezinbestekoa da aipatutako helburu horretan. Horregatik ahalegin hori beti dago presente.

Gizarte-egituratzaileak diren ekimenak

Azpiegituren eraldaketak pertsonen bizitzan eragina badute ere, badira gizarte egituratzaileak diren arloak. Berdintasuna, euskara, gazteria edo hirugarren adina ezinbestean udaleko gainerako arloetan zehar-lerro gisa txertatzen dira.

Hauei arreta berezia eskaintzen zaie egitasmo eta proiektuen bidez (Herrilab, euskal udalekuak, hizkuntza errefortzu zerbitzua, zahartze aktiboa…). Belaunaldien arteko harremana beharrezkoa da etorkizunean geroz eta arazo handiagoa bihurtuko diren bakardadea edo nagusien zaintzari irtenbidea emateko.

Apurka-apurka garai kritiko batetik irteten ari gara, eta gizarte-erronka handiak datoz, beasaindarrek ordea jakin behar dute udal gobernuak baduela hauei aurre egiteko ikuspegia eta gaitasuna.

Konpromisoa oraingo eta etorkizuneko desafioei erantzutea da. Etorkizuneko Beasain pausoz pauso irudikatzen jarraituz, herritarrei entzunez euren beharrak atzeman eta irtenbidea ematen ahalegintzeko.