Yucatan (Mexiko) estatuko hiriburua den Meridako kabildoak, Beasaingo udalak egindako ekarpenekin bultzatutako Maia kultura indartzeko Udal Institutuaren sorrera onartu du

Beasaingo Udalak aurrera daraman hizkuntza politikak eta euskara sustatzearen alde egindako esperientziak, eragina izan dute Yucatan estatuko Merida hiriburuan sortuko den Maia kultura indartzeko Udal Institutuaren sorreran.

Aitor Aldasoro alkateak Yucatan (Mexiko) estatuko hiriburura urrian egindako bisitak, Beasaingo Udalak euskararen sustapenean aurrera eramaten dituen egitasmoak aurkezteko eta modu berean Meridako udalak maia hizkuntzaren alde egiten dituen planei buruzko ezagutza jasotzeko balio izan zuen. Elkar truke hau, Beasaingo Udalak Garabide elkartearekin elkarlanerako duen hitzarmenari esker gertatu zen, euskararen esperientziatik abiatuta hizkuntza gutxiagotuak biziberritu eta bultzatzeko proiektuei babesa ematea oinarri duena.

Aitor Aldasorok Mexikon, Udala hizkuntza politikaren baitan gauzatzen ari den egitasmoei eta esperientziei buruzko xehetasunak aurkeztu zituen. Hala nola, ikastetxeetako ikasleei zuzenduta euskararen erabilera indartzeko zerbitzua, kirolean euskara txertatzeko “Euskara oinarritik kirolean” egitasmoa, “Euskaraldia” kanpaina, euskara udalaren egunerokotasunean txertatzeko plana eta Bikain ziurtagiria lortzeko egindako bidea eta Udalak Garabide elkartearekin duen elkarlanerako hitzarmena, euskararen esperientziatik abiatuta hizkuntza gutxiagotuak biziberritu eta bultzatzeko proiektuei babesa ematea oinarri duena.

Ordezkari Maiak Beasainen

Garabide elkartearekin duen hitzarmenaren baitan, Beasaingo Udalak Aditu formazio ikastaroaren azken bi edizioak babestu ditu.  Ikastaro hau, hizkuntza berreskurapenaren inguruan lanean ari diren herri indigenetako erakundeak indartzera bideratuta dago eta azken edizioan 12 hizkuntza gutxiagotutako 21 aktibista indigenen ordezkariak izan ziren Beasainen, tartean Maiak. Egonaldi hartan, Udal Euskaltegian formazio ikastaroa jaso zuten eta herrian burutzen diren euskararen inguruko ekimenei buruzko informazioa. Hau guztia eta Aitor Aldasorok Meridara egindako bisitak, bertako udal edo kabildoak aho batez Maia kultura indartzeko Udal Institutua sortzeko erabakian eragitea suposatu du. Bertako alkatea den Renán Barreraren iritziz, erakunde honen helburua, maia hiztunen tradizioak, kultura eta hizkuntza gordetzea eta udalerrian euren garapen osoa sustatzea izango da. Agintari mexikarraren iritziz kultura, eskubideen errespetua eta sustapena, justiziarako bidea eta Maia komunitatearen garapen osoa bait daude guztiaren oinarrian.

Albistea Mexikon

alkateameridaAitor Aldasoro Meridara egindako bisitan