Udal gobernuak eskuartean dituen ekonomia, enplegu eta industria arloei buruzko proiektu eta asmoen berri eman dio Jaurlaritzako sailburuari alkateak elkarlanerako proposamena luzatuz   

Leire Artolarekin izan da Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren garapen, jasangarritasun eta ingurumen sailburua Beasainen. Alkatearen gonbidapenari erantzunez, udaletxean elkartu dira biak gaur eguerdian. Artolaren helburua Beasaingo udal gobernuak bere ardatz estrategiko garrantzitsutzat izendatuta dauzkan enplegua eta ekonomiari buruzko ekimenak azaldu eta hauek aurrera eraman ahal izateko laguntzen aukerak aztertzea izan dute hizpide. 

Langabezian dauden 529 beasaindarrak Udal gobernuaren kezka nagusia izaki, kopuru hau murrizteko abian jarritako neurriak azaldu dizkio Arantxa Tapiari Leire Artolak. Azken urtean Covid 19ak eragindako kalteei aurre egiteko baliabideez ere hitzegin dute.  

Azaldutako ekimenen artean eta enplegu planari dagokionez, formakuntza espezifikoa bultzatzeko langabetuentzako ikastaroen sustapenaz (Goierri Eskolan ikastaroak) aritu dira. Langabetuen perfilari erreparatuz eta enpresen beharrak zeintzuk diren atzemanda, ikastaroen antolaketa Goierri Eskolaren laguntzarekin egiten dira udalaren finantziazioaren bidez.

Udalerriko enpresei laguntza eskaintzearen inguruan, Berrabiarazi programaren bitartez eta Goiekirekin (Goierriko Garapen Agentzia) elkarlanean, Beasaingo enpresen diagnosia egiteko eta hauen beharrei irtenbidea emateko ekintzak azaldu dizkio Artolak Tapiari, baita horretarako bideratutako laguntzak; hain zuzen ere 2021eko aurrekontuetan udal gobernuak finkatutako 100.000euroko diru-partidaren bidez. Nazioartekotzean eta digitalizazioan gure enpresek eman beharreko urratsetan laguntzea da helburua. Dijitalizazioari dagokionean, enpresa txikienetara iristea da helburua.

Beste hainbat gai eta proposamenen artean, Olaran eraikinak ematen dituen aukerak eta izan dezaken erabilera ere aurkeztu dio Leire Artolak Arantxa Tapiari. Epe motzerako lanketarekin hasteko premia azaldu dute bi aldeek, Olaran erabilgarri izan dadin.