Oposizioko bi taldek aurka bozkatu arren araudiak lagileen eskubide bati erantzunez, lana eta familiaren zaintzan gizon eta emakumeen arteko ardura banaketan aukera berdinak izatea du helburu

Covid-19ak eraginda, Udalak aurtengo aurrekontua egokitu du eta aurreikuspenean izandako zuhurtasunak gastuan murrizketa txikiagoa izatea erraztu du. Udalbatzaren osoko bilkuran, Covid-19ak eragindako kalteei aurre egiteko laguntzak eta Garabiderekin hitzarmena onartu dira, besteak beste

Etxean, familian, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna eta arduren banaketan aukera berdinak izatea du xede kontziliazio erantzunkideak. Helburu honi jarraituz, langile orok duen eskubide bati erantzuten dion proposamena da onartutakoa aurrez aurre burutu den uztaileko udalbatzaren osoko bilkuran. Etxean adineko edo haurren zaintzan laguntzera datorren araudia izango da kontziliazioa ahalbidetuko duena, telelanaren bidez etxetik lan eginez, udal gobernuak aurkeztutako proposamenaren arabera. Etxetik bertatik lanaldi osoa egiteak norberaren bizitza, familia eta lana uztartzea errazten du. Oposizioko taldeek aurka bozkatu dute (EHBildu -5- eta PSE-PSOE -2-) eta gobernu taldearen aldeko bozei esker -10- onartu da proposamena.

Gogora ekarri behar da Beasaingo Udala Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, Herrilab proiektuaren partaide dela Beasain gizon eta emakumeen benetako berdintasuna lortzeko helburuan, kontziliazio erantzunkidea sustatzeko laborategi edo proba leku dela eta prozesu horretan jarraitzen duela. 

Honela bada, kontziliazio erantzunkidea bultzatzeko hartutako konpromisoari erantzuten dio aipatutako lan sistema berri hau ezartzeko araudiaren onespenak. Konfinamenduak utzitako aukera, langileen eskubide bilakatzea eragin du onartutako araudiak. 

Aurrekontuaren egokitzea

Covid-19ak eragindako krisiaren ondorioz ekitaldi honetan sortutako inguruabarrak direla eta, gastua are gehiago murriztu behar izan da. Jarduera ekonomikoa moteltzeak Udal Finantzaketarako Foru Funtsaren kontutik datozen diru sarrrerak %20ko murrizketa izan dute. Hori horrela, Udal gobernuak egindako aurreikuspenean zuhurtziaz jokatu izanari esker, Udalbatza osoaren bilkuran aho batez onartu den aurrekontuaren egokitzapenean %10eko murrizketa egin behar izan du, alegia erdia, ia milio bat euro. Halabaina jaitsiera honek ez du herriko elkarteekin Udalak duen lotura murriztuko ezta herritarrekiko duen harremanean eragingo. Besteak beste udal arduradunek kultur arloko sorkuntzari eutsi nahi izan diote. 

Dirulaguntzak Covid-19aren eraginei aurre egiteko

Era berean, eta koronabirus gaitzak eragindako kalteei aurre egiteko, merkataritza, zerbitzu eta ostalaritza sektoreari Ondasu Higiezinen Zergaren gaineko dirulaguntzen eta Autoeskola eta autobus enpresei trakzio mekanikoko Ibilgailuen gaineko zergan dirulaguntzak emateko oinarriak onartu dira. Honela, 2020ko ordainketari dagokion kopuruan %30 lagunduko zaio merkataritza, zerbitzu eta ostalaritza sektoreari eta %50a emanez Autoeskola eta autobus enpresei. Proposamena aho batez onartua izan da. 

Hizkuntza gutxituen aldeko hitzarmena

Garapen bidean dauden herrien nortasunean laguntzeko eta bidenabar hizkuntza nortasunaren adierazpide nagusiena izanik, udal gobernuak helburu hau bultzaten lan egiten duen Garabide elkartearekin 2017an sinatutako hitzarmena berritzen jarraituko du. Oraingoan, 2020an garatu beharreko proiektuen inguruko elkarlanari buruzkoa onartu da. Herrialde hauetako hizkuntza gutxietuen aldeko konpromisoa berretsiz jarraitzen du Beasaingo Udalak horretarako euskararen alde egindako ibilbidea eta lana eredu jarrita. 

Udal gobernuak garapen bidean dauden herrialdeei laguntzeko bere aurrekontuaren %1aren laurden bat bideratuko du Garabide elkartearekin duen lankidetzara. Onartutakoaren arabera, aurten Yucatango (Mexiko) Maia hizkuntza eta Ekuadorreko Kitxua biziberritzeko proiektuetan lagunduko du Beasaingo Udalak. Hitzarmenaren proposamena udal talde guztiek aho batez onartu zuten.