Helburua ikastetxeetako hezkuntza-komunitateak elkartzea, behar komunak aztertzea eta erantzuna ematen saiatzea da eta Udalak hori guztia babestu eta bideragarri egiten lagunduko du

Elkarlan honetan ekimen bateratuak antolatuko dituzte eta lehena ostegun honetan, ekainaren 13an Mª Luz Guenagak emango duen “Zientzia eta teknologian haziak edo hesiak?” izeneko hitzaldia izango da

Beasaingo guraso zein haur eta gaztetxoei zuzendutako ekimenak modu bateratuan antolatu eta bultzatzeko, Udalak Alkartasuna Lizeoa, Andramendi Ikastola, La Salle ikastetxea eta Murumendi eskolako Haur eta Lehen Hezkuntzako guraso elkarteekin elkarlana hasi du. Epe luzera begira hasitako elkarlana izango da eta helburua herriko ikastetxeetako hezkuntza-komunitateak elkartzea, behar komunak aztertzea eta horiei erantzuna ematen saiatzea da. Udalak hori guztia babestu eta bideragarria egiten lagunduko du.

Elkarlan honen abiapuntua formazioa izango da. Guraso elkarte bakoitzak bere ikastetxean antolatzen duen formazioa zabaldu eta osatze aldera, ekimen bereziak egingo dira herri mailan Haur eta Lehen Hezkuntzan seme-alabak dituzten familientzat. Ikasturte bakoitzean gai bat jorratuko da, gurasoen interesen arabera eta formatu desberdinak erabiliko dira horiek lantzeko: hitzaldiak, zine-forumak, antzerkiak, tailerrak…

Datorren hilabeteetan landuko den gaia “Zientzia eta teknologia haur eta gaztetxoen artean  sustatzea” izango da. Jakina da etorkizuneko gizartean zientzia eta teknologiaren munduak izango duen garrantzia. Horrek guztiak kezkatzen dituelako erabaki dute guraso elkarteek gaiari heltzea eta gurasoekin zein haien seme-alabekin lantzea.

Zientzia eta teknologia haur eta gaztetxoen artean  sustatzeko hitzaldia

Honela bada, ekainaren 13an emango zaio hasiera lanketa honi. “Zientzia eta teknologian haziak edo hesiak?” izenburupean, hitzaldia eskainiko du Deustuko Unibertsitatearen baitan sortutako Inspira STEAM programako buru Mª Luz Guenaga Gómez teknologoak. Zientzia eta teknologia eta haur zein gaztetxoen formakuntzaren inguruan hausnarketa egingo du, txiki-txikitatik bokazio zientifiko eta teknologikoei bide egiteaz arituko da, eta horren inguruan dauden oztopoak aztertuko ditu, batez ere nesken artean.

Hitzaldia Igartzako jauregian izango da, 18:30ean, eta Haur eta Lehen Hezkuntzan seme-alabak dituzten gurasoei zuzenduta dago batez ere. Sarrera dohainik izango da, eta zaintza zerbitzua egongo da –izen-emateak ikastetxeetako guraso elkarteek bideratuko dituzte–.

Mª Luz Guenaga Gomez

Mª Luz Guenaga Gomez Informatika Ingeniaritzan doktorea da (Deustuko Unibertsitatea), eta Deustuko Unibertsitateko Informatika Ingeniaritza eta Telekomunikazio Ingeniaritza Graduetan dihardu irakasle-lanetan. Deustek ikertaldeko kide da, eta Ingeniaritza Fakultateko Deusto Learning Lab ikertaldeko arduraduna. Espezialista da hezkuntza teknologian, erabilerraztasunean eta interakzioan.

Azken urteetan Inspira STEAM proiektuaren arduraduna da, nesken artean zientzia eta teknologiarako bokazioak sustatu nahi dituen proiektu aitzindaria, zeinak sentsibilizazio eta orientazio ekintzak egiten baititu ikerketa, zientzia eta teknologia arloetako emakume profesionalen eskutik (inspirasteam.net).